Europako Batzordeak argitaratu egin ditu 2013. urtean eginiko animalia jatorrikoak ez diren elikagai eta pentsuen mugako kontrolen emaitzak. Aztertutako 11.808 laginetatik % 4,1ek hautsi egin zuten legerian sartutako parametroren bat. Beraz, eragotzi egin zuten Europako merkatuan sartzea.

Egin ohi diren kontrol arruntez gain, zenbait elikagairi eta pentsuri zaintza handiagoa egin behar zaie, 669/2009 Araudiaren I. eranskinarekin bat etorriz. Araudi horren baitan, aipatu kontrolen hiruhilekoko emaitzen azterketaren arabera eguneratzen den zerrenda dago.

Hartara, 2013ko emaitzen arabera, kontrol unibertsotik kanpo geratu dira hainbat produktu; besteak beste, Egiptoko granadak, Tailandiako Brassica generoko barazkiak, Turkiako tomateak, Azerbaiyango hurrak, jengibrea eta Indiako kurkuma, Indiako eta Indonesiako macisa eta Hego Afrikako kakahueteak.

Bestalde, zaintza gehiago behar duten elikagaien zerrendan sartu dira honako hauek: Afganistango mahaspasak (A okratoxina), Txinako marrubiak (norobirusa eta A hepatitisaren birusa), Sierra Leonako sandiaren haziak (aflatoxinak), Kenyako ilarrak eta lekak, Marokoko menda, Nigeriako babarrun lehorrak eta Vietnametik datozen zenbait belar, espezia eta barazki, horiek guztiak pestiziden hondakinetan duten presentzia dela eta. Brasilgo sandia zerrenda horretan sartu zen 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, Salmonellarekin kutsatuta egon zitekeelako, baina 2013ko urriaren 1ean kendu zuten.

Azkenik, areagotu egin dira Txinako basoko azarako (Brassica oleracea) kontrolak eta murriztu egin da kontrolen maiztasuna Dominikar Errepublikako berenjena eta meloietan, Indiako espezieetan eta Tailandiako berenjenetan, leka luzeetan, albahakan eta martorrian.

Txosten osoa