2018ko EFSAren zientzia-konferentzia: zientzia, elikadura, gizartea
70 herrialde baino gehiagotako elikagaien segurtasunaren eta arriskuen zientzia-ebaluazioaren arloko 1.100 profesional baino gehiago bildu ziren EFSAk Parman egin zuen zientzia-konferentzian, irailaren 18tik 21era. Elika ere bertan izan zen, eta beste 800 pertsonak streaming bidez jarraitu zuten.
“Zientzia, elikadura, gizartea” lelopean, herritarrek zientzian duten konfiantzari, arriskuak ebaluatzeko muga berriei eta arrisku-kudeatzaileek aurretik dituzten erronkei buruz eztabaidatu zuten bertan, betiere egungo gizarte- eta politika-testuingurua kontuan hartuta. Eztabaida horietatik gomendio ugari atera dira, eta ziur elikagaien segurtasunaren arloko hurrengo estrategietan txertatuko direla.
Egungo testuingurua
Azken garaietan, gardentasun-krisia dago, eta herritarrek konfiantza galdu dute, besteak beste Genetikoki Eraldatutako Organismoen inguruko eztabaida politiko eta sozialaren edo glifosatoa bezalako produktu fitosanitarioak baimentzearen ondorioz.
Testuinguru horretan, herritarrek komunitate zientifikoan, administrazioan eta komunikabideetan zuten konfiantza galdu dute. Arriskuen ebaluazioaren independentzia, zientziaren zorroztasuna, erabilitako datuen gardentasuna, zalantzen kudeaketa eta komunikazio egokia, erabakiak hartzeko garaian ager daitezkeen interes-gatazkak, zenbait taldek egiten duten presioa, industriaren interesak eta abar zalantzan jartzen ari dira; horregatik, ezinbestekoa da herritarrek arriskuen analisiaren prozesuan duten konfiantza berreskuratzea.
Nola berreskuratu sinesgarritasuna?
Konferentzian izan ziren eztabaida interesgarrietan argi gelditu zen beharrezkoa zela honako balio hauek berreskuratzea: alderdikeriarik eza, zintzotasuna, gardentasuna, jarrera irekia, inklusibotasuna, konpromisoa, umiltasuna eta lankidetza.
- Arriskuen ebaluazioari dagokionez, ondorioztatu zen ezinbestekoa dela ebaluazioak izaera publikodun ebidentzia zientifiko onena eta berriena oinarri izatea. Gainera, ebaluazioak zalantzak ere kontuan hartu behar ditu, eta arriskuak nahiz onurak aintzat hartu. Horrez gain, bermatu beharko da ez dagoela interes-gatazkarik eta emaitzak modu egoki eta soilean jakinarazten zaizkiela interesdun guztiei. Ikertzaileen arteko lankidetza ezinbestekoa da prozesu osoan.
- Arriskuen kudeaketari dagokionez, arriskuen ebaluazioa kontuan hartzeaz gain, beste faktore batzuk ere aintzat hartu behar dira. Hala, ezinbestekoa da herritarrei modu argian azaltzea hartutako erabakiak eta erabaki horiek hartzeko aintzat hartu diren arrazoiak.
- Arriskuen komunikazioari dagokionez, onartu beharra dago horrek eragin zuzena duela arriskuaren hautematean. Hala, bereziki azpimarratu zen gardentasunaren eta zintzotasunaren garrantzia, informazio guztia modu soil eta ulerterrazean komunikatzearen beharra eta formatu erakargarria eta une egokia baliatzearen garrantzia. Ildo horretatik, adierazi zen zientzialarien ardura zela euren ikerketen emaitzak behar bezala komunikatzea; aldi berean, hedabideen lana da arriskuak modu gardenean komunikatzen laguntzea. Halaber, ingurune digital berria eta komunikatzeko bide berrietara egokitzeko beharra ere aipatu ziren.
Testuinguru horretan, Europako Batzordearen araudi-proposamenari buruz hitz egin zen; araudi horrek arriskuen ebaluazioaren arloko gardentasuna eta independentzia sustatzea du helburu, baita arriskuen komunikazioaren eraginkortasuna hobetzea ere. Horri esker, herritarrek sisteman duten konfiantza areagotu egingo da.
Interesdun guztiak eta, batez ere, gizartea parte sentiaraztea
Interesdun guztien parte-hartzea eta lankidetza, baita sareko lana (networking) ere, etengabe aipatu ziren konferentziako eztabaida ugarietan. Ildo horretatik, elikagaien segurtasunaren arloan lan egiten duten hainbat erakundek interesdunen parte-hartzea lortzeko gauzatutako oso esperientzia positiboak aipatu ziren.
Arriskuen analisiaren prozesu osoan zehar, gizartearen inplikazioak garrantzi handia hartu zuen, ez soilik legeak ezartzen dituen kontsulta publikoetan, baizik eta parte-hartze dinamiko eta aktiboago baten bitartez. Halaber, hedabideekin lankidetza estua izateko beharra ere aipatu zen, arriskuen berri modu gardenagoan eman ahal izateko.
Posterrak
200 posterrak baino gehiago aurkeztu ziren konferentzian. Elikak, Sinergia Value-rekin batera, poster bat aurkeztu du Konpromiso Publikoa atalean. Poster horretan “Euskadin gauzatutako Elikagaien Segurtasuneko Komunikazio Estrategia” azaldu dugu. 124 Poster Zkº
Beste alderdi batzuk
Saio paraleloetan arrisku biologikoen ebaluazioari, substantzia kimikoen arrisku metatuari, ingurumen-arriskuei, klima-aldaketaren eraginari eta elikadura-arriskuei buruz hitz egin zen. Horrez gain, ikerketa epidemiologikoak, biomonitorizazioa eta arriskuen ebaluazioaren arloko iragarpen-tresnak aztertu ziren.
Halaber, ebidentzia zientifikoak kudeatzeko aurrean ditugun erronkak aurkeztu ziren, besteak beste Big Data, estatistiken erabilera hobea, inteligentzia artifiziala, teknologia omikoak eta nanoteknologia. Horri dagokionez, blockchain (bloke-katea) izenekoa konponbide aitzindari eta berritzaile gisa aurkeztu zen, trazabilitatea bermatzeko eta iruzurra murrizteko.
Nutrizioaren atalean, osasuna, ongizatea eta iraunkortasuna xede duten kontsumo-joera berriak aprobetxatzeko aukera aipatu zen; horretarako, osagai naturalak, tokiko produktuak, errezeta sinple eta garbiak, konpromiso soziala eta abar erabil litezke dieta-ereduak aldatzeko.
Egin ziren aurkezpen guztiak eta konferentzia guztien grabazioak laster egongo dira eskuragarri EFSAren webgunean. Horrez gain, eztabaida guztietako ondorioak bilduko dituen txosten bat ere egingo da.