2025eko Eurobarometroa: Europarrek kostua lehenesten dute, baina kezkatuta jarraitzen dute elikagaietako pestizida eta gehigarriekin
Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) argitaratu duen elikagaien segurtasunari buruzko azken Eurobarometro monografikoak adierazi du hamar europarretatik zazpik (% 72) interes pertsonala dutela elikagaien segurtasunean, nahiz eta elikagaien kostuak erosketetan faktore garrantzitsuena izaten jarraitzen duen (% 60).
Ondorio garrantzitsuenen artean, honako hauek azpimarratzen ditugu:
Elikagaiak seguruak direla ziurtzat hartzen dugu
Elikagaien segurtasunari buruzko informazioari jaramonik ez egiteko gehien adierazi den arrazoia da herritarrek ziurtzat hartzen dutela saltzen diren elikagaiak seguruak direla; hala adierazi dute hamar europarretatik lauk (% 41).
Zerk kezkatzen ditu europarrak?
Europarrek adierazi dute kezka nagusia elikagaietan dauden pestiziden hondakinak (% 39), haragian dauden antibiotikoen eta hormonen hondakinak (% 36) eta kontserbagarri eta koloragarriak bezalako gehigarriak (% 35) direla.
Mikroplastikoei lotutako alertak areagotu egin dira, eta % 33ra iritsi dira (4 puntu gehiago 2022. urtearekin alderatuta).
Nola jasotzen dugu informazioa?
Telebistak elikagaien arriskuari buruzko informazioa jasotzeko iturri nagusia izaten jarraitzen du (% 55); hala ere, pisua galdu du sare sozialen aurrean, eragina lortu baitute (4 puntu gehiago 2022. urtearekin alderatuta). Lehen mailako arretako medikuak (% 90) eta erakunde publikoetako zientzialariak (% 84) dira iturri fidagarrienak, politikoak eta hedabide tradizionalak baino askoz gehiago.
Agintariez fidatzen gara elikagaien segurtasunaz ari direnean?
Ez da zuzeneko adierazlea, baina Eurobarometroak adierazi du inkestatutako pertsonen % 78k janaria prestatu edo kontsumitzeko ohiturak aldatuko lituzkeela agintariek elikadura-intoxikazioko agerraldi batean neurriak proposatuz gero.
Europarren eta espainiarren arteko aldeak
Azpimarragarrienen artean:
- Espainiarrak, europarrekin alderatuta, ez daude hain kezkatuta elikagaien segurtasunarekin (% 68, Europako % 72ko batezbestekoaren aurrean).
- Europa-mailan erosteko faktoreen artean prezioa lehenengoa izanik, Espainian faktore horrek are garrantzi handiagoa du (% 64ak kostua lehenesten du, Europako % 60ko batezbestekoaren aurrean).
- Informazio-iturriei dagokienez, estatu espainolean telebista da nagusi (% 63), Europako batezbestekoa baino askoz gehiago (% 55), eta Internetek eta sare sozialek pisu txikiagoa dute Europako batezbestekoarekin alderatuta.
- Europan nahiz estatu-mailan gairik kezkagarriena “pestiziden hondakinak” dira. Hala ere, Europan kezka gehien sortzen duen bigarren gaia “haragian dauden antibiotikoen, hormonen edo esteroideen hondakinak” dira; Espainian, ordea, bigarren kezkarik handiena “Gizakiei eragin ahal dieten animalien gaixotasunak” (zoonosiak) dira, 9 puntuko aldearekin (inkestatutako pertsonen % 30etik % 39ra).
