Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago kaltetutako produktuak merkaturatu izanaren berririk, ezta kaltetutako pertsonaren berririk.

Azken orduko berria

2019ko abuztuak 29, 12:00

AESANek jakinarazi duenez, aurrez jakinarazi gabeko beste produktu batzuk identifikatu dira; hortaz, alerta MAGRUDIS SL enpresak eginiko “LA MECHÁ” MARKAKO PRODUKTU GUZTIETARA zabaldu da, baita Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean (RGSEAA) 10.025920/SE edo 40.057087/SE zenbakia duten identifikazio-markek merkaturatu eta babestutako produktuetara ere.

Abuztuaren 16an, elikagaien segurtasunaren arloko Estatuko agintaritza eskudunak (AESAN) jakin zuen Listeria monocytogenes bakterioak kontaminatutako haragia jatearen ondorioz sortutako zenbait agerraldi izan zirela Andaluzian. Hori horrela, beharrezko neurriak hartu dira kaltetutako produktuak merkatutik kentzeko eta agerraldiaren kausak ikertzeko.

Hasiera batean, jakin genuen agerraldia sorrarazi zuen produktua “Magrudis SL” enpresak egindako “La Mechá” markako haragi urdaiztatua izan zela, “Comercial Martínez León” enpresak merkaturatua. Beranduago jakin dugu, ordea, enpresa bereko beste produktu batzuk ere kaltetuta daudela. Gainera, jakin dugu haragi urdaiztatu hori etiketatzeari buruzko araudia bete gabe merkaturatu dela, marka komertzialik gabe merkaturatu baita.

Produktu gehienak Andaluzian banatu eta merkaturatu dira, eta, neurri txikiagoan, baita autonomia-erkidego hauetan ere: Madril, Extremadura, Katalunia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon eta Kanariak.

Listeriosia EZ da pertsonatik pertsonara kutsatzen. Kontaminatutako elikagaiak janda kutsatzen da batez ere eta amarengandik seme-alabei karenaren bidez edota erditzerakoan.

Arrisku handiko taldeak

Paziente immunodeprimituak

Adinekoak

Bularreko haurrak eta haur txikiak

haurdun dauden emakumeak

Gomendio orokorrak

  • Ondo etiketatutako produktuak bakarrik erosi. Haragi-produktuen etiketek marka obal bat izan behar dute, zeinetan produktua merkaturatzeaz arduratu den establezimenduaren osasun-erregistroaren zenbakia (RGSEAA) agertzen baita.
  • Etxean “La Mechá” markako produkturen bat dutenek, ez dute kontsumitu behar, eta dagoeneko kontsumitu badute eta sintomaren bat badute, osasun-zentro batera jo behar dute.
  • Haurdun dauden emakumeek erreferentziazko informazio ofiziala kontsultatu behar dute, edo osasun-arloko profesionalei galdetu.
  • Etxeetan, garrantzitsua da kutsadura gurutzatua saihestea. Horretarako, beste elikagai batzuk uki ditzaketen gainazalak eta tresnak ondo garbitu eta erabili behar dira.

Informazio gehiago

ELIKAren elikagaien segurtasunari buruzko atalean, agente kimiko eta biologikoei loturiko arriskuen fitxa teknikoak aurki daitezke. Fitxa horien artean dago, besteak beste, Listeriari buruzkoa:

Horrez gain, infogramak eta fitxa teknikoen laburpenak ere ikus daitezke; besteak beste, Listeriarena: