EFSAk berriro ebaluatu du lau substantzia perfluoralkilatu (PFAS) garrantzitsuenek giza osasunarentzat duten arriskua; hauek dira: azido perfluoroktanoikoa (PFOA), perfluoroktano sulfatoa (PFOS), azido perfluorononanoikoa (PFNA) eta azido sulfoniko perfluorohexanoa (PFHxS).

EFSAren 2018ko aurreko ebaluazioan ez bezala, CONTAM panelak ebaluazio berri hau egitea erabaki du lau PFASen (PFOA, PFNA, PFHxS eta PFOS) batuketa aintzat hartuta. Izan ere, antzeko efektuak dituzte denek animaliengan, haien toxikozinetika antzekoa da eta gizakiei eginiko azterketa klinikoetan hautemandako kontzentrazioek hala iradokitzen dute.

Zer dira PFASak?

PFASak edo substantzia perfluoralkilatuak 40. hamarkadara arte naturan ez zeuden konposatuen multzo zabala dira (4.700 inguru). Garai horretan, askotariko aplikazio industrialetan eta etxeko kontsumokoetan erabiltzen hasi ziren.

Egonkortasun kimiko eta termiko handia eta gainazaleko jarduera altua dutenez, erabilera asko izan dituzte: ehun eta moketetan orbanak kentzeko estalduretatik elikagaiekin kontaktuan egon daitezkeen paperezko produktuak egiteko estaldura lipofobikoetara arte.

PFAS horiek kutsatzaile organiko iraunkortzat (KOI) jotzen dira –edo POP (Persistent Organic Pollutants)–.

Elikagaiekiko esposizioa

BMko (beheko muga) batez besteko esposizioa nerabe eta helduengan 3-22 ng/gorputzeko pisuaren kg/aste balioetan zenbatetsi da (95eko pertzentila 9tik 70 ng/kg artekoa da). 1-10 urte bitarteko haurren taldean bi aldiz altuagoa den esposizioa erregistratu da.

Arrain-haragia”, “Frutak eta fruta-produktuak” eta “Arrautzak eta arrautza-produktuak” dira esposizio hori gehien bultzatzen duten elikagaien taldeak.

Erreferentzia-mailak

EFSAk honako Asteko Ingestio Toleragarri (AIT) hau ezarri zuen 2018an: 13 ng/gorputzeko pisuaren kg/aste PFOSrako, eta 6 ng/kg PFOArako. Baina balio horiek zaharkituta geratu dira ebaluazio berriarekin. Izan ere, taldeko (PFOA, PFNA, PFHxS eta PFOS) AIT hau balioetsi da: 4,4 ng/gorputzeko pisuaren kg/aste. Hemendik aurrera, azken hori hartuko da erreferentzia gisa.

Taldeko (PFOA, PFNA, PFHxS eta PFOS)

Asteko Ingestio Toleragarri (AIT)

4,4 ng/gorputzeko pisuaren kg/aste da

ONDORIOAK

Animalia eta gizakiengan eginiko ikerketak aintzat hartuta, immunitate-sistemaren gaineko efektuak jo ziren garrantzitsuenekotzat arriskuen ebaluazio honetan. Substantzia horien efektu metagarria aintzat hartuta, AITa 4,4 ng/gorputzeko pisuaren kg balioan ezarri da, gizakiengan hautemandako beste efektu negatibo batzuetatik ere babesteko.

Horiek horrela, gizakiekin eginiko ikerketetako esposizioak eta kontzentrazio serologikoak baloratu ondoren, CONTAM panelak ondorioztatu du Europako biztanleriaren zati batek gainditu egiten duela proposatutako AITa, eta hori kezkatzekoa da.