EFSAk elikagaien krisiak prestatzeko lantegi bat antolatu du, eta horretako ziazerben kadmio bidezko kutsadura kimikoa simulatu du. Lantegian krisia ebaluatzeko eta kudeatzeko EFSAn eskuragarri dauden tresnei buruzko informazioa eskaini zen eta arriskuak jakinarazteko komunikazioaren inguruan esperimentatu zen. Arriskuen analisian aurrera egiten jarraitzeko emaitza interesgarriak eta hobekuntzak lortu ziren.

Honako hauek izan ziren lantegiaren helburuak:

  • Elikagaien krisiari erantzuterakoan lankidetza hobetzea.
  • Elikagaien krisiari erantzutean partaide bakoitzaren banakako rola ulertzea.
  • EFSAren tresnen helburua ulertzea krisia ebaluatzeko eta kudeatzeko.
  • Arriskuak jakinarazteari buruz esperimentatzea eta ikastea.

 

Partaideek praktikan jarri ahal izan zuten krisiak ebaluatzeko eta kudeatzeko EFSAn eskura dauden tresnen erabilera, Europako Agentziako adituen gidaritzapean. Honako tresna hauek erabili ziren: esposizio kimikoaren ebaluazio azkarra (RACE), Elikagaien eta Pentsuen Alerten Sistema Azkarra (RASFF) eta arrisku kimikoei buruzko datu-basea (OpenFoodTox).

 

Simulazio-jarduera bukatu ondoren, ikasbide nagusiak jaso ziren eta gomendio praktikoak eman ziren arriskuen ebaluazioa, EFSAren tresnak, arriskuen jakinarazpena eta lankidetza hobetzeko. Hona hemen gomendioetako batzuk:

Arriskuen ebaluazioa

  • EFSAk 2009an kadmioari buruz emandako aburu zientifikoa eguneratzea.
  • Elikagaien kontsumoari buruzko datu-base osoa eguneratzea, EBko nutrizio-ohituretan aldaketak sartzeko.
  • Herrialde sorta zabalago baten eta biztanleriaren azpitalde gehiagoren kontsumo-datuak ematea.

EFSAren tresnak

  • RACE tresnarako sarbidea erraztea, sinplifikatzea eta bilaketa funtzionaltasunak hobetzea.
  • FoodEx2 sailkapenari buruzko orientazioa erraztea eta ikertzen ari diren produktuen eta tresnan eskuragarri daudenen arteko elkarrekikotasunari buruzkoa ere bai.
  • Erreferentziazko maila toxikologikoak OpenfoodToxetik zuzenean RACE tresnara sartzea kontuan izatea.

Jakinarazpena

  • RASFFen kanal informalak gaitzea kontuan izatea, agintari eskudunen artean zuzeneko eztabaida ahalbidetzeko.
  • Arriskuak ebaluatzeko langileentzako gaikuntza-jarduerak egitea, gorabehera bati erantzutean komunikazio eraginkorragoa lortzeko, nahiz ebidentzia zientifikoa emateko nahiz sor daitezken galdera konplexuak identifikatzeko.

Lankidetza

  • EFSAren harremanetarako puntuen sareari buruzko informazioa webgunean jartzea eta elikagaien krisietako partaide guztiek ezagutzen dutela egiaztatzea.
  • Herrialde guztien proaktibotasun handiagoa dagoeneko badauden kanalen bidezko komunikazioan, krisi bati aurre egiteko planifikazioan laguntzeko.
  • Krisien liderren izenak aipatzen diren krisi-planak idaztea, eta taldekideen zereginak argitzea gorabehera baten hasieran.