Abrikot-aleen eratorriak kontsumitzearen arriskua – EFSA 2016
EFSAk berriki argitaratu du abrikot-aleetako eta aleokin eginiko produktuetako glukosido zianuronikoek giza osasunari zer arrisku dakarzkioten ebaluatzen duen zientzia-iritzi bat.
Abrikot-aleak eta horiek haziak, baita hezurrak ere, sarri erabiltzen dira edari alkoholdunak, olioak, aromatizatzaileak, fruta hezurdunen zukuak, mazapana, pastelak, gailetak eta gozokiak egiteko.
Amigdalina da abrikot-aleetako glukosido zianuriko nagusia, eta degradatu egiten da, zianuro bihurtuz, mastekatzean edo xehatzean. Zianuroak toxikotasun akutu handia du gizakiongan; izan ere, bizkor-bizkor xurgatzen da, eta, horren ondorioz, minutu gutxian maila gorenak hartzen ditu odolean, eta organo guztietara banatzen da. Zianuroaren dosi hilgarria gorputz-pisuaren kg bakoitzeko 0,5-3,5 mg-koa da.
EFSAren azterlan horretan, gorputz-pisuaren kg bakoitzeko 20 mg-ko erreferentziazko dosi akutua (EDA) kalkulatu da; horretarako, aintzat hartu da odoleko 20 µmol (M) zianuro‑mailarekin lotutako gorputz-pisuaren kg bakoitzeko 0,105 mg-rako esposizioa. Halaber, 1,5eko ziurgabetasun-faktorea aplikatu da toxikozinetikarako, eta 3,16koa pertsonen arteko toxikodinamikarako.
Ez dagoenez abrikot-aleen eta haien eratorrien kontsumoaren gaineko datu nahikorik, gizatalde jakin batzuei gomendaturiko ahorakinaren datuak hartu dira erreferentzia gisa (10 ale egunean oro har biztanle guztientzat, eta 60 ale egunean minbizia dutenentzat). Hori horrela, esposizioek 17-413 alditan gainditzen dute EDA haur txikietan, eta 3-71 alditan helduetan.
Hori dela eta, ondorioztatu da haurrek gehienez 0,06 gramo eta helduek 0,37 gramo abrikot-ale kontsumitu behar dutela, gutxi gorabehera, erreferentziazko dosi akutua (EDA) ez gainditzeko. Horrenbestez, haurrek, ale txiki bat kontsumituz gero, gainditu egingo dute EDA, eta helduek, berriz, asko jota hiru ale txiki jan ditzakete, baina handirik ez; izan ere, helduek, ale handi baten erdia baino gutxiago kontsumituz gero, EDA gaindi dezakete.
Ebaluazio hau ziurgabetasun handikotzat jo dute; hortaz, litekeena da arriskua gehiegizkotzat jo izana. Beharrezkoa da, beraz, informazio gehiago lortzea:
- Abrikot-aleen eta haien eratorrien eta horiekin egindako produktuen kontsumoari buruzko datuak.
- Ale “gozoak” eta “mikatzak” zein diren argi bereiztea, eta konposizio desberdina duten egiaztatzea.
- Abrikot-ale integraletan eta haien eratorrietan dagoen zianuro-kontzentrazioari buruzko datuak.
- Azala kentzeak eta beste prozesatze-modu batzuek zianuro-edukian duten eragina.
EFSAren zientzia-irizpena: abrikot-hezurren arriskua