Bizimodu osasungarria izateko gomendioak direla eta, gora egin du fruten eta barazkien kontsumoak Estatu Batuetan eta Europar Batasunean. Era berean, ikusi da elikagai horiek sortutako gaixotasun-tasa altua dela oraindik ere bi kontinenteetan, eta horrek arazo handia dakar osasun publikoaren eta ekonomiaren aldetik.

Hori dela eta, Sevillako eta Chileko unibertsitateek ikerketa bat egin dute 2004-2012 urteetan zehar, AEBetan eta Europar Batasunean frutak eta barazkiak kontsumitzeak eragindako toxiinfekzio-agerraldien joerei eta jatorriei buruz.

Ikerketa hori egiteko, AEBetako datuak CDCtik (Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Zentroa) atera dituzte, eta EBkoak, EFSAtik. Erabilitako metodoa (MCA- Korrespondentzia anitzen analisia) errazte eta sinplifikatze aldera, elikagai freskoak hainbat kategoriatan banatu dituzte: entsaladak, hosto berdeko barazkiak, tomatea, beste barazki batzuk, azak, baiak, meloia eta sandia, fruten zukuak eta beste fruta batzuk.

Ondorioen artean, frogatu da Norobirusak sortzen dituela elikagai freskoekin lotutako gaixotasun gehienak, eta horren ondoren, Salmonellak. Norobirusa entsaladak kontsumitzearekin dago lotuta, batez ere, Estatu Batuetan, eta baiak kontsumitzearekin Europar Batasunean.

Halaber, ikusi da Salmonella dela AEBetako estatu askotako gaixotasunen jatorri nagusia, bai eta azak kontsumitzeari lotutako gaixotasun gehienetan agertzen den patogenoa ere, hala AEBetan nola EBn. Nolanahi ere, Salmonellari lotutako gaixotasun-agerraldiak murriztu egin dira EBn 2004. urteaz geroztik. AEBetan, berriz, igo egin dira.

Elikagai freskoei lotutako gaixotasun-agerraldiak AEBetan eta EBn