Arriskuak Balioztatzeko Alemaniako Institutuak (BfR) azterlan bat egin du esnera, arrautzetara, haragira eta erraietara igarotzen diren aflatoxinen inguruan. Bertan ondorioztatu du aukera gutxi dagoela produktu horien bidez kontsumitzaile zein animalien osasunerako arriskuak eragiteko.

Azterlan hori egin da orain dela gutxi esne-enpresa batean eginiko ohiko kontroletan atzeman delako behi-esneko M1 aflatoxinaren kontzentrazioa zertxobait handitu dela. Horrek pentsaraz dezake animaliek hartzen duten dietan aflatoxina-kopurua handitu egin dela; izan ere, aflatoxina horiek gibelean metabolizatu eta, esnean, beste metabolito batzuen artean, M1 aflatoxina gisa ager daitezke.

Azterlanean esneko M1 aflatoxinako kontzentrazioak zenbatetsi dira arto-bazkan dauden B1 aflatoxinaren balizko zenbait kontzentraziotan, eta ondorioztatu da esneak Europak ezarritako gehienezko muga gainditzeko, arto-kopuruak dietaren % 40koa izan behar duela, transferentzia-tasa % 0,1 izanik.

BfRk, halaber, zenbatetsi egin du haragiak, arrautzek eta erraiek aflatoxina-kontzentrazioaren gorakada izan dezaketen, eta ondorioztatu da produktu horiek kontsumitzeak kontsumitzaileen osasunean arriskuak eragiteko aukera gutxi dagoela, baita animaliak aflatoxina-kontzentrazio handiko bazkaz elikatzen direnean ere.

Azkenik, azterlanak animalien osasunean izan ditzakeen ondorio kronikoak ere aztertu eta ondorioztatzen du aukera gutxiago dagoela 200 µg/bazka kg kopuruak inolako ondoriorik izateko animalien osasunean.

Txosten osoa