EFSAren Sor Litezkeen Arriskuen Unitateak sor litezkeen gaixotasun gisa identifikatu zituen, klima aldaketa dela eta, zerealetan mikotoxinen kutsadura-ereduen aldaketak. Tenperaturak gora egin duenez eta euri gutxiago egiten duenez, mikotoxina sortzen duten onddoek hazteko baldintza egokiagoak aurkitzen dituzte lehen halakorik ez zuten eremuetan.

Hori dela eta, EFSAk eredu bat eskatu zuen, aflatoxinen kutsadura posiblea aurreikusteko Europako garian, artoan eta arrozean. Argitaratu berri duen lan horretan, Aspergillus onddoaren hazkuntzan eta jarduera metabolikoan eta uzten fenologian eragina duten faktore ekologikoak aztertu zituzten, bai eta klima-aldaketaren eta meteorologiaren gertalekuak ere.

Informazio horrekin eta uztetan atzemandako aflatoxinen mailari buruzko datuekin, hainbat mapa egin dituzte Aspergillus flavus onddoaren hazkuntza te F1 Aflatoxinaren ekoizpena iragartzeko, klima-aldaketaren zenbait egoera aintzat hartuta. Aurreikuspenek egiaztatu egiten dute artoa dela labore kezkagarriena, Europako zenbait lurraldetan behintzat; izan ere, gizakiek zein animaliek izan dezakete Aflatoxinekiko esposizio-maila altua. Gariari dagokionez, arriskua hutsala da, eta arrozaren kasuan ez dago arriskurik.

Zehazki, honako hauek dira arriskuen aurreikuspenak eskualdeen arabera:

  • Aflatoxinen arriskua handia izango da Europako hegoaldeko herrialdeetan. Herrialde horiek gaur egun ez daude artoa ekoitzi ohi duten eremuen artean (Espainiako erdialdea eta hegoaldea, Italia, Grezia, Portugaleko iparraldea eta hego-ekialdea, Bulgaria, Albania eta Txipre).
  • Aflatoxinen arriskua txikia edo ertaina izango da artoa ekoitzi ohi duten lau eremu nagusietan (Errumania, Frantzia, Hungaria eta Italiako ipar-ekialdea. Horietan, Europa osatzen duten 27 herrialdeetako ekoizpenaren % 73 produzitzen dute.)
  • Aflatoxinen arriskua txikia izango da Europako iparraldeko herrialdeetan; izan ere, gaur egungo klima dela eta, eremu seguruan daude Aflatoxinen arriskuari dagokionez.
  • Arriskua oso txikia izango da Europa osoan gariari eta arrozari dagokienez.

Halaber, aurreikuspenek adierazten dute aintzat hartutako uzta guztiak lehenago loratuko direla, eta, ondorioz, murriztu egingo direla denboraldiak. Horrek Europako iparraldean uztak handitzea ekarriko luke, batik bat, arroz- eta arto-eremuetan, ontze goiztiarraren ondorioz.

Artikulu osoa