FSAk aztertu egin ditu Akrilamida eta Furano mailak 10 elikagai-taldetako 500 laginetan baino gehiagotan, 2011-2013 urteetan, Europako Batzordearen aholkuari jarraikiz (2010/307 Aholkua). Bada, emaitzen azterketak ez du prozesuaren kutsatzaile bi horien esposizioaren ebaluazioa aldatzen (FSAk egin zuen aldez aurretik); beraz, Agentziak ez ditu aldatu herritarrentzako kontsumo-aholkuak.

AKRILAMIDA

FSAk Erresuma Batuko salmenta-guneetan 2011-2013 bitartean hartutako 544 elikagai-lagin aztertu ditu, eta ikusi da Akrilamida mailen joera beheranzkoa dela patata frijituetan, patataz eginiko snacketan, etxean frijitzeko patata frijitu izoztuetan, galletetan, kafean eta aldez aurretik kuzinatutako produktuetan.

Alabaina, haurrentzako prestakinetan (laborez eginikoetan) atzemandako joera ez dago argi: 2012ra bitartean areagotu egin da, eta 2013an murriztu. Maila horiek legea haustea eta osasunerako inolako arriskurik ez dakarten arren, FSAk sendotu egin du elikagai-talde horren inguruko zaintza 2014-2018 aldirako, eta horrela egokitu egin da Batzordearen aholkuaren aldaketara (2013/647 Aholkua).

FURANOAK

Konposatu hau elikagaiak prozesatzean sortzen da, azukreen degradazio termikoaren, gantz-azido poliinsaturatuak oxidatzearen eta/edo azido askorbikoa (C bitamina) deskonposatzearen ondorioz. FSAk elikagaien 266 lagin aztertu ditu, baina ez da giza osasunerako kezkarik eragin dezakeen mailarik aurkitu.

Azterlan hau baliagarri zaio Agentziari, Britainia Handiko herritarrei eragiten dieten bi kutsatzaile horien mailak ezagutzeko. Halaber, azterlanaren emaitza guztiak EFSAra igorriko dira, joerak aztertu eta hurrengo arrisku-ebaluazioetan erabil ditzan.

Akrilamida eta Furano mailak Erresuma Batuko elikagaietan

FSAren aholkuak Akrilamidarako