Kontsumitzaileei alga lehorren kontsumoari eta algak dituzten produktuei buruz ematen zaizkien aholkuak eguneratzeko, Australiako eta Zeelanda Berriko Elikagaien Segurtasunerako Agentziak (FSANZ) berriz zenbatetsi du produktu horien kontsumoak dakarren artseniko inorganikoaren ingesta dietetikoa.

Horretarako, itsasoko hainbat alga motak duten artseniko inorganikoaren maila kontrolatu dute, eta aztertutako lagun guztietan artseniko inorganikoaren maila legeak ezarritako mugaren (1 mg/kg) azpitik egon da, salbuespen bakar batekin: hijiki algen lagina. Alga nabar hori bermineralizatzaile natural gisa erabiltzen da, iodo eta burdina asko, eta propietate antioxidatzaileak dituelako. Oro har, arroz eta sopekin kontsumitzen da. Australian arrisku handiko elikagaitzat jotzen da; beraz, inportatutako partiden % 100 ikuskatzen dira, eta artseniko inorganikoa aztertzen da.

Azterlan honen emaitzei jarraiki, dieta bidezko artseniko inorganikoarekiko esposizio osoa zenbatetsi zen: txikia da, herritarrek gutxitan kontsumitzen dituztelako era horretako produktuak. Alabaina, dietako beste iturri batzuen bidez artsenikoarekiko esposizio-maila handiagoa duten herritar-taldeek edo norbanakoek, hijiki algak maiz kontsumitzen badituzte, jakin egin behar dute kontsumo horrek arrisku handiagoa sor dezakeela eurengan gainerako herritarrengan baino.

Emaitza horiek oinarri gisa hartuta, FSANZek berrikusi eta eguneratu egin du kontsumitzaileentzako itsas algei buruzko informazio-fitxa. Halaber, nabarmendu egin du hijiki alga asko eta artsenikoa eduki dezaketen beste elikagai batzuk (mariskoa eta arroza, esate baterako) kontsumitzen dituzten pertsonen artean sortzen den arriskua.

As mailei buruzko azterlana

As-ari buruzko aholkuen berrikuspena