Holandako Osasun Publikoko eta Ingurumeneko Institutu Nazionalak (RIVM) ebaluazio bat egin du Holandako herritarrentzat garrantzitsuak diren iturri guztietako aluminioarekiko esposizio osoari buruz, eta ondorioztatu du ez dagoela inolako arriskurik pertsonen osasunerako.

Esposizioa

Pertsonek hainbat iturriren bidez izaten dute aluminioarekiko esposizioa; besteak beste: elikagai batzuk, norbera zaintzeko produktuak, garbiketa-agenteak, lur-partikulak eta etxeko hautsa. Txerto eta sendagai batzuek ere badute metal hori, esate baterako hainbat antiazidok.

 

Herritarrek elikagaiak eta ura kontsumitzean iresten dute aluminio-kopuru handiena, eta, nahiz eta zati bat iraitzi egiten den, kopuru txiki bat organismoan metatu daiteke eta epe luzera hezurretako lesioak eragin.

 

Aluminioa lurzoruan egoten da normalean, eta kultiboek xurgatu egiten dute; hortaz, ohikoa izaten da aluminioa aurkitzea labore, barazki, kakao eta txokolate-produktuetan. Aluminio-maila baxua izaten da fruta eta haragi- zein arrain-produktuetan. Bularreko haurrentzako formula eta elikagaiek aluminio-maila handi samarrak izaten dituzte batzuetan.

 

RIVMk zenbatetsi du elikagai, lur, kontsumorako produktu, norbera zaintzeko produktu eta garbiketa-agenteen aluminioarekiko esposizio osoa osasunerako erreferentziazko balorearen azpitik dagoela.

Gomendioak

Nolanahi ere, eta arriskua duten herritarren ingestio-mailak murrizteko, RIVMek gomendio hauek ematen ditu:

 

  • Ahalik eta baxuen mantentzea aluminio-kopurua bularreko haurrentzako formula eta elikagaietan.
  • Ez erabiltzea epe luzean aluminioa duten antiazidoak eta epe luzean ez erabiltzeko aholkua gehitzea sendagai horiei pazienteentzako informazio-liburuxkan.
  • Ez kontsumitzea hesteak garbitzeko buztinez egindako elikadura-osagarri gehiegi, batez ere haurdun dauden emakumeek. Horiei gomendatzen zaie ez erabiltzeko produktu horiek goizeko goragalea arintzeko.