Amaierako txostena: Elikagaiek sor litzaketen arriskuei buruz antolatutako zientzia – EFSA 2011
Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentziak (EFSA) argitaratu egin ditu “Elikagaiek sor litzaketen Arriskuak – Identifikatzetik komunikatzera" 15. zientzia-hitzaldiaren ondorioak. Hitzaldia 2010eko urrian egin zen, eta ELIKA (Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa) gonbidatu zuten parte hartzera; izan ere, ELIKAk ezagutza eta eskarmentu handia du Arriskuen Identifikazioan.
Jarraian, oso laburki adierazten dira sor litezkeen arriskuen arloan eztabaidatu ziren alderdi nagusien ondorioak:
- Metodologia: Sor litezkeen Arriskuen Identifikaziorako printzipio eta metodoak estandarizatu egin dira Europan, “Foresight” prozesuaren bidez. Prozesu igarle horrek bere baitan biltzen du adimen-jarduera ugari, arriskuen kudeatzaileek etorkizuna antzeman dezaten.
- Datuen iturriak: Lehenik eta behin, datuak bildu eta monitorizatu egin behar dira substantzia kimikoek, mikroorganismoek eta abere, landare eta giza osasun arloek eragin litzaketen arrisku guztiak. Arriskuak identifikatu ostean, ezinbestekoa da datuak batzea eta joerak aztertzea. Horretarako, elikakateko alde interesatuen laguntza behar da, eskualde, nazio zein nazioarteko mailan. Datuak biltzeko estrategiei dagokienez, adituek gomendatu zuten, batetik, alde anitzeko hitzarmenak ezarri behar direla agentzien artean; bestetik, web-scanning tresnak garatu behar direla; eta, azkenik, sor litezkeen Arriskuen Identifikaziorako berariazko ikerketa-programak definitu behar direla.
- Sor litezkeen Arriskuen Europako Sarea: Sare horren erronka da terminologia eta prozedurak batzea eskualde, nazio zein nazioarteko erakundeetako adituen artean. Izan ere, horiek dute sor litezkeen arriskuei buruzko informazio nagusia eta prest daude informazioa modu gardenean eta unean bertan partekatzeko. Komunikazio eta sareak eratzea oinarrizkoak dira, ahaleginak ez bikoizteko.
- Arriskuak Jakinaraztea: Ezinbestekoa da terminologia egokia erabiltzea eta komunikatu beharreko Arrisku Emergenteak arreta handiz hautatzea. Horrela, saihestu egingo baita arriskuen kudeatzaileek informazio gehiegi jasotzea. Mezuak argi, motz eta zehatza izan behar du. Arriskuen Kudeaketaren ikuspegitik, aurreikuspena da Sor Litezkeen Arriskuen Identifikaziorako prozeduraren helburu nagusia, betiere herritarren artean bidegabeko igurikimenak edo alarmak sortzen ez badira.
- Aldaketarako funtsezko faktoreak: Behar-beharrezkoa da sor litekeen arriskuaren larritasuna areagotu edo txikitu egin dezaketen faktoreak, elikakatetik kanpokoak, definitzea. Faktore horien maiztasuna eta garrantzia aintzat hartuta, globalizazioa eta klima aldaketa jo zituzten faktore nagusitzat.
Hitzaldian parte hartu zutenek adierazi zuten EFSA dela erakunde arduraduna, Sor litezkeen Arriskuen Identifikaziorako prozedurak garatzeko eta koordinatzeko.
EFSAren zientzia-hitzaldiari buruzko txostena