Antibiotikoen aurkako erresistentzia bakterio zoonotikoetan, 2015
EFSAk eta ECDCk bakterio zoonotiko jakin batzuen antibiotikoen aurkako erresistentziei buruzko urteko txostena argitaratu dute; bakterio horiek dira Salmonella, Campylobacter eta Escherichia coli.
Honako hauek izan dira azterlanaren ondorio nagusiak:
Salmonella eta E. coli
Gizentzeko txerrietan eta urtebete baino gutxiagoko txahaletan hartutako Salmonella eta E. coli laginetan, kasu askotan ikusi ziren anpizilina, tetraziklina eta sulfonamidekiko erresistentziak. Aldiz, ez ziren hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistentzien kasu asko agertu.
Lehen aldiz aztertu da espektro zabaleko betalaktamasa/AmpC/karbapenemasarekiko erresistentzia Salmonella eta E. coli bakterioetan, honako kasu hauetan: 1) Salmonella gizakietan, 2) Txerri- eta txahal-haragian, 3) Gizentzeko txerrietan eta txahaletan. Erresistentzia mota horretan aldakortasun handia ikusi zen estatu kideen artean, eta E. coli lagin erresistente bakarra aurkitu zen txerri-haragian, eta beste bakar bat gizentzeko txerrietan.
Ikusi zen Salmonella eta E. coli bakterioek kolistinarekiko erresistentzia-maila baxuak zituztela gizentzeko txerrietan eta urtebete baino gutxiagoko txahaletan, baita horien haragietan ere.
Gizakien kasuan, Salmonella lagin askok anpizilina, sulfonamida eta tetraziklinekiko erresistentzia agertu zuten; aldiz, hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistentzia txikia izan zen.
Campylobacter
Gizakietan, Campylobacter isolatuaren laginen ehuneko handi bat ziprofloxazino eta tetraziklinekiko erresistenteak zirela ikusi zen, batez ere C. coliaren kasuan. Herrialde batzuetan, gizakiengandik hartutako laginen % 33 eta % 50 artean eritromizinarekiko erresistenteak ere baziren. Horrek esan nahi du bakterio horrek eragindako infekzio larriak tratatzeko aukera terapeutiko gutxi daudela.
Gizentzeko txerrietan, laginen ehuneko handi bat ziprofloxazino eta tetraziklinekiko erresistenteak zirela ikusi zen; eritromizinarekiko erresistentziaren mailak, aldiz, askoz ere baxuagoak izan ziren.
Erresistentzia anitzen kasuak
Ez ziren askotan detektatu garrantzi terapeutiko handiko antibiotikoekiko erresistentzia anitzak, ez gizakien ez animalien kasuan.