ANSES agentziak Frantzian antibiotikoen erabilera murrizteko ECOANTIBIO 2012-2016 planaren emaitzak aurkeztu ditu. Emaitza horietan ikus daiteke 2012-2016 aldian % 37ko beherakada egon dela animalien antibiotikoekiko esposizioan. Hasiera batean ezarritako helburua % 25ekoa zen; beraz, nabarmen gainditu da.

Beherakada hori are handiagoa izan da antibiotiko kritikoen kasuan; zehazki, % 75 murriztu da esposizioa fluorokinolonen kasuan, eta % 81 zefalosporinetan. ANSESek nabarmendu du emaitza on horiek lortu direla alderdi interesdun guztien, publiko nahiz pribatuen, mobilizazioari eta konpromisoari esker; nagusiki, albaitarien ahaleginari esker.

Zenbakiez harago, planak albaitari eta hazleek prestakuntza jasotzea ahalbidetu du, baita komunikazio-kanpainak egitea ere, ustiategietako langileei eta maskoten jabeei bereziki zuzenduak.

Bigarren planaren (ECOANTIBIO 2017-2021) helburua izango da epe luzera emaitza on horiei eustea, eta dinamika positibo eta arduratsu hori indartzea. Hori dela eta, hazle eta albaitariei zuzendutako komunikazio-kanpaina bat atera da berriki, mezu honekin: “Antibiotikoak bai, baina behar direnean”.

Frantziak, mikrobioen aurkako botikei aurre egitea mundu-mailako osasun publikoaren erronka handietako bat dela jakinik, Europako agintaritzei eskatu die Europar Batasunean hartutako neurriak, animaliekin antibiotikoak zuhurtasunez erabiltzekoak, ezar dakizkiela Europara inportatzen diren salgaiei ere.