Antimikrobianoen aurkako erresistentzia: Europako «Osasun bakarra» ekintza-plan berria
Ekintza-plan berri honek «Osasun bakarra» delako planteamendu integrala hartzen du abiapuntutzat, eta osasunaren arazoari hala ikuspuntu medikotik nola albaitaritzaren ikuspuntutik heltzen dio.
Planeko jarraibideak eragile guztiei begira prestatu dira: medikuak, erizainak, farmazialariak, ospitaleko administrariak eta albaitariak.
Planak hirurogeita hamabost ekintza baino gehiago jasotzen ditu, hiru esparru hauetan oinarrituak:
1.
EB «jardunbide onen eskualde» bilakatzea
Koordinazioa eta ikuskapena hobetzeko jarduerak eta kontrol-neurri hobeak ezarriko dira, antimikrobianoekiko erresistentziaren kontrako borrokarekin lotutako ekintza-plan nazionalak modu koordinatuan aplikatze aldera. Ekintza-plana handituko da: ingurumen-alderdiak sartuko dira antimikrobianoen kontrako erresistentzia agerrarazten eta hedatzen duten eragile nagusi gisa.
2.
Ikerkuntza, garapena eta berrikuntza sustatzea
Oinarri honetako ekintzen bidez, ikerkuntza eta berrikuntza sustatu nahi dira, eta antimikrobianoekiko erresistentziari aurre egiteko oinarri zientifikoko politikak eta neurri juridikoak ezarri. Horrez gain, ezagutzaren hutsuneak kendu nahi dira; besteak beste, erresistentziak ingurumenean dituen ondorioak. Arreta berezia jarriko zaio OMEk emandako patogenoen lehentasun-zerrendari, baita tuberkulosiari, GIB/hiesari, paludismoari eta aintzat hartu gabeko gaixotasun infekziosoei ere.
Finantzaketaren eta elkarte-programen bidez, infekzioen gaineko kontrol eta zaintza eraginkorrari lotutako ezagutza hobetzeko ahalegina egingo da, diagnosi-metodo berriak aplikatuz eta beste tratamendu eta prebentzio-txerto batzuk asmatuz.
3.
Munduko agenda taxutzea
EBk erakunde multilateralekiko konpromisoa eta lankidetza indartuko du, eta lan handiagoa egingo du garapen-bidean dauden herrialde kaltetuenekin.
Ikerkuntzaren arloan, EBk eskala handiko nazioarteko proiektuak landuko ditu, aurretik arrakasta handiz ezarritakoak, hala nola Europako herrialdeek eta garatzeko bidean daudenek saiakuntza klinikoen inguruan duten lankidetza, eta egitarau bateratuko proiektua.