EFSAk gidaliburu bat argitaratu berri du, non zehatz-mehatz azaltzen baitu arriskuen ebaluazioarekin lotutako zalantzak nola karakterizatu, dokumentatu eta komunikatu behar diren, ebaluazio-txostenetan beharrezko informazio osoa eman dadin arriskuak kudeatzean erabakiak hartzeko.

Zalantzen analisia arrisku-ebaluazioaren parte bat da, eta aurkitutako zalantza-iturriak eta zalantzek ebaluazioaren azken ondorioetan dituzten eraginak zehatz adierazi behar dira zientzia-irizpenetan, argi eta garbi, ahalik eta modu gardenenean.

Arrisku-ebaluazio bakoitzaren ezaugarriak eta testuingurua zein diren, eta detektatutako zalantza mailaren arabera, zalantzen analisia izugarri alda daiteke. Hori dela eta, EFSAk gidaliburu hau osatu du, arrisku-ebaluatzaileei zalantzak aztertzen laguntze aldera.

Gidaliburuan zehatz-mehatz adierazten da nola identifikatu eta lehenetsi behar diren zalantzak, nola karakterizatu behar diren eta nola jaso behar diren azken txostenean (kualitatiboki edo kuantitatiboki jaso daitezke).