Arrisku emergenteak Europan 2022an
EFSAk urteko txostena argitaratu du, eta bertan laburbildu ditu Europan arrisku emergenteak identifikatzeko prozesuan parte hartzen duten talde guztien jarduerak (arrisku berriak partekatzeko sarea – EREN, arrisku berriei buruzko alderdi interesdunen taldea – StaDG-ER, eta EFSAren zientzia-panelak).
Arrisku emergenteak
2022an, arriskutsuak izan litezkeen hamahiru gai emergente eztabaidatu ziren, eta horietatik bi arrisku emergentetzat jo ziren, arriskuak emergente gisa sailkatzeko lau irizpide erabakigarrien arabera: arrisku berria, esposizio berria edo areagotua, talde zaurgarri berria, eta faktore abiarazle berria.
Hauek dira bi arrisku emergenteak:
- Txakurren bruzelosiaren agerpena Brucella canis bakterioaren infekzioaren eraginez Europako zenbait herrialdetan.
- Tximino-baztangaren agerraldiaren hedapena Afrikatik kanpoko animalietara.
Eta hauek dira arriskutsuak izan litezkeen beste hamaika gai emergenteak:
- Salmonella Typhimurium ispaghula-haziaren azalean.
- Azido palmitikoa, minbiziaren agresibitatea areagotzen duena.
- Haragiaren eta esnekien landarezko alternatiben inpaktu nutrizionala.
- Clinostomum complanatumen agerpena ur gezako merkataritzako arrainetan Frantzian.
- Toxoplasma eta beste protozoo-parasitoen arazoaren irismena.
- Arratoiaren E hepatitisaren birusa (EHB), pertsonengan hepatitisa eragiten duena.
- Italian saguzarrek transmititutako Issyk-Kul birusa isolatzea: agente zoonotiko baten hedapena Europan?
- Gasaren igoerak elikagaien industrian erabiltzen den elektrizitatearen eta CO2ren eskuragarritasunean izan duen inpaktua.
- Mineral, bitamina, metal astun eta oxalatoen edukia Chaga onddoan.
- Sekuentziazio bidez behien arnas-patogeno berriak identifikatu izana.
- Kalitate txikiagoko alkohol-oinarriko desinfektatzaileekiko bakterioen tolerantzia.
Arrisku emergenteak identifikatzeko metodologia
Bestalde, ingurumena miatzeko eta aukera estrategikoak definitzeko prozesu berri bat garatu da EFSAren 2027 estrategiaren helburua (“Arriskuen analisirako etorkizuneko premietarako prest gaudela bermatzea”) lortu ahal izateko.
Prozesu berriak bigarren lan-fluxu bat gehitu du orain arteko arrisku emergenteen analisirako lan-fluxuan. Bigarren lan-fluxu horren bidez, horizontea miatuko da elikagaien eta pentsuen segurtasunaren, eta animalien eta landareen osasunbidearen esparruetan, etorkizuneko erronketarako prest egoteko, erresilientzia sortzeko eta etorkizuna “Osasun Bakarra” ikuspegiaz proaktiboki konfiguratzeko.
Etorkizunerako lan-plana
EFSAren txostenean proposatu zen 2023an Arrisku Emergenteen Analisirako Plataforma martxan jartzea, prozesuaren analisia amaitu ondoren. Halaber, proposatu zen horizonteak miatzeko lan-fluxu berria proba gisa aplikatzea elikakatearen etapa guztietan, bai eta Horizon 2020ko FoodSafeR proiektuaren Aholkularitza Kontseiluan parte hartzea ere. Azken proiektu hori hub digitalaren garapenean zentratzen da eta jarduera gakoak egiten ditu ingurumenaren arloan eta horizonteak miatzeari dagokionez.