Arrisku kimikoen datu-basea – EFSA 2013
EFSAk datu-base bat osatu du elikagaietan eta pentsuetan aurkitzen diren arrisku kimikoei buruz. Datu-base horretan, egin diren Arrisku Balioespenetako datu guztiak biltzen dira. Xedea da zientzia-adituek edozein arrisku modu azkarrean kontsultatu ahal izatea eta datu-trukea optimizatzea kanpoko beste agentzia eta erakunde batzuekin.
Horretarako, datu-eredu bat sortu behar izan da, OECDren txantiloi bateratua oinarri hartuta. Halaber, txantiloi horiek egokitu egin behar izan dira, EFSAren zientzia-panelek egiten dituzten giza, animalia eta ingurumen arloetako arriskuen balioespenen arabera. Eredu hori arrisku kimikoen mapa bat da, eta sailkatutako arriskuaren berezko ezaugarriak aurkeztu behar ditu, atal hauen arabera sailkatuta:
- Identifikazio kimikoa: izena, formula eta egitura kimikoa.
- Deskriptoreak: arriskua jorratzen duten dokumentuen bibliografia-xehetasunak.
- Arriskuaren identifikazioa: animaliaren zein giza osasunari buruzko datu toxikologikoak, eta ekotoxikotasuna (lurrean eta uretan).
- Arriskuaren eta perilaren karakterizazioa: osasunean, esposizio-mugetan edo segurtasunean oinarritutako erreferentziazko balioak, eta ingurumen-estandarrak.
Datu-baseko substantzia kimikoak talde hauetan sailkatu dira:
- Kutsatzaileak elikagaien eta pentsuen ekoizpen-katean.
- Gehigarriak pentsuetan.
- Gehigarriak eta nutrienteak elikagaietan.
- Elikagaiak ukitzen dituzten materialak.
- Entzimak eta elikagai-laguntzailekideak.
- Bitaminak eta mineralak, elikagai berriak eta produktu dietetikoak.
Produktu fitosanitarioei eta aromei buruzko datuak datu-basetik kanpo daude gaur egun, eta arrisku kimikoei buruzko datu-base osoa 2014ko bigarren seihilekoan argitaratuko dute web orrian.
EFSAren txostena: arrisku kimikoei buruzko datu-basea
Datu-baseko substantzia kimikoen zerrenda