Arrisku Mikrobiologikoak Ebaluatzeko Sareak (MRA) urteko txostena argitaratu du. Bertan, 2021eko urriaren 5ean eta 6an egindako hogeita batgarren bileran hizpide izan zituzten ikerketa zientifikoen eta askotariko arrisku mikrobiologikoen ebaluazioen laburpena dago jasota.

MRA Sarearen helburuak

Honako hauek dira MRA sarearen helburu nagusiak:

  • Elkarrekiko lankidetzarako gai eta arlo erkideak identifikatzea;
  • Esfortzuak bikoiztea saihestea;
  • Arlo espezifiko eta gai berezietako adituak identifikatzea;
  • Datuen eskuragarritasuna eta kalitatea partekatzea;
  • Arrisku-ebaluatzaileen eta arrisku-kudeatzaileen arteko lankidetza sendotzea;
  • Informazio-trukea sustatzea EFSAren, estatu kideen eta gainerako interesdunen artean;
  • Komunikazioa eta lankidetza sendotzea, bai EFSAren eta EBko estatu kideen artean, bai arrisku-ebaluatzaileen, arrisku-kudeatzaileen eta gainerako interesdunen artean, barne hartuta Kontsultarako Foru Nazionala eta puntu nagusietako kideak;.
  • Arreta ikerketa-premia erkideetan zentratzea eta premia horiek arrazionalizatzea;
  • Egungo arazoei heltzean sor daitezkeen arazoak identifikatzea.

2021eko jarduera nagusiak

2021eko ikerketa nabarmenen artean, honako hauek azpimarratu ditu Sareak:

  1. Superizozte” teknika arrantza-produktuak garraiatzeko erabiltzea; fosfatasa alkalinoa esne gordinaren pasteurizazioa bermatzeko erabiltzea, eta mikrobioen aurkako erresistentzien agerpenak eta elikakatearen bidezko hedapenak ingurumenean duen rola aztertzea (EFSAk argitaratutako irizpenak).
  2. 20 patogenok hainbat elikagaitan duten arriskuaren sailkapena (Norvegia). Honako hauek dira, arrisku handiena sortzen dutenetik arrisku txikiena sortzen dutenera ordenatuta, sei patogenorik arriskutsuenak: Toxoplasma gondii, Campylobacter spp., Echinococcus multilocularis, E. coli enterohemorrágico, Listeria monocytogenes eta Salmonella ez tifoidea.
  3. Salmonella choleraesuis bakterioarekin kutsatutako basurde-haragia kontsumitzearen arriskuaren ebaluazioa (Suedia). Ebaluazioaren ondorioa da arrisku txikia dagoela choleraesuis bakterioa osasuntsu dauden basurdeen haragian aurkitzeko ehiza-unean.
  4. Irineko STECaren arriskuaren ebaluazioa (Alemania). Ebaluazioan jasotzen da masa gordina jatea arriskutsua dela biztanleria-talde guztientzat, baina, bereziki, txikienentzat. Oro har, ikerketa-datu gehiago behar dira STECa irinaren produkzio-katean nola sartzen den, nola transmititzen den eta bertan nola jarduten duen jakiteko, ziurgabetasunei heldu eta arriskuen ebaluazioa hobetze aldera.
  5. Hondakin-urak fruta eta barazki freskoetan erabiltzearen arriskuaren ebaluazioa (Alemania). Ebaluazio honek zenbait gomendio ematen ditu hondakin-uren bidez ureztatutako fruta eta barazkiak kontsumitzeagatiko infekzioak izateko arriskuak murrizteko.
  6. Esne gordinaz egindako gaztek izan ditzaketen arrisku biologikoen sailkapena (Frantzia). ANSESek laster argitaratuko du zein iritzi duen horren inguruan.
  7. Campylobacter sppren prebalentzia eta RAMa gizentzeko oilaskoen haragian (Estonia). Egindako ikerketaren arabera, nabarmen murriztu da Campylobacterren prebalentzia eta kontzentrazioa gizentzeko oilaskoen haragian. Horrek erakusten du biosegurtasun-neurriak eta haragi osoan ezarritako beste kontrol-neurri batzuk eraginkorrak izan direla.
  8. 131 motako coliren prebalentzia elikagaien bidez transmititutako oilaskoen patogeno gisa (Suitza). Aztertutako 200 laginetatik 25ek (% 12,5) eman zuten positibo.
  9. Listeria monocytognesen gaineko azterketa txuletetan eta txerri-haragi txikituan (Belgika). Listeriaren hazkunde potentziala kalkulatu da, atmosfera aldatuarekin eta atmosfera aldatu gabearekin. Aldakortasun handia identifikatu da lote batetik bestera.
  10. Anisakisen prebalentzia (Belgika). 36 espezie ezberdinetako 415 laginetan identifikatutako prebalentzia orokorra % 53koa izan zen erraietan eta % 27koa muskuluan.
  11. Etiketetan denbora- eta tenperatura-adierazleak erabiltzea data-marka baten ordez (Herbehereak), alternatiba jasangarri gisa.
  12. Esne gordina kontsumitzea. Herbehereek zientzia-irizpen bat egin dute esne gordinaren kontsumoari estatuko lege berriak aplikatzeari buruz.