Arrisku zoonotikoaren mapa: zein izango da eta non sortuko da hurrengo gaixotasun zoonotikoa?
Europako Batzordearen Joint Research Centre (JRC) erakundearen azterlan berri batean lehenbiziko aldiz kartografiatu dute OMErentzat lehentasunezkoak diren gaixotasun zoonotikoen agerraldien mundu-mailako arriskua; halaber, azterlanak argitzen du hurrengo pandemia non sortu litekeen eta zein herrialdek duten prestakuntzarik okerrena horri erantzuteko.
Aurkikuntza nagusiak
Munduko lurrazalaren % 9,3an agerraldiak pairatzeko arrisku altua edo oso altua dago (Ebola, Zika edo Krimea-Kongoko sukar hemorragikoa, besteak beste).
Arriskua altua (% 6,3) eta oso altua (% 3) dago batez ere Latinoamerikan (lurraldearen % 27,1) eta Ozeanian (% 18,6). Jarraian Asia (% 6,9), Afrika (% 5,2), Europa (% 0,2) eta Ipar Amerika (% 0,08) daude.
Munduko biztanleen % 20 arrisku ertaineko eremuetan bizi dira, eta % 3, berriz, arrisku altuko edo oso altuko eremuetan.
Herrialdeen araberako indize epidemikoaren arabera, Papua Ginea Berria eta Kongoko Errepublika dira zaurgarrienak, arrisku altua eta horri erantzuteko gaitasun txikia baitute.



Arrisku-faktoreak
Biztanleriaren dentsitatea da faktore anplifikatzaile nagusia, banakako beste faktore batzuen gainetik.
Azterlanak arriskuaren gorakada honako hauekin lotzen du: klima-aldaketa (tenperaturaren gorakada, prezipitazioen aldaketa eta defizit hidrikoak); lurraren erabileraren aldaketa; basoen ondoan dauden giza kokalekuak; gizakien eta abereen dentsitate handiagoa; eta biodibertsitatearen galera. Halaber, gogorarazten digu patogenozoonotikoen zaintza indartu behar dugula, eta, aldi berean, baliabideak ahalbidetu behar ditugula, behar izatekotan erantzun mediko egokia eman ahal izateko.
