Gaur egun, merkatuan badaude A okratoxina (OTA) eduki lezaketen zenbait elikagai osagarri eta infusio; hori horrela bada, produktu horien kontsumitzaileen osasuna arriskuan egon liteke.

Zer da?

OTA hainbat onddok, besteak beste, Aspergillus ochraceus eta Penicillium verrucosum espezietakoek, naturalki sortutako mikotoxina bat da, landare-jatorriko produktu askotan aurki daitekeena; esaterako, zerealetan, kafe-aleetan, kakaoan, espezietan eta fruitu lehorretan.

Nagusiki, aleak biltegiratzeagatik sortzen da, eta 250 ºC-tik gorako tenperaturetan hainbat minutuz edukita suntsitzen da.

OTAren mugak kafean

Kafea mikotoxina horren gehieneko presentzia mugatuta duen elikagaietako bat da, baina soil-soilik aplika dakioke kafe txigortuari, aleetan nahiz ehotuta (5 μg/kg), eta kafe disolbagarriari (berehalako kafea) (10 μg/kg). Alabaina, egun indarrean dagoen Europako araudiak (1881/2006 Erregelamendua (EE)), ez du mikotoxina horrek kafe berdean izan dezakeen gehieneko presentzia mugatzen.

 

EFSAren arrisku-ebaluazioa

2006an, EFSAk OTAk elikagaietan duen presentziaren arriskua ebaluatu eta asteko ahorakin onargarria ezarri zuen; zehazki, 120 ng gorputz-pisuaren kilo bakoitzeko.

Zentzu horretan, honako hau ebatzi zuen kafe berdeari buruz: “kafe berdeari eta kakao-aleei buruzko datuak ez dira ebaluazioan jaso; izan ere, alde batetik, ez dira bere horretan kontsumitzen, eta, bestetik, produktu horietatik eratorritako elikagaiek dietan duten esposizioa dagozkien produktu prozesatuekin batera hartzen da aintzat”.

 

Arrisku posiblea

Kontsumo-ohiturak aldatu direnez gero, merkatuan badago kafe berdez egindako hainbat elikagai osagarri eta infusio. Kontua da ez dutela OTAk azken produktuan izango duen presentzia murriztuko duen inolako tenperatura altuko tratamendurik jasotzen, eta, beraz, handitu egin liteke kontsumitzaileek mikotoxina horrekiko duten esposizioa, eta, aldi berean, baita beren osasunerako arriskua ere.

Merkatuan kafe berdez egindako produktu horiek agertzearekin batera, kafe berdearen aleak inportatzen dituen operadoreak bereizi eta identifikatu egin behar du zein lehengaik ez duen jasoko bero-tratamendurik, hau da, bereizi egin behar ditu ale horiek kafe txigortua edo disolbagarria egiteko txigortuko diren aleetatik.

Baldin eta kafe-ale berdeak ez badu ondorengo eraldaketarik jasoko (osagarri edo infusio gisa kontsumituko bada, alegia), gaur egun ez dago kasu horretan aplikagarria den mugarik, eta, ondorioz, giza kontsumorako egokitasunari buruzko erabaki oro ad hoc prestatutako arrisku-ebaluazio bat egin eta gero hartu beharko da, 1881/2006 Erregelamenduari (EE) jarraikiz.

Arriskuaren kudeaketa

Berriki hautemandako egoera horren aurrean, AECOSAN Europako Batzordeko kutsatzaileen lantaldearen barruan arriskuaren kudeaketa-neurriei heltzeko beharrezko informazioa guztia biltzeko ari da lanean.

Informazio gehiago