Arriskuak Balioestea: Campylobacter-a hegaztien haragi freskoan – AESAN 2013
Herritarren artean campilobakteriosiaren intzidentzia handia denez (batik bat gutxi kuzinatutako oilasko-haragia manipulatu eta kontsumitzeagatik) AESANen Zientzia Batzordeak balioetsi egin ditu kortako hegaztien haragi freskoan Campylobacter spp murrizteko kontrol-neurriak.
Balioespenean ikusi da patogeno horrek eragiten duela elikagaien bidezko transmisioen kasuen kopuru handiena Europar Batasunean. Gainera, azken bost urteetako joera goranzkoa izan da. Campylobacter spp-k eragindako infekzio enterikoen intzidentzia handia da, eta baliteke ondorioak eragitea; beraz, gomendagarria da zenbait metodologia garatzea, elikagaietan Campylobacter spp-aren presentzia aurreikusteko eta kontrolatzeko.
Campylobacter spp-k eragindako giza infekzioak murrizteko, eragiketa hauek gehiago kontrolatu behar dira: hazkuntza, garraioa, hilketa hiltegian, prozesatua eta kontsumorako diren hegazti-kanalen merkaturatzea. Txostenak kontrolerako neurri gomendatuen zerrenda ematen du, honako helburu hauekin:
- Hegazti-ustiategietan biosegurtasunerako programak ezartzea, hegaztien kolonizazioa murrizteko.
- Hiltegietan kutsadura gurutzatuak murriztea.
- Kanalak higienizatzeko teknika baimenduak ezartzea.
- Kontsumitu aurretik elikagaiak higienikoki manipulatzea eta tenperatura aldetik egoki tratatzea.
- Agente aktibo direnez, kontsumitzaileei prestakuntza ematea, elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunen prebentzio-arloan.
Oilasko-haragian Campylobacter spp kontrolatzeko, elikagaien industriako operatzaileek zorrotz bete behar dituzte Higiene Jardunbide Egokiak (BPH) eta Arriskuen eta Kontrol Puntu Kritikoen Analisien Sistema (APPCC).