Arriskuak komunikatzeko AESANen prozedura
AESANek arriskuak komunikatzeko prozedura bat argitaratu du elikakatean inplikatutako alderdi guztientzat, hala nola arriskuak ebaluatu eta kudeatzen dituztenentzat, elikagai-industriarentzat,
kontsumitzaileentzat, komunikabideentzat eta inplikatutako beste administrazio eskudun batzuentzat. Dokumentu horren xedea da lan-esparru bat izatea arriskuak komunikatzeko zereginak koordinatzen laguntzeko.
Arriskuen komunikazioaren azken helburua da arriskuaren menpe dagoen edozein pertsona informazioan oinarritutako erabakiak hartzeko gai izatea, mehatxuaren (arriskua) ondorioak arintzeko, eta babesteko eta prebenitzeko neurriak hartu eta ekintzak gauzatzeko. Horretarako, alderdi interesdun guztiei maila egokian jakinarazi behar zaie, ondo uler dezaten.
Irakurterrazagoa izan dadin eta errazago ezar dadin, dokumentuaren egiturak honako atal hauek ditu:
- Arriskuen komunikazioaren definizioa: arriskubideen eta arriskuen arteko aldea azpimarratzen da eta arriskua modu efizientean komunikatu behar dela nabarmentzen da.
- Arriskuen komunikazioaren helburuak: komunikazioaren helburuak eta lortu nahi diren emaitzak argi izatea garrantzitsua dela azpimarratzen da eta helburu horiek lortzeko aintzat hartu beharreko zenbait kontu zehazten dira.
- Egon daitezkeen audientzia motak zehaztea: arriskuaren pertzepzioan eragina duten faktoreak zehazten dira, eta egon daitezkeen audientzia motak aztertzen dira egin beharreko komunikazio moten arabera, direla arriskuen ebaluazioak (txostenak edo zientzia-irizpenak) direla arriskuen kudeaketako alderdiak (arau-garapenak, jarduteko estrategiak, alertak edo elikadura-krisiak).
- Arriskuak komunikatzeko tresnak: informazioan, elkarrizketan eta partaidetzan oinarritutako tresna eskuragarriak zehazten dira. Halaber, komunikazio-tresnen zerrenda bat ere gehitzen da (albisteak, prentsa-oharrak, informazio-buletinak, erreportajeak, liburuxkak, bideoak, infografiak, podcast-ak, mugikorretarako aplikazioak, ekitaldiak, prentsaurrekoak, etab.) eta tresna bakoitzaren helburuak, xede den audientzia eta erabili behar diren difusio-kanalak zehazten dira.
- Komunikazio-kanalak: ohiko komunikabideak eta sare sozialak bereizten dira, eta sare sozial bakoitzaren ezaugarriak eta xede den audientzia aztertzen dira.
- Arriskuen komunikazioaren ebaluazioa: arriskuen komunikazio guztiak modu efizientean monitorizatu eta ebaluatzearen garrantzia azpimarratzen da, aurreikusitako helburuak lortzen lagundu duten aztertzeko. Gainera, arriskuak behar bezala komunikatzeko egiaztapen-zerrenda ere badu.