Arriskuaren ebaluazioa: elikaduran eta elikaduratik kanpo erabiltzen diren uztak nahi gabe nahastea ILSIak (Bizi Zientzietako Nazioarteko Institutua) txosten bat argitaratu du, erakunde horrek egindako ebaluazioaren berri emateko. Hain zuzen, azterlan hori Europan giza elikadurarako eta elikaduratik kanpo erabiltzen diren uztak nahi gabe nahasteak dakartzan arriskuak ebaluatzeko egin da.

Arriskuaren ebaluazioa egiteko, ILSIk zenbait egoera alderatu ditu, hala nola, honako hauek:

  • Almidoi-eduki handia duten patatak haztea, industria-erabilerarako.
  • Azido eruziko asko duten koltza-hazietatik olioa ateratzea.
  • Koltza-hazietatik olioa ateratzea, biodiesel gisa.
  • Genetikoki aldatutako laboreak (MG), elikaduratik kanpo erabiltzekoak.
  • Genetikoki aldatutako artotik ateratako txertoak eta sendagaiak ekoiztea.

Gainera, ILSIk honako hauek ere balioetsi ditu: elikaduratik kanpo erabiltzeko landareak lantzeak elikakatean eragin ditzakeen arrisku-aukerak murrizteko Europan abiarazitako araudia eta kontrolak.

Ebaluazioaren ondorioen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • Europako administrazioek eta elikagaien industriak martxan jarritako ekintzak eraginkorrak izan dira giza elikaduran eta elikaduratik kanpo erabiltzen diren uztetatik pertsona eta animalientzat eratorritako arriskua kontrolatzeko.
  • Alderdi interesdunen arteko komunikazio egokia izan da ezarritako sistemen arrakastaren oinarria. Era berean, agintari eskudunek egindako kontrol eta zaintza egokiei esker lortu da arrakasta hori.
  • Gero eta interes handiagoa dago landare-produktuak erabiltzearen inguruan; izan ere, horrek uzta berrien garapena bizkortzea ekar dezake, eta presio gaineratua ezar dezake kontrol-mekanismoetan; hortaz, berrikusi egin beharko lirateke.
  • Europako araudia eta industriaren kontrolak era egokian ezartzen dira. Horretaz gain, araudia ezartzen dela ziurtatzeko eta arrisku emergenteak identifikatzeko moduan gauzatzen dira zaintza eta laginketa.

Txostena