Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) 2008an egin zuen Erabateko Dietaren Azterlana eta orain argitaratu ditu azterlan horren emaitzak, hexaklorobentzenoari (HCB) eta giza osasunean eragiten duen arriskuari dagokienez.

HCBa kutsatzaile organiko iraunkorra (KOI) da eta ingurumenean luze iraun dezake; hori dela eta, Europar Batasunean 1981az geroztik debekatuta dago nekazaritzan erabiltzea. Nolanahi ere, oraindik ere, produktu kimiko gisa erabiltzen da industrian, eta oso lurrunkorra denez, ingurumenera askatzen da hondakinak errausten direnean. Gainera, gizakiek eta animaliek erraz xurgatzen dute, gantz-ehunetan metatzen da eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu gibelean.

Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziak (IARC) gizakiarentzat kartzinogeno posible (2B taldea) gisa sailkatzen du KOI hori. Horretarako, esperimentazio-animalietan antzemandako eragin kartzinogenoetan oinarritu da (IARC 2001).

Azterlan horretan, kontzentraziorik altuenak honako talde hauetan antzeman dira: koipe eta gantzak, besteak beste, gurina eta oliba-olioa (860 eta 195 ng/kg pisu freskoan, hurrenez hurren) eta esnekiak, besteak beste, gazta gogorra (Mantxakoa eta antzekoak) eta gazta biguna (gazta-atalak, brie eta antzekoak). Azken horietan, 435 eta 380 ng/kg antzeman da, hurrenez hurren.

Aurreko azterlanekin erkatuz gero, nabarmen egin du behera lekaleen (% 89) eta arrautzen (% 78) taldeetan. Kontzentrazioak tuberkuluen taldean baino ez du gora egin, %16 2005eko azterlanarekin erkatuz gero.

Esposizioari buruzko balioespenaren arabera, dietaren bidezko hexaklorobentzeno ingesta, heldu batentzat 0,60 ng-koa da kilo eta eguneko, eta pertzentilik altuenean, berriz, 1,03 ng-koa kilo eta eguneko. Beste alde batetik, haurren taldean ingestak gora egin du: 2,25 ng kiloko eta eguneko.

Nolanahi ere, aintzat hartuta Kataluniako herritar-talde guztiak eta pertzentilik altuenak, ingesta OMEk ezarritako erreferentziazko balioa (0,16 mg/kg/egun) baino askoz ere txikiagoa da. Halaber, balio horiek 2000. eta 20005. urteetako azterlanekin konparatuta, ingestak behera egin du nabarmen, % 75 eta % 45, hurrenez hurren.

EDT Katalunia: Hexaklorobentzenoa