Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) 2008an balioetsi zituen, batetik, kadmioarekiko eta merkurioarekiko dietaren bidezko esposizioa eta, bestetik, esposizio horrek giza osasunean duen arriskua. Balioespen horren emaitzak, berriz, orain argitaratu eta 2000. eta 2005. urteetan egindako arriskuaren balioespenen emaitzekin erkatu ditu.

Emaitzen artean, besteak beste, honako hauek azpimarra daitezke:

Merkurioa:

  • Erabateko merkurioari dagokionez, atzeman da merkurio kontzentrazioa handiagoa dela haragi eta eratorrietan, barazki eta ortuarietan, tuberkuluetan eta ogi eta laboreetan. Halaber, merkurio kopuruak behera egin du arrain eta itsaskietan, frutetan, arrautzetan eta lekaleetan.
  • Metilmerkurioaren (konposatu bereziki toxikoa) kontzentrazioak, berriz, oso altua izaten jarraitzen du tamaina handiko arrainetan (hegalaburra, arrain-ezpata). Gehien kontsumitzen diren espezietan (besteak beste, legatza), aldiz, balioespen honetan aztertutako kontzentrazioak txikiagoak dira; hortaz, arrain kontsumoaren bidezko metilmerkurioaren ingesta (4,85 μg/egun) txikiagoa da 2000ko eta 2005eko balioespenetakoa (8,03 μg/egun eta 11,35 μg/egun, hurrenez hurren) baino. Hala ere, umeen eta haurdun egoteko adinean dauden emakumeen ingesta eta OMEk 2003an ezarritako Behin-behineko Asteko Ingesta Toleragarria (ISTP) oso antzekoak dira: 1,6μg/kg/aste.
  • Kataluniako herritar helduentzat balioetsitako erabateko merkurio ingesta eguneko 15,41μg-koa da, OMEk 2003an ezarritako Behin-behineko Asteko Ingesta Toleragarria (ISTP) baino txikiagoa (5μg/kg/aste) eta 2005eko eta 2000ko balioespenetakoa (% 20 eta % 37, hurrenez hurren) baino zertxobait txikiagoa.

Kadmioa:

  • Kopuru handienak arrain eta itsaskietan (bereziki muskuilu eta txipiroietan) eta tuberkuluetan atzeman dira. 2000ko eta 2005eko azken bi balioespenetan aztertutako kontzentrazioekin erkatuz gero, kadmioaren kopuruak gora egin du arrain eta itsaskietan, barazki eta ortuarietan, tuberkuluetan, esnekietan, ogi eta laboreetan eta opilgintzako produktuetan. Behera egin du, berriz, haragi eta eratorrietan, arrautzetan eta, bereziki, lekaleetan eta olio eta koipeetan.
  • Kataluniako herritar helduen dietaren bidezko kadmio ingesta eguneko 21,57μg-koa da, EFSAk 2009an ezarritako Asteko Ingesta Toleragarriaren (IST) oso antzekoa (2,50 μg/kg/aste). Kadmio kopuru handiena ogiak eta laboreek izaten dute, eta bigarren mailan arrain eta itsaskiek. Ingesta hori handiagoa da 2005eko eta 2000ko ingesten aldean (% 25 eta % 37, hurrenez hurren).

EDT Hg Katalunia

EDT Cd Katalunia