EFSAk Europako ziguateraren arriskua karakterizatzeko proiektuaren (EuroCigua) azken zientzia-txostena argitaratu du. Txostena horretan, proiektuak iraun duen lau urteetan egindako jarduera guztiak biltzen dira, baita jarduera horien emaitza eta ondorio nagusiak ere.

EuroCiguak lau azterketa biltzen ditu eta EFSAk azterketa bakoitzaren emaitzak biltzen dituen zientzia-txostena argitaratu du:

  1. Intzidentzia eta Epidemiologia. Carlos III Osasun Institutuko Epidemiologia Zentro Nazionala (CNE-ISCIII) izan da buru;
  2. Arrantza-produktuetako eta ingurumeneko ziguatoxinen ebaluazioa. Institut de Recerca i Tecnologia Agroalimentàries (IRTA) izan da buru;
  3. EBn dauden ziguatoxinen karakterizatzea, erreferentziazko materialen garapena barne. Vigoko Unibertsitatea (UVIGO) izan da buru;
  4. Zientzia Kudeaketa eta Koordinazioa. AESAN izan da buru.

Lau azterketen emaitzek egiaztatu egin dute ziguateraren arrisku emergentea Europa Batasunean, eta arrain ziguatoxiko autoktonoak identifikatu dira Kanarietan eta Madeiran. Halaber, egiaztatu da ziguatoxinak (CTXak) ekoizten dituen Gambierdiscus mikroalga dinoflagelatua dagoela Mediterraneo itsasoan, Zipren, Gezian eta, lehenengo aldiz, Balear Uharteetan.

1. Intzidentzia eta epidemiologia

Europan ziguateraren intzidentzia eta epidemiologia zenbatesteko, EBn ziguateraren zaintza harmonizaturako protokolo bat osatu zen. Protokolo horren arabera, Europako ia herrialde erdiek jakinarazi dituzte ziguateraren kasuak.

Lau herrialdek 34 agerraldi eta 209 kasu jakinarazi zituzten 2012 eta 2019 urteen artean.

  • Espainiak eta Portugalek Kanariar Uharteetan eta Madeiran arrantzatutako arrainaren kontsumoarekin lotutako agerraldiak (agerraldi autoktonoak) jakinarazi zituzten.
  • Alemaniak eta Frantziak EBtik kanpo inportatutako arrainaren kontsumoarekin lotutako agerraldiak (agerraldi inportatuak) jakinarazi zituzten.
  • Espainiak, Alemaniak eta Frantziak eremu endemiko tropikaletara joandako bidaiarien arteko agerraldiak jakinarazi zituzten (bidaiekin lotutako agerraldiak).

Ziguateraren kasu eta agerraldiek sintoma neurologikoak izan zituzten, eta gehienek baita sintoma gastrointestinalak ere. Sintoma kardiobaskularrak izan zituzten agerraldi gutxi batzuk ere aipatu ziren.

Emaitza nagusia izan zen EBko intzidentzia-tasa osoa baxua izan zela (0,0054 kasu/100.000 biztanle/urte). Hala ere, Kanariar Uharteak dira arrisku handiena duen eremua. Bertako intzidentzia-tasa 0,47 kasu/100.000 biztanle/urte da.

2. Arrantza-produktuetako eta ingurumeneko ziguatoxinen ebaluazioa

Ingurumenean dauden ziguatoxinen presentzia aztertzeko, CTX ekoizten duten mikroalgak aztertu ziren, baita arrainetako CTX edukia ere.

Mikroalgen 104 andui eta 77 espezietako 1.174 arrain ebaluatu ziren. Honako hauek izan ziren laginketa-eremuak: Kanariak Uharteak, Madeira eta Uharte Basatiak, Balear Uharteak, Zipre eta Kreta:

  • Kanariar Uharteetan, Gambierdiscus generoko dinoflagelatuek eta espeziearen toxikotasunak, bereziki excentricusak, CTXen antzeko konposatuen iturri izateko duten potentziala adierazten dute. Arrainei dagokienez, CTXaren toxikotasun-datuen arabera, arrain toxikoen intzidentzia nahiko handia da (% 14koa n=746 guztizkoarekiko).
  • Madeiran eta Uharte Bastietan, Gambierdiscus generoa antzeman zen bi eremuetan eta hartutako 128 laginetatik 42 arrainek zuten toxikotasuna (% 33).
  • Zipren eta Kretan, Gambierdiscus eta Fukuyoaren dibertsitate handia antzeman zen, baina zelula-toxikotasuna nahiko baxua izan zen.
  • Balear Uharteetan, Gambierdiscus australes eta Fukuyoa paulensis baino ez ziren identifikatu, eta aztertutako arrain-lagin batek ere ez zuen CTXaren antzeko toxikotasunik.

3. EBn dauden ziguatoxinen karakterizatzea

Ziguatoxinen karakterizaziorako analisi-metodoak garatu dira, eta identifikatu da C-CTX-1 dela Kanariar Uharteetako eta Madeirako intoxikazio gehienak eragin dituena. Gainera, erreferentziazko materialak eratu dira, etorkizunean toxina horiek antzemateko teknikak hobetzeko itsasoko biotoxinen erreferentziazko laborategi nazionalen sarearen barruan.

4. Zientzia Koordinazioa

AESANek koordinatu du proiektua, eta sei estatu kideetako (Espainia, Portugal, Frantzia, Alemania, Grezia eta Zipre) hamalau zientzia-erakundek hartu dute parte. Horiek guztiek partzuergo bat eratu dute, ziguatoxinen arloko munduko adituek osatzen duten bikaintasunezko diziplina anitzeko talde gisa eratuta.

Etorkizuneko perspektibak

Lortutako emaitzak, arestian xehatutakoak, dira Europako ziguateraren arriskuaren karakterizazio osoa aztertzeko oinarria. Ziguateraren arriskuaren tresna prediktiboak garatzeko, ahalegina egin behar da honako gai hauen modelizazio-ikuspegiak erabiltzeko:

  • Gambierdiscusaren eta Fukuyoaren presentzia urtaroen araberakoa ote den sakonago aztertu behar da klima-baldintzekin eta urtaroarekin lotutako ugaritasun-eredua hobeto ulertzeko. Klima-aldaketaren egoera batean, zeinetan itsasoko uraren tenperatura erreferentziazko balioaren gainetik dagoen egun edo asteen kopurua handitu egiten den, ereduek aurreikus dezakete zenbaterainoko eragina izango duen klima-aldaketak Gambierdiscusaren eta Fukuyoaren populazioetan.
  • Zenbait eremu geografikotan dagoen espezie bat hautatzeak (besteak beste, Gambierdiscus australes) lagundu egin dezake hazkunde-, ugaritasun- eta toxikotasun‑ereduak ezartzen eta diferentzia geografikoak zehaztu ditzaketen faktoreak hobeto ulertzen.
  • Mikroalgen fisiologiari buruzko datu gehigarriek, zeinek faktoreen araberako (besteak beste, tenperatura, argia eta nutrienteak eskuragarri izatea) hazkunde-tasak berariaz aztertzen dituzten, ereduak osa ditzakete, ingurumen-baldintzen arabera toxinak sintetizatzeko potentzialari dagokionez.
  • Mikroalgen ugaritasunaren eta toxikotasunaren araberako balizko arrisku toxikologikoa ebaluatu daiteke arrain-komunitatean ebaluatutako toxinen kopuru zenbatetsiaren aldean. Horretarako, interesgarriak dira mikroalgez elikatzen diren arrain sedentarioak, hobeto adieraz baitezakete tokiko transferentzia eta toxinen biometatzea.