Arriskuaren profila: toxoplasma Erresuma Batuan – FSA 2012
Elikagaien Segurtasuneko Britainiako Agentziako (FSA) Elikagaien Segurtasun Mikrobiologikoari buruzko Aholkularitza Batzordeak (ACMSF) toxoplasmaren arriskuaren profila egin du elikakatean, Erresuma Batuan.
Batzorde horrek berrikusi egin du gaur egungo toxoplasmosiaren prebalentzia Erresuma Batuko animalien artean, elikagaietan zein gizakien artean, eta identifikatu egin ditu, batetik, ikerketa-lan handiena zein arlotan egin behar den jakiteko zein kutsadura-maila dagokien elikagaiei, eta, bestetik, zein elikagai diren arriskutsuenak. Beste alde batetik, Batzordeak atzeman du toxoplasmaren ookisteek eragindako ingurumen-kutsadura ezin dela alde batera utzi arrisku hau balioestean.
Gaixotutako animalien okela gordinik edo gutxi prestatuta jatean zein kutsatutako ura edatean transmititzen da infekzioa, eta ez ditu sintomak eragiten pertsona osasuntsu gehienen artean; beraz, ez dago ebidentziarik herritar gehienek euren elikadura-ohiturak aldatu behar dituztela justifikatzen duenik.
Arrisku honekiko herritar-talde kalteberei dagokienez (batik bat, haurdunak, umeari transmititu ahal baitiote gaixotasuna jaio aurretik), Batzordeak gomendatzen du gaur egungo aholkuak berrikustea eta eskura dugun azken zientzia-ebidentziaren arabera egokitzea. Gainera, Batzordeak adierazi du beharrezkoa dela antzeko aholkua prestatzea immunitate-sistema ahuldua duten pertsonentzat.