Arriskuen Balioespena: E. coli berotoxigenikoa begetaletan eta haragian – AESAN 2013
AESANen Zientzia Batzordeak duela gutxi egindako Arriskuen Balioespenaren arabera, Escherichia coli berotoxigenikoak (ECVT) eragindako infekzioen agerraldiak gero eta gehiagotan lotzen dira fruta eta ortuariekin, batik bat ernamuindutako haziekin eta entsaladetarako barazki hostodunekin.
Frutak eta barazkiak elikakateko hainbat etapatan kutsa daitezke ECVTrekin (uzta, uzta ondoren, biltegiratzea, maneiatzea eta prozesatzea, merkaturatzea eta txikizkako salmenta, cateringa, garraioa, etxea…). Gaur egun uzta ondorengo prozesuan aplikatzen diren teknologiek edo praktikek ez dituzte erabat suntsitzen frutak eta ortuariak kutsatzen dituzten mikroorganismoak; beraz, AESANen Zientzia Batzordeak gomendatzen du ahaleginak bideratzea uzta aurretik edo ondoren kutsatzeko arriskua prebenitzera.
Bestalde, Zientzia Batzordeak egiaztatu egin du oraindik ere haragia kutsatu egiten dela ECVTrekin, eta hori ere elikakateko zenbait etapatan gerta daitekeela (abeletxea, hiltegiak, manipulatzea eta prozesatzea, merkaturatzea eta txikizkako salmenta, beste batzuei hornitzeko kuzinatzea, garraioa eta etxea).
Batzordearen txostenak hainbat kontrol-neurri gomendatzen ditu ECVTaren kutsadurak eta agerraldiak ekiditeko. Neurri horiek honako hauetan oinarritzen dira: Nekazaritzako Jardunbide Egokiak gauzatzea, APPCC sistemak aplikatzea eta elikagaiak maneiatzen dituzten eta bakterioaren pertsona eramaileak hautematea.
Azkenik, Batzordeak berretsi egiten du, batetik, elikagaien manipulatzaileei prestakuntza eskaini behar zaiela higiene-jardunbideen inguruan, kutsadura gurutzatuak ekiditeko; eta, bestetik, herritarrei informazioa eman behar zaiela lotutako elikagaiak behar ez bezala manipulatzearekin, prestatzearekin eta kontserbatzearekin lotutako arriskuei buruz.