Birusak

Laburpena

Birusak ingurumenean dauden agente infekziosoak dira, eta Europan gastroenteritis akutu ez-bakterianoen eragile nagusiak dira. Transmititzeko bide nagusiak uzki-aho bidezkoa da (birusa duen pertsonaren edo animaliaren eta osasuntsu dagoen pertsonaren arteko kontaktu zuzena da), baita kutsatutako elikagaiak eta ura kontsumitzea ere.

Elikagai bidezko toxiinfekzio gehien eragiten dituzten birus-familiak norobirusak, A eta E hepatitisaren birusak eta errotabirusak dira. Elikagaien bidez transmititutako gaixotasun birikoek inpaktu handia dute osasun publikoan.

          • Norobirusak dira kutsatutako ur eta elikagaiak kontsumitzeagatik eragindako gastroenteritis arineko agerraldien kausarik ohikoena. Batez ere fruta eta barazki gordinak, itsaskiak eta kontsumitzeko prest dauden elikagaiak kontsumitzeagatik ager daitezke. Birusa oso erresistentea da eta infekzioa eragiten duen dosia oso baxua izan daiteke. Hala ere, gaixotasuna arazo handirik gabe arintzen da.
          • A hepatitisaren (AHB) eta E hepatitisaren (EHB) birusek hepatitis birikoak eragin ditzakete, eta, larriagotzen badira, giltzurrun-gutxiegitasun akutua eragin dezakete biztanleen talde sentikorrenetan (5 urtetik beherakoak, 65 urtetik gorakoak eta immunodeprimituak). Europan EHBa zoonosi emergentetzat hartzen da; izan ere, azken 10 urteetan gutxi egindako txerri eta basurde-haragiaren kontsumoari lotutako jakinarazpenak areagotu egin dira.
          • Errotabirusak prestatutako elikagaien kontsumoaren ondoriozko toxiinfekzio-agerraldiei lotuta daude, elikagai horiek prestatzeko eta manipulatzeko prozesuetan higiene falta baitago.

Elikagaien bidezko transmisioko birusekin infektatzeko arriskua saihesteko, elikagaiak prestatzeko higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiak gomendatzen dira, baita elikagaiak ongi kozinatzea ere. Izoztea ez da birusak ezabatzeko neurri aproposa; izan ere, hozte- eta izozte-tenperaturetan iraun dezakete.

1.Zer dira?

Birusak agente infekzioso mikroskopikoak dira. Ugaltzeko zelula bizi bat behar dute.

Hauek dira egun elikagai bidezko toxiinfekzio gehien eragiten dituzten birus-familiak: norobirusak, A eta E hepatitisaren birusak eta errotabirusak.

  • Norobirusa (NoV): Norobirusak Caliciviridae familiakoak dira, eta uraren eta elikagaien bidez transmititzen diren munduko gastroenteritis ez-bakterianoaren agerraldien kausarik ohikoena dira. Norobirusek luze iraun dezakete azaleretan, eta izozte-tenperaturak zein tenperatura altuak (60 ºC arte) jasaten dituzte. Itsaskia lurrunetan egosita ere bizirik jarrai dezakete. Gainera, kloroaren 10 ppm-an ere bizi daitezke, hau da, ur edangarriko sistema publikoetan ohiko maila (2 ppm baino gutxiago) baino askoz gehiago.
  • A hepatitisaren birusa (AHB): AHB birusa RNA birusa da, Picornaviridae familiakoa eta Hepatovirus generokoa. Aldeko baldintzetan, AHB hilabeteetan zehar iraun dezake ingurumenean, eta elikagaien industrian erabilitako zenbait kontserbazio-metodori ere eutsi, hala nola azidotzeari edo izozteari. AHBa batez ere gorozki-aho bidez transmititzen da, hau da, infektatuta ez dagoen pertsona batek infektatutako pertsona baten gorozkiekin kutsatutako ura edo elikagaiak ahoratzen dituenean.
  • E hepatitisaren birusa (EHB): EHB Hepeviridae familiako RNA birus bat da. Birus horren 7 genotipo daude. 1 eta 2 genotipoen gordailuak gizakiak dira. Gorozki-aho bidez transmititzen dira, batez ere kutsatutako uraren bidez. 3 eta 4 genotipoak zoonotikoak dira (gordailuak txerriak, basurdeak eta oreinak dira), eta 5 eta 6 genotipoek animaliak kutsatzen dituzte soilik. 7 genotipoa berriki Ekialde Hurbilean detektatu da, dromedarioetan. Europan E hepatitisa zoonositzat hartzen da, eta horren gordailu nagusiak txerriak eta basurdeak dira.
  • Errotabirusa: Elikadura-toxiinfekzioen agerraldiekin dago lotuta, gordinik kontsumitzen diren elikagai prestatuak (entsaladak, prestatutako fruta, gosegarriak edo ogitartekoak) kontsumitzeagatik; gabezia higieniko-sanitarioak dituzten elikagai-manipulatzaileen bidez transmititzen dira.

Bakterioak ez bezala, birusak ezin dira ugaldu, ezta elikagaietan toxinak sortu ere; hala ere, bakterioak baino baldintza gogorragoetan eta denbora luzeagoan iraun dezakete elikagaietan eta ingurunean:

  • Zenbait aste igaro ditzakete hozte-tenperaturetan eta hilabeteak egin ditzakete izozte-tenperaturetan, fruta eta barazki freskoak bezalako elikagaietan.
  • Tenperatura altuak jasaten dituzte (adibidez, norobirusak 3 minutuz iraun dezake 60 ºC-ko tenperaturan), baita gamma erradiazioaren eta erradiazio ultramorearen dosi handiak jasan ere.
  • Horrez gain, uretan ere iraun dezakete hainbat egunez edo astez, uraren jatorriaren eta tenperaturaren arabera (itsasoa, erreka, lurpeko urak…).
  • Zehazki, norobirusak eta AHBak gai dira hondakin-uren arazketarako tratamendu fisiko eta kimikoak jasateko. Hori dela eta, gorozkiz kutsatutako urek ur hori erabiliz hazitako barazki freskoak eta ur horietan bizi diren molusku bibalbioak kutsa ditzakete birusarekin.
  • Norobirusek, halaber, pH azido edo basikoak jasaten dituzte.

Nolanahi ere den, ezin dira estandarizatu birusen hazkuntza-baldintzak, horiek aldatu egiten baitira birus motaren arabera. Esate baterako, hezetasun handiak norobirusak haztea errazten du. Hezetasuna txikia denean, berriz, errotabirusak eta AHBak haztea eragiten du.

2. Transmisioa

Birusak hainbat modutan transmiti dakizkieke pertsonei:

Pertsona – pertsona

Gorozki-aho bidez, kutsatuta dauden edo sintomarik gabeko eroaleak1 diren pertsona/animalien bidez.

 

Ura/elikagaia – pertsona

Kutsatutako ura edo elikagaiak kontsumitzeagatik 2.

Giroa – pertsona

Birusa duten aireko partikulak arnasteagatik.

 

Ura/elikagaia – elikagaia

Kutsadura gurutzatua, elikagaia eraldatzean edo etxean prestatu edo kozinatzean.

1  Birusa transmititzeko bide nagusia gaixoak edo sintomarik gabeko eramaileak osasuntsu dagoen pertsona bati transmititzea da, familian, eskolan edo adineko pertsonei arreta emateko zentroetan.

2 Bigarrenik, eta aurrekoa bezain garrantzitsua, kutsatutako elikagai eta uren kontsumoaren bidezko kutsadura da, elikakateko edozein etapan higiene- edo manipulazio-praktika desegokien ondorioz.

3. Giza Osasunean duen eragina

Birusek eragindako infekzioak oso kutsagarriak dira; izan ere, birusen iraizpena sintomak agertu baino lehen hasten da, eta desagertu ondoren ere jarrai dezake.

Gastroenteritis birikoa

Birus-jatorria duten gastroenteritisak dira ohikoenak industrializatutako herrialdeetan, eta norobirusak dira mundu osoan jatorri ez-bakterianoko gastroenteritis akutuen agerraldien % 90aren eragile nagusiak. OMEk uste du norobirusak urtean 125 milioi kasu eragiten dituela (eta 35.000 hildako).

Norobirusek “goragalearen gaixotasuna” edo “sabeleko gripea” delakoa eragiten dute. Batez ere neguan hedatzen da, eta 12-48 orduko inkubazio-aldi laburraren ondoren, sintoma nagusiak goragalea, gorakoa eta/edo beherakoa eta abdomeneko minak dira. 1-3 egun bitarteko iraupena dute. Kaltetutako pertsonak erabat osatzen dira oro har, epe luzeko arazorik gabe. Sukarra, hotzikarak eta buruko mina dira hain ohikoak ez diren sintoma batzuk.

Norobirusa oso birus kutsagarria da, eta infekzioa eragiten duen dosia oso baxua izan daiteke (10-100 partikula biriko anduiaren eta pertsonaren kalteberatasunaren arabera); horrek asko errazten du birus-kantitate nahikoa duten aerosolak sakabanatzea, eta, ondorioz, pertsonak eta azalerak kontaminatzea eta elikakatean sartzea. Hortaz, norobirusaren agerraldi batean, transmititzeko modu asko egon daitezke.

Gainera, norobirusaren aurkako immunitateak gutxi irauten du, hilabete gutxi batzuk, eta pertsona batek jasandako birusaren andui zehatzerako baino ez du balio. Norobirusaren aniztasun genetikoa dela eta, pertsonak hainbatetan kutsa daitezke bizitzan zehar.

Hepatitis birikoa

Hepatitis birikoa birus batek eragindako gibeleko inflamazioa da. Hepatitisaren birusik ohikoenak Europan A, B, C eta E motakoak dira (AHB, BHB, CHB eta EHB esaten zaie). Gibelean dituzten eraginak eta gainerako sintomak oso antzekoak diren arren, larritasuna eta gaixotasunaren iraupena birusaren araberakoak dira.

A eta E hepatitisaren birusaren ondoriozko infekzioa kutsatutako elikagaiak edo ura ahoratzean har daiteke, eta infekzio akutua eragiten du; B eta C hepatitisak, berriz, infektatutako gorputzeko fluido batekin kontaktuan egon ondoren agertu ohi dira, eta infekzio kroniko bihur daitezke.

  1. A hepatitis (AHB)

A hepatitisa munduko hepatitis akutu ohikoena da, baina ez da ohikoa Europan. Garapen bidean dauden herrialdeetan endemizitatea altua bada ere (haurren % 90ak 5 urte bete baino lehen infekzio subklinikoa du), baxua da herrialde garatuetan, eta helduak direnean ez dute immunitaterik, ez direlako birusarekin kutsatu. Hala ere, azken hamarkadan agerraldi handiak izan dira Europan, bai kasu-kopuruaren bai lurralde‑inpaktuaren aldetik. OMEk adierazi du AHBak urtean 14 milioi kasu inguru eta 28.000 hildako eragiten dituela (hepatitis birikoen hilkortasunaren % 0,5).

Inkubazio-aldia 15 eta 50 egun artekoa da (28 egunekoa batez beste). Gaixotasunak 2 eta 7 aste artean iraun ohi du, baina batzuetan 6 hilabetera arte luza daiteke.

Infektatuek ez dute beti sintomarik izaten, baina, izanez gero, gastroenteritisaren oso antzekoak izan ohi dira (sukarra, ondoeza, apetitu-galera, beherakoa, goragalea, abdomeneko mina), min horiarekin. Pertsona gehienak azkar sendatzen dira, zenbait aste edo hilabetetan, eta bizitza osorako immunitatea lortzen dute, hepatopatia kronikorik eragin gabe.

Konplikazioak 

Urteekin gaixotasuna larriagoa eta hilgarriagoa da. Kasuen % 15ean urtebeteko arteko hepatitis luzea eta errepikakorra gertatzen da. Horrez gain, oso larria izan daiteke talde sentikorretan, eta hepatitis fulminantea eragin dezake (gibeleko gutxiegitasun akutua).

Gaixotasunaren aurkako txerto seguru eta eraginkorrak daude.

  1. Hepatitis E (EHB)

E hepatitisa E hepatitisaren birusak (EHB) eragindako infekzio akutu edo kronikoa da. Hepatitis biriko akutu ohikoena da. Urtean 20 milioi kasu (horietatik soilik % 16,5ek ditu sintomak) eta 44.000 hildako inguru (hepatitis birikoen ondoriozko hilkortasunaren % 3,3) eragiten ditu.

Europan, azken 10 urteetan, gizakien artean E hepatitisaren gero eta kasu gehiago daude, eta seroprebalentzia % 2-20 artekoa da. Txerri edo basurdeen haragiaren produktu eratorri gordin edo gutxi kozinatuen kontsumoak eragindako elikagai-transmisioko zoonosi bat da. Bere epidemiologia konplikatua da; izan ere, Europako osasun publikoan inpaktu handia duen zoonosi emergentetzat hartzen da.

EHBak eragindako infekzioa sintomarik gabekoa izan ohi da gizakietan. Kasu gehienetan ez da sintomarik garatzen, baina pertsonak seroprebalente bihurtzen dira. Inkubazio-adia 2-6 aste artekoa da. Kasu akutuetan, infekzioak hepatitis automugatua eragin dezake, eta nekea, astenia, goragalea, sukarra eta min horiarekin hasten da. Beste sintoma batzuk entzima hepatikoen maila altuak eta funtzio hepatiko ezohikoen probak, abdomeneko mina eta hepatoesplenomegalia izan daitezke. Oro har, infekzio akutua duten pertsona gehienak guztiz osatzen dira astebete eta bost aste bitarteko epean. Kasu gutxi batzuetan, infekzio akutuak hepatitis fulminantea eragin dezake, gibeleko gutxiegitasun akutuarekin.

EHBaren infekzioa prebenitzeko txertoa garatu da. Txinan baimendu eta merkaturatzen hasi dira, baina Europan ez dago baimenduta eta OMEk ez du gomendatzen.

Konplikazioak

E hepatitisa kroniko bihur daiteke zirrosi hepatiko akutua garatzeko arriskua duten gaixo immunodeprimituetan. Horrez gain, E hepatitisa duten emakume haurdunek gibeleko gutxiegitasun akutua garatzeko arrisku handiagoa dute, eta % 20-25eko hilkortasuna du hirugarren hiruhilekoan.

Arrisku taldeak

Komenigarria da aintzat hartzea gastroenteritisa, oro har, likido-galerek eragindako deshidratazioaren bidez larriagotu egin daitekeen infekzioa dela. Hori dela eta, garrantzi handia du hepatitis akutu eta kronikoan antzematen badira sistema immunitario ahuleko pertsonetan (jaioberriak, 5 urtetik beherako umeak, 60 urtetik gorako nagusiak, minbizia duten gaixoak, diabetikoak, GIB eramaileak) eta haurdun dauden emakumeetan.

5 urtetik beherako haurrak

Adineko pertsonak

Pertsona immunodeprimituak

Haurdun dauden emakumeak

BIRUS BIDEZKO INFEKZIOEN INTZIDENTZIA EUROPAN

Elikagaien bidez transmititzen diren birusak Europar Batasunean maiztasuna handiena duen hirugarren agentea dira, bakterioen eta bakterio-toxinen ondoren (EFSA/ECDC Zoonosis report, 2023).

Taula 1.Prebalentzia (EFSA Dashboard, 2023)

Agente birikoa Agerraldi kop. Kasuak Ospitaleratzeak Heriotzak Elikagai kaltetuak
Norobirusa (eta beste kalizibirus batzuk) 1 332 7305 97 2 Elikagai prestatuak, ura, esnea eta esnekiak, animalia jatorrikoak ez diren elikagaiak, itsaskiak
AHB 8 71 14 0 Elikagai prestatuak, ura, animalia-jatorrikoak ez diren elikagaiak
EHB 4 10 7 0 Animalia-jatorriko elikagaiak
Errotabirusa 2 28 2 0 Animalia-jatorrikoak ez diren elikagaiak
(1) Norobirusa eta beste kalizibirus batzuk pertsonen kasu-kopuruari dagokionez inpaktu gehien izan duten agenteak izan dira. Aurkikuntza hori aurreko beste urte batzuetan ere (2012, 2015, 2016, 2019) ikusi zen, eta oso lotuta dago birus-agente horren epidemiologia espezifikoari. Agentea izaera epidemikokoa da, eta agerraldi oso handiak eragin ditzake. Berez, 2022an, 100 gaixotu baino gehiago eragin dituen norobirusaren agerraldien berri eman zen.

4. Elikagaien bidezko esposizioa

Elikagai guztiak kutsa daitezke birusarekin; hala ere, aldatu egiten da birus motaren arabera. Hauek dira birus bakoitzarekin kutsatzeko aukerarik handiena duten elikagaiak:

sanwichKontsumitzeko prest dauden elikagaiak

Birus guztiak

Pasteurizatu gabeko esne gordina eta esne gordinaz egindako esnekiak

Birus guztiak

Ura edo izotza

Birus guztiak

ensalada

Fruta eta barazki gordinak

Norovirus eta VHA

Molusku bibalbioak

Norovirus eta VHA

Txerri haragia eta eratorritako produktuak, gordinik kontsumituko badira (pateak, hestebeteak) edo gutxi kozinatu badira (hanburgesak, saltxitxak)

VHE

5. Arriskuaren Ebaluazioa

2011z geroztik, nazioarteko agintariek elikagaiek transmititutako birusaren arriskuari buruzko honako azterlan eta ebaluazio hauek egin dituzte:

  1. Elikagai-birusen presentzia eta kontrola (EFSA, 2011). Honako hau ondorioztatzen du:
  • Birusek elikakatearen fase guztietan kutsa ditzakete elikagaiak, eta birusen transmisioa gerta daiteke ekoizpen-prozesuan zehar kutsatutako elikagaiak kontsumitzeagatik edo infektatutako elikagaiak manipulatzean kutsatutako elikagaiak kontsumitzeagatik.
  • Birus zoonotikoen transmisioa (besteak beste, EHB) animalia-jatorriko produktuak kontsumitzeagatik ere gerta daiteke.
  • Birusak ez dira ugaltzen elikagaietan, baina epe luzeetan iraun dezakete partikula kutsatzaile gisa bai ingurumenean, bai elikagaietan.

Nolanahi ere, arriskuaren ebaluazioa ezinezkoa egiten duten zenbait ziurgabetasun identifikatzen ditu:

  • EBn ez dakite zenbat gaixotasun izan daitezke elikagaien bidezko transmisioaren ondorio.
  • Oraindik ezin izan da zehaztu iturriek (itsaskiak, produktu freskoak, elikagaien manipulatzaileak, sintomarik gabeko iraizleak, elikagaien manipulazio-ingurunea) zenbateko ekarpen erlatiboa egiten dieten elikagaiek transmititutako gaixotasun birikoei.
  1. Elikagaien bidez transmititutako E hepatitisaren birusarekin (EHB) lotutako arriskuak osasun publikoarentzat (EFSA, 2017). Honako hau ondorioztatzen du:
  • Nahiz eta Europan diagnostikatutako kasuen kopurua txikia den, ziurrenik, benetako kasuen kopurua handiagoa litzateke; izan ere, Europako zenbait herrialdetako seroprebalentziari buruzko datuen arabera, infekzio subkliniko asko daude. Gainera, pertsonen infekzioa ez dago zertan jakinarazi zenbait estatu kidetan.
  • Badirudi elikagaien bidezkoa transmisioa bide garrantzitsua dela Europan, eta txerriak eta basurdeak direla iturri nagusiak.
  • Animalia gordailuen haragia, gibela eta produktu eratorriak kontsumitzeagatik EHBren bidezko infekzioa modu eraginkorrean kontrolatzeko aukera bakarra tratamendu termikoa da; hortaz, saihestu egin behar da txerri, basurde de oreinen haragi-produktu gordinak kontsumitzea.
  1. Elikakateko birus enterikoek Europako biztanleentzat duten arriskuaren ebaluazioa (EFSA 2022). Honako hau ondorioztatzen du:
  • Gaur egun arte, elikagai-birusen Arrisku Mikrobiologikoen Ebaluazioak (MRAk) mugatuak izan dira. Arriskuen Ebaluaziorik ez egotearen arrazoi nagusia da zaila dela detekzio-metodoak erabiltzea eta zaintza‑datuak eskuratzea, bakterioekin alderatuta; beraz, datu gutxiago daude prebalentziari, kontzentrazioari eta inaktibazioari buruz. Ondorioz, birusek isilean laguntzen jarraitzen dute elikagaien gaixotasunak munduan hedatzen.

Ebaluazio horretan, gomendio hauek ematen dira:

  • Produkzioan zehar birusen prebentzioa eta kontrola arretaz aztertzea, eta teknologia berrien edo emergenteen inaktibazio-potentziala ebaluatzea.
  • Txosten honen ondorioak aintzat hartzea EBn elikagaien bidez transmititzen diren birusen arriskuaren sailkapen berri eta xehatua egiteko, eta, horretarako, bibliografiako datuak erabiltzea eta adituei kontsultak egitea.
  • Birusen inaktibazioari buruzko datu gehiago gehitzea programa informatikoetan eta mikrobiologia prediktiborako diseinatutako datu-baseetan, eta inaktibazio horretan elikagaien matrizearen eragina aintzat hartzea.
  • Birusaren inaktibazioa modelizatzea kozinatu gabeko elikagaien ekoizpen-prozesuan zehar, laborategietan esperimentatzearen bidez.
  1. Elikagaietan birusaren Arrisku Mikrobiologikoen ebaluazioa (FAO/OME 2023):

FAO/OMEren Arrisku Mikrobiologikoen Ebaluazioari buruzko Adituen Batzordea (JEMRA) berriz ebaluatzen ari da birusak osasun publikoan duen arriskua, eta elikagaien bidez transmititzen diren giza gaixotasunei lotutako birusen berrikuspen bat argitaratu du. Hiru izapideren arabera sailkatu ditu (gaixotasunaren maiztasuna, larritasun klinikoa eta birus-elikagai binomioak). Txostenak honako hau ondorioztatzen du:

  • Norobirusa da elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasun birikoen kausa nagusia eta jarraian A hepatitisaren eta E hepatitisaren birusak. Larritasun klinikoari dagokionez, AHB eta EHB berdin sailkatu ziren, nahiz eta norobirusaren gainetik dauden. Maiztasuna zein larritasuna aintzat hartzean, birusen sailkapena honako hiru talde hauetan banatu zuen:
    1. norobirusa
    2. A hepatitisaren birusa eta E hepatitisaren birusa, garrantziaren hurrenkeraren arabera.
    3. errotabirusa, sapobirusa, enterobirusa, astrobirusa eta adenobirus enterikoa (garrantziaren hurrenkeraren arabera).

Norobirusa AHB EHB
Elikagai prestatuak eta kontsumitzeko prest dauden elikagaiak Itsaskiak Txerrikia
Baia izoztuak Baia izoztuak Basoko ehiza-haragia
Itsaskiak Elikagai prestatuak eta kontsumitzeko prest dauden elikagaiak

Ziurgabetasunak

Arriskuen ebaluazioetan identifikatuta ziurgabetasunak:

  • Ez dago hain ezagunak ez diren beste birus batzuek (errotabirusa, sapobirusa, enterobirusa, astrobirusa eta adenobirus enterikoa) kutsatutako elikagaiei buruzko daturik.
  • Ez dago zaintza-daturik.
  • Elikagaien bidez transmititutako kasuak gutxitan jakinarazten dira, sintomarik gabeko infekzioak baitira.
  • Infekzio birikoa ebaluatzen duten metodo gutxi daude elikagaietan detektatzen direnean, detekzioaren eta giza osasunerako arriskuaren arteko korrelazioa ezarri ahal izateko.
  • Beharrezkoa da detekzio-neurriak hartzea birus infekziosoak eta ez-infekziosoak bereizteko, elikagaietan eta ingurumenean anplifikazio molekularra eginez. Metodo horiek beharrezkoak dira arriskuaren ebaluazio kuantitatiboak eta kontrol-neurri ekonomikoak garatzeko.
  • Irizpide mikrobiologikoak behar dira norobirusarentzat eta AHBrentzat elikagai nagusi batzuetan, bereziki molusku bibalbioetan. AHBrentzat emaitza negatiboa eskatu beharko litzateke, infekzioa larriagoa baita, eta norobirusarentzat kutsadura onargarriaren gehieneko maila.
  • EHBren epidemiologiari eta kontrolari buruzko ikerketa gehiago egin behar dira txerri-taldeetan, hiltzeko unean birus-maila handia duten txerrien kopurua ahalik eta gehien murrizteko.

6. Prebentzioa eta Arriskuaren Kontrola

6.1. Elikadura-katean

Elikakate osoan zehar, higienearen eta fabrikazioaren arloko jardunbide egokiak aplikatu behar dira, bai eta Arriskuen eta Kontrol Puntu Kritikoen analisiaren (AAKPK) printzipioetan oinarritutako autokontrol-sistema bat ere.

Elikagaiek transmititutako infekzio birikoak kontrolatu eta prebenitzeko neurri garrantzitsuenak indartu egin behar dira elikakate osoan zehar (EFSA, 2011 eta FAO 2012).

  • Ekoizpen primarioan garrantzitsua da ureztatzeko uren eta frutak eta barazkiak desinfektatzeko erabiltzen den uraren kalitatea kontrolatzea; izan ere, ur horiek elikagaiekin erabiltzeko uren kalitateari buruzko araudia bete behar dute. Horrez gain, ongarrien jatorria eta kalitatea eta instalazioen higienea ere kontrolatu behar da.
  • Molusku-hazkuntzan laborantza-eremuetako uren kalitatea zaindu behar da.
  • EHBaren kasuan, txerrietan prebalentzia murrizteko estrategiak abiarazi behar dira, pertsonei transmititzeko arriskua txikitzeko.
  • Oso garrantzitsua da elikakateko langileek higiene egokia eta zorrotza izatea, elikagaietara birusik transmiti ez ditzaten edo instalazio eta azaleretan heda ez daitezen. Elikagaiak manipulatzen eta gastroenteritisa duten pertsonei dagokienez, gomendatzen da lanera itzul daitezela soilik beherakoaren eta gorakoaren sintomarik gabeko aldia igaro ondoren (adibidez, 48 ordu), eta hepatitisaren kasuan, min horiaren sintomak desagertu eta kutsatzaileak izan daitezkeelako ustea baztertzeko azterketa medikoa egin ondoren.
  • Garbiketa- eta desinfekzio-planak oso garrantzitsuak dira, sintomatik gabeko infekzioen kopurua handia baita.

2016an, OMEk Hepatitis birikoaren aurkako osasunaren sektoreko mundu mailako estrategia 2016-2021 jarri zuen martxan lehen aldiz, hepatitis birikoak desagerraraztea osasun publikoko arazo izateari utz ziezaion. Estrategia horrek 2030erako kasuak % 90 eta hilkortasun-tasa % 65 murrizteko helburua lortzeko herrialdeek eta OMEK hartu behar dituzten neurriak zehazten ditu. Horretarako, Era berean, FAO/OMEren Arrisku Mikrobiologikoen Arriskuaren Ebaluazioko Adituen Batzordeak (JEMRA) duela gutxi argitaratu ditu elikakatea elikagaiek transmititutako birusen kutsaduratik babesteko kontrol- eta prebentzio-neurriak (FAO/OME, 2024).

Prebentzioa da, oraindik ere, elikagaiek transmititutako birusak kontrolatzeko giltzarria, honako premisa hauetatik abiatuta:

  • Giza material fekala eta kutsatutako pertsonen gorakoa dira norobirus eta AHB bidezko kutsadura-iturri nagusiak
  • Elikatatean zehar, kutsadura-bide nagusiak dira gorozkiek kutsatutako urak, elikagaiek transmititutako birusak dituzten elikagai-manipulatzaileak eta hondakin-urak.
  • EHB txerrien eta zenbait ehiza-animalien haragian, organoen ehunetan eta iraizpenetan egoten da.

Birusak iraunkorrak dira ingurumenean eta erresistenteak elikagaiek transmititutako agente patogenoak inaktibatzeko normalean erabiltzen diren tratamendu askoren aurrean. Nolanahi ere, inaktibazio-metodoak beharrezkoak dira oraindik eta gaur egun horiek ebaluatzen ari dira.

Jarraian, normalean gehien kutsatzen diren elikagaietan birusa desagerrarazteko metodorik eraginkorrenak biltzen dira:

Itsaskiak

  • Arazketak (<48 ordu) ez ditu behar bezala desagerrarazten edota inaktibatzen birusak kutsatutako produktuetan, baina itsasoko ur garbian 21 egunez baino gehiagoz berrinstalatzea eraginkorra da.
  • Tratamendu termikoak birusak barne-tenperatura oso altuetan (> 90 ºC) 90 segundoz inaktibatzea ahalbidetzen du. Hala ere, produktua onargarria ez izatea eragin dezake.
  • Presio altuetako prozesatua eraginkorra da birusa inaktibatzeko, nahiz eta horrek propietate organoleptikoak kaltetu ditzakeen.

Produktu freskoak eta izoztuak

  • Produktuak (besteak beste, letxugak eta tipulak) urarekin bakarrik garbitzean, elikagaiek transmititutako patogeno birikoen < 1 log10 ezabatzen dira; kloroz egindako desinfektatzaileen kontzentrazio txikiak gehitzeak eraginkortasuna areagotu dezake, baina baliteke arazoak izatea araudiarekin eta ezaugarri organoleptikoekin.
  • Tratamendu termikoak eta esterilizazio komertzialak (marmeladak eta jeleak) birusak inaktibatzen ditu.
  • Zukuak pasteurizatzean, printzipioz nolabaiteko inaktibazioa lortu beharko litzateke, baina gerta liteke denbora luzeagoak eta/edo tenperatura altuagoak behar izatea beroarekiko erresistentzia duten anduiak ezabatzeko.

Elikagai prestatuak eta kontsumitzeko prest dauden elikagaiak

  • Produktuen talde horretako birusa inaktibatzea azalerak desinfektatzean eta higiene pertsonalean oinarritzen da.
  • Desinfektatzaile gehienek zati batean inaktibatzen dituzte norobirusak. Aldagarritasun nabaria dago produktuen errendimenduan, substantzia aktiboaren eta formulazioaren arabera.

Txerrikia eta ehizaki basatia

  • Haragian, E hepatitisaren birusak beroarekiko erresistentzia handia du.
  • Gordin edo gutxi kozinatuta dauden txerrikietan arrisku altuko ehun kutsatuak (gibela edo odola) erabiltzea saihesteak birusa elikagaietara transmititzeko arriskua murriztu dezake.

BIRUSAK INAKTIBATZEKO TRATAMENDUAK

TRATAMENDU TERMIKOAK

Inaktibatzeko tratamendu nagusia tenperatura da, baina birus motaren arabera denbora luzeagoak behar izaten ditu.

  • Norobirusak 60ºC-tan, 30 minutuz, inaktibatzen dira.
  • AHB eta EHB 60ºC-tan, 10 minutuz, inaktibatzen dira.

*Birusek bizirik irauten dute izoztean; beraz, ez da neurri egokia elikagaien kutsadura birikoa murrizteko.

5.2. Etxean

Etxean, hauek dira aurkako prebentzio-neurriak:

OMEren 5 gakoak, elikagaiak prestatzerakoan eta kozinatzerakoan higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiak betetzeko:

UraErabili ur eta lehengai seguruak.

Garbitu ongi fruta eta barazkiak kanilako ura erabiliz, gordinik kontsumitu behar badira.

FrigoGorde elikagaiak tenperatura seguruetan.

Hoztu elikagaiak 5º C-tik beherako tenperaturetan, S. aureus hazteko aukerak mugatzeko bakterio horrek kutsa ditzakeen elikagaietan.

GarbiketaGarbitasuna zaindu: desinfektatu gainazala, tresnak eta mozteko oholak.

Contaminación cruzadaBereizi elikagai gordinak eta kozinatuak, kutsadura gurutzatua saihesteko.

EgosiKozinatu elikagaiak erabat (70º C) eta mantendu bero kontsumitzen diren arte.

Elikagaiak kontsumitu ondoren, hoztu soberakinak albait arinen (<5º C) eta kontsumitu 24 orduren barruan, aldez aurretik berotuta.

Elikagaien Segurtasunaren arloko agintariek kontuan hartu beharreko gomendio hauek ere ematen dituzte:

Cadena de fríoElikagaiak garraiatu bitartean hotz-katea gordetzea

EtiquetaKontserbatze-epeen eta tenperaturen jarraibideak errespetatzea, baita elikagaien etiketako iraungitze-data ere.

frigoElikagaiak giroko tenperaturan ez desizoztea, ezpada hozkailuaren behealdean

7. Lege-mugak

Oro har, elikagai-enpresek bete egin behar dituzte araudi honetan ezarritako irizpide mikrobiologikoak: BATZORDEAREN 2073/2005 Araudia (EE), 2005eko azaroaren 15ekoa, elikagaiei ezarri dakizkiekeen irizpide mikrobiologikoei buruzkoa. Hala ere, araudi horrek ez du muga mikrobiologikorik ezartzen birusez kutsa daitezkeen elikagaien segurtasuna bermatzeko.

Ezartzen duen gauza bakarra da metodo analitikoak behar beste garatzen direnean birus patogenoen irizpideak ezarri beharko direla molusku bibalbo bizien kasuan. Ondorioz, metodo analitikoak garatuta daudenean, norobirusari aplikatu beharreko irizpide mikrobiologikoak ezarri ahal izango dira.

8. Esteka interesgarriak

Eguneratze data: