Mikroplastikoak eta nanoplastikoak

Laburpena

Mikroplastikoak eta nanoplastikoak produktu plastikoen forma mikroskopikoak dira, 5 mm baino gutxiagokoak. Hein batean, makroplastikoak zatitzearen ondorioz sortzen dira, eta, degradatzeko zailak direnez, hainbat hamarkada igarotzen dituzte ingurumenean, batez ere ur-inguruneetan.

Mikroplastikoak eta nanoplastikoak elikatze-katera sar daitezke eta itsasotik datozen elikagaietan egon daitezke, hala nola arrainetan, krustazeoetan, moluskuetan eta arrain-irinetan. Horrez gain, beste elikagai batzuetan ere ager daitezke, kantitate txikiagoan bada ere; esaterako, eztian, garagardoan edo mahaiko gatzean.

Gizakiek mikroplastiko eta nanoplastikoekiko esposizioa izan dezakete, arnasketaren bidez, elikaduraren bitartez edo bide topikotik.Gaur egun mikroplastikoen eta nanoplastikoen esposizioari eta toxikotasunari buruz dugun ebidentzia zientifikoa oso mugatua da. Dena den, EFSAk adierazi zuenez, bere balioespenen arabera, gizakiek arrantzako produktuetako mikroplastikoen gehigarri kutsatzaileekiko duten esposizioak eragin txikia du beren osasunean.

Partikula horiekiko esposizioa murrizteko neurririk garrantzitsuena plastikoen erabilera gutxitzea da.Horrez gain, eta kontuan hartuta informazio gutxi dugula partikula horiek elikagaietan duten presentziari eta izan dezaketen toxikotasunari buruz, beharrezkoa litzateke ikerketak egitea, zalantza horiek guztiak argitzeko.

1. Zer dira?

Plastikoak polimero sintetiko eta erdisintetikoen familia zabal bat dira, eta baliabide fosilak (ikatza, gas naturala, petrolio gordina) nahiz produktu organikoak, hala nola zelulosa, gatza eta konposatu berriztagarriak (artoa, patata, erremolatxa, almidoia, algak, etab.), erabiltzen dira horiek sortzeko.Tenperatura eta presio espezifikoekin moldatzen dira, eta erresistentzia, iraunkortasun, isolamendu eta malgutasun handia izaten dute.Gainera, material oso merkea da eta, ondorioz, gauza askotarako erabiltzen da; ildo horri eutsiz, kasu askotan, material tradizionalak ordezkatu ditu.

Plastikoen hiru kategoria nagusi daude:

  • Termoplastikoak: berotzean bigundu egiten dira eta hoztean, ordea, gogortu; adibidez: polietilenoa (PE), polipropilenoa (PP), politetrafluoroetilenoa (tefloia), polietilen tereftalatoa (PET), poliamida (PA), polibinil kloruroa (PVC) eta poliestirenoa.
  • Termoegonkorrak: moldatu ondoren, ez dira berriro biguntzen; adibidez: epoxi erretxinak, poliuretanoa (PU) eta poliester-erretxinak.
  • Elastomeroak: luzatu ondoren ere, materiala bere jatorrizko formara itzul daiteke; adibidez: kautxua eta neoprenoa.

Plastikoak neurri desberdinetakoak egin daitezke, izango duten aplikazioaren arabera:

  • Makroplastikoak: aurreprodukzioko erretxina-pelletak urtu eta moldatuta edo zuntzak manipulatuta osatzen dira.5 milimetro baino gehiagokoak dira.
  • Mikroplastikoak: forma desberdineko materialen nahasketa heterogeneoak dira (zatiak, zuntzak, esferak, pikorrak, ezkatak, etab.). 0,1 eta 5.000 mikrometro (µm) artean neurtzen dute.
  • Nanoplastikoak: nanoeskalako barne-egitura edo gainazal-egitura duten material plastikoak dira; alegia, 1 eta 100 nanometro artean neurtzen dute, edo, beste era batera esanda, 0,001 eta 0,1 µm artean.

 

Nola sortzen dira?

Mikro eta nanoplastikoak neurri horietan fabrika daitezke (mikro eta nanoplastiko primarioak), edo plastikozko produktu handiagoak hondatzearen eta zatitzearen ondorioz sor daitezke (mikro eta nanoplastiko sekundarioak).

Plastikoak fabrikatzean monomeroak erabiltzen dira, hala nola estirenoa, etilenoa eta propilenoa, eta horiek zenbait gehigarrirekin nahas daitezke, errendimendua hobetzeko (adibidez, plastikotzaileak, antioxidatzaileak, sugar-atzeratzaileak, egonkortzaile ultramoreak, lubrifikatzaileak eta koloragarriak).

Plastikoak oso zabalduta daude gure ekosisteman.Hondakin plastikoak oker kudeatzeak berekin ekarri du ur gezatako, estuarioetako eta itsasoko inguruneak gehiago kutsatzea.

2. Elikagaien bidezko esposizioa

Mikroplastikoak zuzenean janda sar daitezke elikatze-katean (adibidez, suspentsioko mikroplastikoak irentsi dituzten itsasoko animaliak janda), edota transferentzia trofikoaren bidez, alegia, mikroplastikoak dituzten beste animalia batzuk janda.

Bestetik, elikagaiek mikroplastikoak izan ditzakete, besterik gabe, elikagaien gainazalean geratu direlako. Hori da, esaterako, atmosferako hautsaren zati diren mikrozuntzen kasua; hauts hori elikagaien gainera erortzen da ekoizpen- eta kontsumo-kate osoan zehar.

Arrainek mikroplastikoen kontzentrazio handiak izaten dituzte, baina gehienetan urdailean edo hesteetan izaten dituztenez, kontsumitzaileek ez duten horiekiko esposizio zuzenik izaten, arrainen zati hori kendu egiten delako, oro har. Aldiz, krustazeoak eta kusku biko moluskuak, hala nola ostrak eta muskuiluak, osorik jaten dira. Ondorioz, horiek kontsumitzean, aipatutako konposatuekiko esposizioa handiagoa izan daiteke.

Bestetik, mikroplastikoak egon daitezke animaliak elikatzeko erabiltzen diren arrain-irinetan, beraz, partikula horiek itsasokoak ez diren elikagaietan ere ager daitezke.

Azkenik, mikroplastikoak ikusi dira eztian, garagardoan eta mahaiko gatzean, askoz ere kantitate txikiagoan bada ere.

Nanoplastikoei dagokienez, ez dago daturik elikagaietan aurki ditzakegun nanoplastiko-edukiei buruz; hortaz, ezin izan da kalkulatu herritarrek zer-nolako esposizioa duten partikula horiekiko.

3. Giza osasunean dituen ondorioak

Gizakiak mikroplastiko eta nanoplastikoen eraginpean jar daitezke arnasa hartu edo jaten dutenean. Bide topikotik ere izan dezakete horiekiko esposizioa. Partikula horiek gure osasunean eragiten dute hurrengo hauei lotuta:

a) Partikulak berak.

b) Partikuletatik migra dezaketen osagai kimikoak.

c) Partikulek garraia ditzaketen giroko beste kutsatzaile batzuk.

d) Partikulen mikrobio-kutsadura.

EFSAk elikagaietan eta, bereziki, arrantzako produktuetan mikro eta nanoplastikoak azaltzeari buruzko txostenean (EFSA, 2016) ondorioztatutakoarekin bat, ezin daiteke arriskua oso-osorik ebalua, ondorengo hauen datuak nahikoak ez direlako: substantzia horiek elikagaietan duten presentzia, digestio-hodira iritsitakoan duten jomuga eta horien toxikotasuna.

Nanoplastikoei dagokienez, nanomaterial desberdinez egindako ingeniaritza-nanopartikulak ehun mota guztietan sar daitezke eta baliteke gizakiaren zelulatan bukatzea. Horrek ondorioak izan ditzake giza osasunean.

Bestalde, mikroplastikoen % 4 gehigarriak izan daitezke, batez beste, eta kutsatzaileak xurga ditzakete. Hala gehigarriak nola kutsatzaileak organikoak zein inorganikoak izan daitezke. Nagusiki honako gehigarri plastiko eta kutsatzaile xurgatu hauei buruzko informazioa dago eskuragarri: ftalatoak, A bisfenola (BPA), difenil etel polibromatuak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (HAP) eta bifenilo polikloratuak (PCB). Metalei buruzko informazioa urria da eta beste kutsatzaile kimiko batzuei buruzko daturik ez dago.

Hainbat ikerketaren arabera, elikagaietan mikroplastikoak kontsumitu ondoren, substantziak ehunetara irits daitezke; beraz, garrantzitsua da, batez beste zenbateko ingesta egiten den kontuan hartzea. Aurrekoari eutsiz, EFSAk zenbatetsitakoaren arabera, muskuiluen anoa batek (225 g) 7 µg mikroplastiko izan ditzake eta, mikroplastikoak PCB edo BPAren kontzentrazio altuak balitu, irentsiz gero, bi substantzia horiek oso eragin txikia izango lukete. Kasurik okerrenean, PCBen % 0,01 eta BPAren % 2 baino gutxiago litzateke.

4. Arriskuaren prebentzioa eta kontrola

Elikagaietan dauden mikroplastiko eta nanoplastikoei eta, nagusiki, partikula txikienei (<150 µm) buruzko informazioa urria denez, baita organismoek substantzia horiek xurgatzeari, beren toxikotasunari eta prozesatu osteko ondorioei buruzkoa ere, neurri nagusia da zehaztutako arlo horietan guztietan ikerketa sustatzea.

Era berean, elikagaietan dauden mikro eta nanopartikulak hobeto zaintzeko, beharrezkoa da metodologia estandarizatzea.

Bestetik, herrialde askotan dagoeneko plastikoen erabilera murrizten ari dira eta, horri esker, partikula horien sorrera murriztuko da eta, ondorioz, elikagai gutxiagotara iritsiko dira (Europar Batasunaren plastikoarentzako estrategia ekonomia zirkularraren baitan, 2018).

5. Lege-mugak

Legediak ez du elikagaiak kutsatzen dituzten mikroplastiko eta nanoplastikoen inguruko gehieneko edukirik zehazten, nahiz eta, aipatu den bezala, EBk plastikoei buruzko politika- eta legedi-sorta zabala duen.

Bestalde, elikagaiekin kontaktuan dauden plastikozko materialek elikagaiak ukituko dituzten plastikozko objektu eta materialei buruzko 10/2011 Erregelamenduko (EB) xedapenak bete behar dituzte. Plastikoak zehazteari dagokionez, analisi-metodoak mugatuak dira; hortaz, elikagaietan plastikoak identifikatu, kuantifikatu eta ebaluatzeko metodoak garatu eta estandarizatu behar dira.

Eguneratze data: