Patulina

PatulinaLaburpena

Patulina Penicillium, Aspergillus eta Byssochylamys onddo espezie desberdinek ekoizten duten mikotoxina bat da. Penicillium expansum da ziurrenik espezierik ohikoena.

Patulina sagarretik eratorritako produktuetan aurkitu da, bereziki sagar-zukuan (iragazi gabea), pureetan eta konpotetan, baldin eta horiek egiteko onddoak kaltetuta sagarrak erabili badira.

Mikotoxina hori ez da organismoan metatzen, baina kontsumitzen den kopurua handia bada pisu-galera, hesteetako nahasmenduak eta giltzurrun-funtzioaren narriadura eragin ditzake.

Nazioarteko mailan Elikagai Gehigarrien FAO/OMEko Adituen Batzorde Mistoak (JECFA) patulinarako behin behineko gehieneko eguneko ingestio jasangarria (IDTMP) ezarri zuen (0,4 µg/gorputz-pisuaren kg/egun, eta, EB mailan, EBko Giza Elikaduraren Batzorde Zientifikoak (SCF) onartu zuen 2000. urtean.

 IARCek patulina 3. taldean sailkatzen du (ezin da sailkatu gizakientzako kartzinogenizitateari dagokionez).

Hasierako fasean (uzta landatzen denetik bildutako elikagaiak garraitu bitartean), garrantzitsua da nekazaritzako higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiak aplikatzea. Elikagaien eraldaketan, berriz, garrantzitsua da fabrikazioko jardunbide egokiak aplikatzea, patulinaren kutsadura eragin dezaketen arrisku-faktoreak murrizteko.

1. Zer da?

Patulina Penicillium, Aspergillus eta Byssochylamys onddo espezie desberdinek ekoizten duten mikotoxina da. Penicillium expansum da ziurrenik espezierik ohikoena.

Orokorrean onddo horiek nonahi bizi daitezke (landaredian, lurzoruan, uretan eta airean) edo fruten gainazalean egon daitezke. Hala ere, ez dira frutetan hazten azala hautsi duten intsektuen kolpe, arraila edo ziztadarik ez badago. Eratorritako produktuetan (zukuak edo pulpak, adibidez), berriz, oso ondo hazten dira hotzean eta atmosfera geldo batean kontserbatzen ez badira.

2. Elikagaien bidezko esposizioa

Patulina sagarraren produktu eratorrietan aurkitu da, bereziki sagar-zukuan (iragazi gabea), pureetan eta konpotetan, baldin eta horiek egiteko onddoak kaltetuta sagarrak erabili badira. Produktu hartzituek (sagardoa, adibidez) ez dute patulinarik, hartzidura alkoholikoak mikotoxina hori suntsitzen baitu. Hala ere, patulina produktu horietan aurkitu daiteke hartziduraren ondoren sagar-zukua gehitu bada.

Halaber, kopurua txikiagoan bada ere, patulina aurkitu da udare, irasagar‑gozoki, mertxika, albertxiko, banana, mahats eta erremolatxaren eratorrietan.

Sagar-zukua

3. Giza osasunean duen eragina

3.1. Toxikotasuna

Digestio-bideak xurgatu ondoren, patulina berehala degradatzen da. Dosia handia bada, ahoz xurgatutako patulinak pisu-galera, hesteetako nahasmenduak eta giltzurrun-funtzioaren narriadura eragiten ditu. Patulinarekiko esposizioak, dosi errepikatuetan, neurotoxikotasunaren eta entzimen inhibizioaren zantzuak eragiten ditu hesteetan eta garunean.

In vitro egindako ikerketa askok patulinaren eragin immunotoxikoak erakusten dituzte. Animaliekin egin diren esperimentuek ez dute ematen patulinaren kartzinogenizitateari buruzko ondoriorik ateratzeko aukerarik; hortaz, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) 3. taldean sailkatzen du (ezin da sailkatu gizakientzako kartzinogenizitateari dagokionez).

IARCaren sailkapena

3. taldean (ezin da sailkatu gizakientzako kartzinogenizitateari dagokionez).

3.2. Erreferentziazko balioak

Nazioarteko mailan, Elikagai Gehigarrien FAO/OMEko Adituen Batzorde Mistoak (JECFA) segurtasun-mailak berrikusi zituen 1995ean.Patulina organismoan metatzen ez denez, eta patulina duten produktuen kontsumo-patroia kontuan hartuta, behin behineko gehieneko eguneko ingestio jasangarria (IDTMP) ezarri zen: 0,4 ug/gorputz pisuaren kg/egun, 43 ug/gorputz pisuaren kg/eguneko NOELean eta 100eko segurtasun-faktorean oinarrituta. Ondoren, EB mailan, EBko Giza Elikaduraren Batzorde Zientifikoak (SCF) onartu zuen 2000. urtean.

Behin behineko gehieneko eguneko ingestio jasangarria (IDTMP)

0,4 ug/gorputz pisuaren kg/egun

4. Arriskua prebenitzea eta kontrolatzea

Hasierako fasean (uzta landatzen denetik bildutako elikagaiak garraitu bitartean), garrantzitsua da nekazaritzako higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiak aplikatzea. Elikagaien eraldaketan, berriz, garrantzitsua da fabrikazioko jardunbide egokiak aplikatzea, patulinaren kutsadura eragin dezaketen arrisku-faktoreak murrizteko, Batzordearen 2003ko abuztuaren 11ko Gomendioan (sagar-zukua eta beste edari batzuetan sagar-zukuaren osagaiak patulinarekin kutsatzea prebenitu eta murrizteari buruzkoa) ezartzen den bezala.

Honako hauek dira gomendatutako jardunbide nagusiak:

4.1. Landan

  • Fruta usteltzea edo patulina sortzen duten lizunei sarrera-puntuak uzten dizkieten izurriak eta gaixotasunak kontrolatzeko neurriak hartzea.
  • Fruta ahalik eta arreta handienarekin manipulatu behar da eta etapa guztietan kalte fisikoak ahalik eta gehien murrizteko ahal den guztia egin beharko da.
  • Fruta garai lehorretan bildu beharko da eta ontzi garbietan utzi.
  • Mekanikoki bildutako fruta gehienez ere 3 eguneko epean eraman beharko da ekoizpen-lantegira.

4.2. Biltegian

  • Lizuna normalean giro epelean hazten da. Azkar hozteak eta biltegiratzeko baldintza atmosferikoei eusteak hobetu egingo dituzte frutaren baldintzak. Ahal den neurrian, fruta 3-4 egunetan kargatu eta hoztu behar da 5ºC azpitik.
  • Fruta 4 egun baino gehiagotan gorde behar bada, atmosfera kontrolatuko ganberetan gorde behar da, % 1,8tik beherako oxigeno-kontzentrazioarekin eta CO2 kontzentrazio handiarekin.

4.3. Industrian

  • Ustelduta dagoen fruta guztia, usteltze-gune txikiak dituztenak ere, ahalik eta azkarren bota behar da, eta ondo dagoen fruta soltean gordetzeko ontzi garbi batean gordeko da.
  • Zukua ateratzeko dolareak eta beste fabrikazio-ekipamendu batzuk garbitu eta desinfektatu egin behar dira.
  • Ahal dela, zukua 5ºC-tik beherako tenperaturan hoztuko da eta tenperatura horri eutsiko zaio kontzentratu, ontziratu eta pasteurizatu bitartean.

4.4. Murrizteko tratamenduak

Patulina nahiko egonkorra da termikoki. Onddoaren esporek 90ºC/ 10 segundoko pasteurizazio-tratamendu termikoak edo antzekoak jasan ditzakete.

Patulina hautsi egiten da sufre dioxidoaren eta azido askorbikoaren aurrean.<0} Ingurune alkalinoa inaktibatu egiten da eta landare-materialak xurgatzen du; hortaz, zuku iragazietan oso maila txikiak egoten dira.

Fruta edo produktu eratorriak oxigenorik gabeko atmosferetan eta % 48tik gorako CO2 kontzentrazioetan ontziratzeak atzeratu egiten du onddoaren hazkundea eta patulinaren ekoizpena eragozten du.<0}

5. Legezko mugak

Europar Batasunean Europako Batzordearen 2023ko apirilaren 25eko 2023/915 (EB) Erregelamenduak elikagai jakin batzuetako patulina-edukiaren gehieneko mugak arautzen ditu. Erregelamendu hori elikagaietako kutsatzaile jakin batzuen gehieneko mugei buruzkoa da eta 1881/2006 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

Eguneratze data: