Trichinella

Laburpena

Trichinella animalietan bizi den parasito bat da eta trikinosia eragin dezake pertsonengan, parasito horrekin infestatutako etxeko ugaztunen edo ugaztun basatien okela edo okela-produktu gordinak edo nahikoa kozinatu gabeak kontsumitzeagatik.

Elikagai-jatorriko trikinosi-agerraldiekin gehienbat lotzen den espeziea Trichinella spiralis da, eta haren ostalari nagusiak txerria eta basurdea dira. Pertsonak behin-behineko ostalariak dira, kisteak dituzten animalia infestatuetatik eratorritako elikagaiak kontsumitzean.

Pertsonengan trikinosia ez du eragiten parasitoak bere kabuz, pertsona kaltetuaren muskulu barnean dauden kisteek baizik. Trikinosia asintomatikoa izan daiteke fase arinenean, baina larba-kantitate handia ahoratuz gero, koadro oso larriak izan daitezke.

Trikinosi-agerraldi gehien-gehienak autokontsumorako ehizatutako basurdeen edo hildako txerrien kontsumoarekin lotuta daude, trikina-analisirik egin ez zaienekin. Arrisku hori ez izateko, trikina-analisiak egin behar zaizkie kontsumituko den txerriki guztiari; hortaz, ezinbestekoa da herritarrak prestatzea eta sentsibilizatzea, bereziki ehiztariak edo autokontsumorako txerriak hiltzen dituztenak, laginketa sistematikoak plantea ditzaten.

Halaber, kontsumo-ohiturek zeregin kritikoa dute parasito horren transmisioan; hori dela eta, ez dira haragi eta eratorri gordinak edo gutxi egindakoak kontsumitu behar. Elikagaiak prestatzeko higiene eta manipulazioko jardunbide egokiak gauzatu behar dira, eta elikagaiak 70ºC-tik gorako tenperaturan prestatu (tenperatura horretan inaktibatzen dira T. espiralis parasitoaren kisteak).

1. Zer da?

Trichinella parasito nematodo bat da eta trikinosia edo trikinelosia eragiten du pertsonengan, Trichinella (trikina) generoko espezieen larbak edo kisteak dituzten infestatutako txerri-aziendatik (txerriak eta basurdeak) eratorritako okela edo okela-produktu gordinak edo nahikoa kozinatu gabeak kontsumitzeagatik.

Trichinella ingurumenean dagoen parasito bat da, eta etxeko ugaztun eta ugaztun basati (batik bat txerriak, basurdeak eta ekidoak) ostalarien espezie ugari infestatzeko gai da. Nolanahi ere, beste ugaztun batzuk gaixotasunaren gordailu gisa jardun dezakete, hala nola txakurrek, arratoiek, azeriek, otsoek eta hartzek.

Parasitoaren larbak animalien muskuluetan kokatzen dira eta hesteetan iristen dira helduarora. Ugaldu eta larba biziak sortzen dira, eta sistema linfatikora eta odol-sistemara askatzen dira, muskuluetan sartu arte, eta han enkistatzen dira. Kiste horiek bideragarriak izan daitezke urteetan eta trikinosi izeneko parasito-gaixotasuna eragiten dute.

Animalia ostalariak hilabeteetan infestatzen dira, eta larbak animalien gorpuetan bizirik irauteko gai dira; horri esker, errazago transmititzen da, hondakinak kontsumitzeagatik. Halaber, infestatutako animalietatik eratorritako haragian iraun dezakete bizirik denbora luzez.

Pertsonak behin-behineko ostalariak dira, larbak edo kisteak dituzten animalietatik eratorritako elikagaiak kontsumitzean, eta pertsonengan animaliengan izan duten ziklo bera izaten da.

Bakterioak ez bezala, parasitoak ez dira biderkatzen elikagaietan eta ez dute toxinarik sortzen, baina nematodoak denbora luzez irauten dute bizirik uretan. Bestalde, oso erresistenteak dira kanpoko eraginekiko, besteak beste keztaketaren, hotzaren eta tenperatura altuen eraginekiko denbora aldakorrean, espezieen arabera.

Espainian, gizakiengan elikagai-jatorriko trikinosi-agerraldiekin lotutako espezieak Trichinella spiralis eta Trichinella britovi dira nagusiki. Gainera, 2014an, lehenengoz antzeman zen T. pseudoespiralis.

Trichinella espezieek infestatzen duten ganaduari dagokionez, T. spiralis espezieak txerriak eta basurdeak infestatzen ditu nagusiki, T. britovi espeziea haragijale basatietan agertu ohi da, eta T. pseudoespiralis hegaztietan.

Trichinella espezie guztiak gizakientzako patogeno gisa deskribatzen dira.

Trichinella espeziearen ziklo biologikoa. Iturria: FAO-OME-ECDC 2021

2. Transmisioa

Trichinella elikagaien bidez transmititu daiteke soilik pertsonengana:

 

Elikagaiak – Pertsonak

Trichinella* larbak edo kisteak dituzten elikagaiak* kontsumitzeagatik

*elikagaiak dira transmisio-iturri nagusia, eta elikadura-iturri nagusia basurde edo txerrien okela eta eratorri gordinak edo nahikoa kozinatu gabeak kontsumitzearen bidez gauzatzen da.

3. Eraginak giza osasunean

Animalia infestatuek normalean ez dute sintomarik izaten, baina gaixotasun larria da pertsonentzat. Urtero, 10.000 pertsonak jasaten dute trikinosia munduan eta intzidentzia handiagoa da klima epeleko eskualdeetan. Europan nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da.

Pertsonen adierazpen klinikoa oso aldakorra da, banakoaren sentsibilitatearen, immunitate-egoeraren eta ahoratutako trikina-larben kantitatearen arabera. 100 larba ahoratzea nahikoa da koadro klinikoa eragiteko (OME).

Gaixotasun asintomatiko gisa ager daiteke, edo heste meharrean nematodoak egoteagatik lehen sintoma batzuk izan daitezke (infestatutako okela edo eratorriak kontsumitu eta 24-48 ordura), eta gastroenteritis-koadroa eragin dezake sabeleko minarekin, goragaleekin, gorakoekin eta beherakoarekin. Infestatutako haragia kontsumitzen duten pertsonen % 15ek garatzen dute hesteetako fase hori.

Sintoma sistemikoak (kontsumitu eta 8 eta 15 egunera) behin larbek hesteetako horma zeharkatzen dutenean agertzen dira, eta kolikoak, mialgiak, begietako edemak, muskuluetako eta artikulazioetako mina, arnasteko eta mugitzeko zailtasuna muskuluen zurruntasunagatik, sukarra, nekea eta akidura eragin dezakete. Koadro larriak ere sor ditzakete, hala nola bihotz-gutxiegitasuna, pneumonia, entzefalitisa eta konplikazio kardiobaskularrak, nahiz eta oso kasu gutxitan eragin dezakeen heriotza (munduko hilkortasun-tasaren % 0,2).

Arrisku taldeak

Edonor infestatu daiteke Trichinella espeziarekin, nahiz eta ehizatutako edo etxean hildako txerrietatik eratorritako okela nahikoa egin gabe kontsumitzen duten pertsonek gaixotasuna izateko probabilitate handiagoa duten.

TRIKINOSIAREN INZIDENTZIA

Atlas ECDC 2019

  • 96 kasu (0,02 kasu /100.000 biz.); igo egin da 2018. urtearen aldean, kasuek gora egin dutelako Bulgaria, Italia eta Espainian. Azken horretan 11 kasurekin.
  • 5 agerraldi txerri-okela eta produktu eratorriak kontsumitzearekin lotuta (% 73), 44 kaltetu eta 12 ospitaleratzerekin.

4. Elikagaien bidezko espozioa

Trichinella espeziearekin infestatzeko arrisku handiena duten elikagaiak osasun-kontrolik gabeko ehizaldi edo etxeko txerri-hilketetatik eratorritako txerri- eta zaldi-aziendatik lortutako elikagaiak dira:

Txerri eta basurdeen okelak

eta haien eratorriak edo hestebeteak

Zaldien, astoen eta mandoen okela

KONTROL OFIZIALAK

Trichinella duten laginen %

ONE HEALTH REPORT EFSA-ECDC 2019

Animaliak:

  • % 0,89 aske edo gutxi kontrolatutako sistemetan* hazi diren txerriak, Europako landa-eremuetan. Espainiak izan zituen kasu positibo gehien (113), eta ondoren, Errumaniak, Poloniak, Kroaziak, Bulgariak eta Frantziak.
  • %0,08 basurdeak
  • %1,3 azeri arruntak

* EFSAk eta ECDCk ezartzen dute litekeena dela Trichinella espeziean positibo emandako etxeko txerriei buruz jakinarazitako kopurua benetako kopuruaren gutxiespen bat izatea; izan ere, infekzio hori hartzeko arriskuan dauden txerri gehienak etxeetan hiltzen dira kontrolik gabe eta albaitaritza-erregistrorik gabe.

5. Arriskuen prebentzia eta kontrola

2021eko One Health zoonosiaren azken txostenean EFSAk ezartzen du kontrolik gabeko ostatatze-baldintzak arrisku-faktore nagusietako bat direla etxe-txerriak Trichinella parasitoarekin infektatzeko; halere, adierazten du kontrolatutako txerriak Trichinella espeziearekin infektatzeko arriskua hutsala dela.

5.1. Elikakatea

Ekoizpen primarioan eta elikagaiak eraldatzean, garrantzitsua da higiene-jardunbide egokiak eta Arriskuen eta Kontrol Puntu Kritikoen Analisian (AKPKA) oinarritutako autokontrol-sistemak ezartzea.

Kontrol-neurri espezifikoak:

  • Ustiategiak: biosegurtasun-neurriak ezartzea etxe-animalien eta animalia basatien arteko harremana ekiditeko, baita Trichinella parasitoa izan dezaketen karraskariak kontrolatu eta txerriak janari-hondarrekin elikatzea ekiditea ere.
  • Hiltegiak eta ehiza tratatzeko aretoak: Trichinella parasitoarekin infestatuta egon daitezkeen animalia-espezieen kanalen laginak hartzea (txerriak, basurdeak eta zaldiak) trikinak detektatzeko analisi bat egiteko.
  • Ehiza-jardunbideak: ehiztariak prestatu eta heztea, gutxi egindako edo gordinik dagoen ehizatutako haragia kontsumitzean sor daitezkeen arriskuen inguruan. Halaber, jakin beharko dute basurdeei eta trikinaz infektatzeko aukera handia duten beste animalia basati batzuei laginketa sistematikoak egin beharko zaizkiela hiltegi edo ehiza tratatzeko aretoetan.

INAKTIBAZIO TRATAMENDUAK

Trichinella espeziearekin infestatuta egon daitekeen txerri-haragian parasitoa (larba eta kisteak) suntsitzeko tratamendu nagusia 70ºC-tik gorako tratamendu termikoa da. Halaber, okela irradiatzeak ere parasitoa inaktibatzen du.

TRATAMENDU TERMIKOA

Trichinella (kisteak eta larbak) tratamendu termikoarekin etetea:

  • 70ºC (2 min.)

IRRADAZIOA

Trichinella (kisteak eta larbak) 0,3 KGy-ko irradiazioarekin eteten da

Gazitzea, ketzea eta lehortzea ez dira parasitoa ezabatzeko tratamendu egokiak; beraz, kasu honetan, albaitariaren kontrolik gabeko basurde edo txerriz eginiko hestebete gordin onduak (saltxitxoia, txorizoa, urdaiazpikoa) gaixotasunaren transmititzaile izan daitezke dagokion animaliak parasitoa bazuen. Era berean, izozteak ez ditu Trichinella larba eta kisteak hilko, tenperatura horietan bizirik irauten baitute.

5.2. Etxean

Trikinosi kasu asko etxean okela eta okela-produktu gordinak edo gutxi egindakoak kontsumitzearen ondorioz gertatu ohi direnez, beharrezkoa da jardunbide egokiei jarraitzea higienean eta elikagaien manipulazioan horiek prestatzeari eta egiteari dagokionez, Trichinella kisteen kutsadura ezabatze aldera:

UraErabili ur eta lehengai seguruak.

Garbitu ongi fruta eta barazkiak kanilako ura erabiliz, gordinik kontsumitu behar badira.

FrigoGorde elikagaiak tenperatura seguruetan.

Hoztu elikagaiak 5º C-tik beherako tenperaturetan, Salmonella hazteko aukerak mugatzeko bakterio horrek kutsa ditzakeen elikagaietan.

GarbiketaGarbitasuna zaindu: desinfektatu gainazala, tresnak eta mozteko oholak.

Contaminación cruzadaBereizi elikagai gordinak eta kozinatuak, kutsadura gurutzatua saihesteko.

EgosiKozinatu elikagaiak erabat (65º C) eta mantendu bero kontsumitzen diren arte.

Elikagaiak kontsumitu ondoren, hoztu soberakinak albait arinen (<5º C) eta kontsumitu 24 orduren barruan, aldez aurretik berotuta.

Elikagaien Segurtasunaren arloko agintariek kontuan hartu beharreko gomendio hauek ere ematen dituzte:

frio transporte

Elikagaiak garraiatu bitartean hotz-katea gordetzea, Trichinella larba edo kisteak izan ditzaketen elikagai gordinak garraiatzean.

Ez kontsumitzea jatorria bermatuta ez duten hestebeteak

Etxe-animaliak elikagaiak prestatuko diren eremu eta azalerekin kontaktuan egotea ekiditea.

Kontserbatze-epeen eta tenperaturen jarraibideak errespetatzea, baita elikagaien etiketako iraungitze-data ere.

Elikagaiak giroko tenperaturan ez desizoztea, ezpada hozkailuaren behealdean.

6. Legezko-mugak

Gaur egun, 2005eko azaroaren 15eko BATZORDEAREN 2073/2005 Erregelamenduan (EE), elikagaietan aplikatu daitezkeen irizpide mikrobiologikoei buruzkoan, eta horren ondorengo aldaketetan, ez dago ezarrita muga zehatzik Trichinella espeziearekin kutsatu daitezkeen elikagaien segurtasunari dagokionez. Halere, orokorrean elikagaien ustiategi eta enpresek elikagaien higieneari buruzko 852/2004 Erregelamenduan (EE) eta horren ondorengo aldaketetan adierazitako higiene-neurri orokorrak eta espezifikoak bete behar dituzte.

Era berean, 2015eko abuztuaren 10eko Batzordearen 2015/1375 Betearazpen Erregelamenduak (EB) arau espezifikoak ezartzen ditu haragiko trikinen presentziaren kontrol ofizialetarako. Horrez gain, ezartzen du gizakiek kontsumituko duten basurde eta txerrien haragi guztiak trikina-analisi bat izan behar duela, guztiek 5 aste baino gutxiagoko esne-txerrikumeen kanalek izan ezik, horiek trikinosia izateko arrisku oso baxua baitute.

Abenduaren 9ko 1086/2020 Errege Dekretuak arautu eta malgutu egiten ditu Europar Batasuneko xedapenak aplikatzeko zenbait baldintza, elikagaiak ekoitzi eta merkaturatzeko higiene-arloari dagokionez eta Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpoko jarduerak arautzen ditu. Horrez gain, ezartzen du txerri- eta zaldi-espezieen eta trikina izateko aukera duen ehiza haragiaren kasuan, dagokion aginpideak ezarriko duela animalia guztiek analisi bat izatea ahalbidetuko duen sistema, trikina hori kontsumitu baino lehen hautemateko.

Horrez gain, Espainian 2020an Trikinari Aurre Egiteko Kontingentzia Plan Nazionala egin da; egitasmo horrek ezartzen du animalietan edo okelan trikina hautematean edo hori egon daitekeelako asmoa izatean hartu beharreko neurriak jasotzen dituen jarduketa-protokolo nazionala.  Halaber, gizakiok gaixotasuna jasatearekin lotutako elementuak jasotzen du, ikuspuntu epidemiologiko batetik, infekzioaren jatorria zehaztu eta kasu berriak ekiditeko.

Eguneratze data: