Artsenikoarekiko esposizio kronikoaren arriskuaren ebaluazioa
EFSAk artseniko inorganikoarekiko (iAs) elikadura-esposizio kronikoa ebaluatua du Europako biztanleen artean, elikagaien eta uraren kontsumoaren bitartez egiten dena, eta ondorioztatu du elikadura-esposizio handiena biztanle gazteenen artean topatu dela (bularreko haurrak eta haur txikiak), nahiz eta 2014ko ebaluazioan baino txikiagoa izan.
Inplikatutako elikagaiak
Egungo ebaluazioan artseniko inorganikoaren (iAs) presentzia aztertu zen 13.608 laginetan (7.623 ur edangarriarenak eta 5.985 hainbat elikagai motarenak), Europako 23 herrialdetakoak; eta guztira 2013 eta 2018 artean egindako 44 inkesta dietetikoetako kontsumo-datuak erabili ziren.
Artseniko inorganikoarekiko esposizioari ekarpen handiena egin zioten elikagaien taldeak “arroza eta arrozarekin egindako produktuak”, “zerealak eta zerealekin egindako produktuak (arrozik gabe)” eta “ur edangarria” izan ziren.
Hainbat ad hoc esposizio-agertokik (adibidez, arrozarekin egindako formulen kontsumoa) erakutsi zuten esposizio dietetikoaren zenbatespenak BMDL01 balio-tartearen barruan edo gertu zeudela, muturreko kontsumitzaileen kasuan.
Emaitzak
- Oro har, goi-mugako (UB) zenbatespenak behe-mugakoak (LB) baino bi edo hiru aldiz handiagoak izan ziren.
- Behe-mugako (LB) batez besteko esposizio dietetiko handiena haur txikiena izan zen (0,30 µg gorputzaren pisuaren (gp) kiloko egunean), eta haurtxoena eta haur txikiena (0,61 µg / gp kg / egun) goi-mugan (UB).
- 95 pertzentilean, esposizio-zenbatespen handienak (LB – UB) 0,58 eta 1,20 µg / gp kg / egunekoak izan ziren haur txikietan eta bularreko haurretan, hurrenez hurren.
- Batez besteko elikadura-esposizioaren zenbatespenak, oro har, erreferentziako dosiaren (BMDL01) behe-mugaren (0,3-8 µg / gp kg / egun) azpitik egon ziren. Hala ere, esposizio dietetikoaren 95 pertzentilean, haurtxoentzako, haur txikientzako eta beste haur batzuentzako gehieneko estimazioak BMDL01 mailaren barruan zeuden.
- EFSAk 2014an egin zuen ebaluazioarekin alderatuta, iAs-en elikadura-esposizioaren zenbatespenak nabarmen txikiagoak izan ziren: gehieneko batezbestekoa eta 95 pertzentilaren zenbatespenak 1,5-3 aldiz txikiagoak izan ziren biztanleria-talde guzietan.
Ziurgabetasunak
- Informazioa falta da, bai kontsumoari bai presentziari buruzkoa, elikagaien talde zehatzetan iAs-ak dituzten osagai batzuen inguruan.
- Ezagutza falta dago elikagaiak prozesatzeak eta prestatzeak elikagaietan dagoen artsenikoaren forma ezberdinetan duen eraginaren inguruan.
Gomendioak
- Datu analitikoen hornitzaileei eskatzea EFSAren gidan zehaztutako baldintzei buruzko informazioa aurkezteko, metodo analitiko balioztatuak erabili ahal izateko, sentsibilitate egokiarekin eta erauzketa-metodo egokiekin.
- Arrozaren edo arrozarekin egindako produktuen kontsumo handiagoa egiten duten, eta, beraz, iAs-arekiko esposizio dietetiko handiagoa duten biztanleria-talde sentikorren kontsumo-datuak biltzea (adibidez, gaixotasun zeliakoa duten pertsonak).