ACSAk Kataluniako biztanleentzako osasunerako artseniko-arriskuaren ebaluazioaren emaitzak argitaratu ditu, elikagaietan agertzen den metal hau hartzeagatik. Ondorioztatu du, nahiz eta biztanleria-talde batek ere ez duen BMDL01-ren mailaren beheko muga gainditzen, esposizio‑marjinak (MoE) txikiak direla eta ezin dela nolabaiteko arriskua alde batera utzi, batik bat haurretan.

 

Artsenikoak elikagaietan duen edukia

ACSAk guztizko artsenikoaren eta artseniko inorganikoaren (konposatuaren forma toxikoena) kontzentrazioak aztertu ditu 70 elikagairen 4.140 laginetan.

Guztizko artsenikoaren kantitate handiena antzeman den elikagaien taldea arraina da; mihi‑arraina da kontzentrazio handiena duena (9,283 μg/g freskoan), eta ondoren, txibia eta antxoa (8,732 eta 7,849 μg/g freskoan). Nolanahi ere, arrain guztietan artseniko inorganikoa hautemate-mugaren azpitik egon da.

Bestalde, ogien eta zerealen eta horien deribatuen taldean daude artseniko inorganiko maila altuenak. Talde horien barruan, kontzentrazio handiena arrozean aurkitu da (0,159 μg/g freskoan), baina zenbateko horrek ez ditu legezko gehieneko balioak gainditzen.

Toxikotasuna

Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) artsenikoa 1. kategorian ezarri du gizakientzako kartzinogenoen artean.

Artsenikoaren arriskugarritasuna eta dietan duen presentzia kontuan hartuta, 2019an EFSAk artsenikoaren mailen eta gizakiaren osasunerako ondorioen azterketa egin zuen, bereziki artseniko inorganikoari dagokionez. Gizakien biriketako minbiziari buruzko datuen arabera, EFSAk erreferentziazko dosi bat (BMDL01) erabiltzea proposatu zuen: 0,3-8,0 μg eguneko eta gorputzaren pisuaren kg bakoitzeko.

Esposizioaren ebaluazioa

Aztertutako elikagaien eguneroko kontsumoa eta horien artseniko-edukia kontuan izanda, ACSAk kalkulatu du heldu batek hartzen duen artseniko guztiaren (2,58 μg/egun) % 2,64 artseniko inorganikoa dela, batik bat ogiaren eta zerealen taldetik. Kalkulatutako esposizioetatik abiatuta, argi dago haurrak eta nerabeak direla guztizko artsenikoarekiko eta artseniko inorganikoarekiko esposizio handiena dutenak.

Kataluniako biztanleriaren adin-talde guztiak erreferentziazko dosiaren azpitik daude (BMDL01), eta 0-36 hilabeteko haurrak dira beheko mugara (0,19 μg/kg/egun) gehien hurbiltzen direnak.