Estatu Batuetako zientzialariek aztertu egin dute merkurio kontzentrazioa merkatu estatubatuarretan aurki daitekeen tunido espezietako sushian. Horretarako, bere DNA aztertu dute. Azterketa horren helburua da agentziei laguntzea merkurio kopuru handia duten arrain espezieak identifikatzen; izan ere, espezie horiek arriskutsuak izan daitezke osasun publikoarentzat.

Azterketa horren emaitzen arabera, merkurio kontzentrazioak zerikusia du atun espeziearen tamainarekin eta aztertutako ehunarekin. Bestalde, atun mojen (Thunnus obesus) eta atungorrien (Thunnus thynnus) merkurio kopuruak gainditu egiten du FDAk eta Europako Batzordeak baimentzen duten (1 ppm) maila. Atun argiak (Thunnus albacares), berriz, kopuru baxuagoa izaten du. Bestalde, ondorioztatu dute merkurio kontzentrazioa handiagoa izaten dela arrain espeziearen muskulu-ehunetan gantz-ehunetan baino.

Atun espeziearen arabera, emaitzek ondorioztatu dute merkurio kopurua handiagoa izaten dela jatetxeetako tunido-sushien laginetan supermerkatuetakoetan baino; izan ere, supermerkatuetan atun argi gehiago saltzen da (% 77) jatetxeetan baino (% 22).

Emaitza horiek aintzat hartuta, osasun-agentziei proposatzen diete zehaztea zeintzuk diren merkurio kopuru handieneko espezieak (moja eta atungorria) haurdunei, haurdun egon daitezkeenei eta umeei ematen dizkieten gomendioetan. Halaber, proposatu dute supermerkatu eta jatetxeetako etiketetan zehaztu egin behar dela zein atun espezie den.

Zientzia artikulua merkurio tunidoetan