Azterlana: akrilamida eta furanoa Erresuma Batuko elikagaietan – FSA 2017
Britainia Handiko Elikagai Segurtasunaren Agentziak (FSA) 10 jaki-talderen 526 lagin aztertu ditu, 2014 eta 2015ean zenbateko akrilamida- eta furano-mailak izan dituzten ikertzeko, bat eginez Europako Batzordeak elikagaietako akrilamida zaintzeko eta kontrolatzeko egin duen 2010/307 Gomendioarekin. Azterlanaren arabera, bi urte hauetan prozesuko kutsatzaile kimiko bietan aurkitutako mailek ez dute areagotzen giza osasunaren inguruko kezka, eta, hortaz, gomendioak betetzen dituzte.
Akrilamida
Alde batetik, FSA agentziak 10 elikagai-talderen 518 lagin aztertu ditu (patata frijituak, ogia, laboreak, gailetak, kafea, haurtxoentzako janari prozesatua eta prozesatu gabea, krispetak, pastelak eta txokolatea), Erresuma Batuko hainbat saltokitan batu ostean. Emaitzek erakusten dutenez, elikagaien 29 lagin gomendaturiko akrilamida-mailaren gainetik daude.
Jaki batek maila gomendatua gainditzen badu, FSAk ikertzeko eskatzen dio tokiko agintaritzari. Alabaina, muga gainditzen duten maila hauek ez dira arriskutsuak giza osasunerako, eta ez dute legea urratzen ere; horrenbestez, ez da inolako zehapenik ezartzen.
Oraingo emaitzak aurreko urteetakoekin alderatuta, ondoriozta daiteke ikusitako joerek erakusten dutela akrilamida murriztu egin dela elikagai-talde batzuetan (patata frijituetan, ogian, laboreetan, kafe txigortuan).
Furanoa
Bestalde, FSAk furanoa izan dezaketen 5 elikagai-talderen 250 lagin analizatu ditu (laboreak, gailetak, kafea, haurtxoentzako janari prozesatua eta prozesatu gabea, pastelak eta txokolatea), eta ez du aurkitu giza osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen furano-mailarik.
Dena dela, furanoa oso-oso aldakorra da, eta, zenbait elikagai prozesatutan, furanoaren mailak minimizatu egin daitezke kristalezko ontzietako jakiak edo jaki ontziratuak berotu edo astindu direlako (adibidez, haurtxoentzako janarian). Era berean, furanoa modu naturalean lurruntzen da edari edo janari beroa duen ontzi ireki batean. Bestalde, elikagaien ontziak behin eta berriz ireki eta ixteak ere (kafe txigortuarena, esaterako) eragina du furano-mailak balio-bizitzan izaten duen murrizketan.
FSAk argitu du azterlan honetan ez dituztela kontuan hartu etxean prestatutako jakiak, esposizio orokorrean izugarrizko eragina dutenak, hala nola patata frijitu gehiegi eta beste elikagai batzuk (labean frijituak, erreak edo egosiak). Gainera, nabarmendu du aldi honetan patata frijituak eta etxean prestatzeko beste produktu batzuk ere (krispetak, esaterako) aztertu direla, baina fabrikatzaileak ontzian jarritako argibideetan oinarrituta. Horrenbestez, horrek ez du erakusten kontsumitzaile britainiarrek jakiok benetan nola prestatzen dituzten etxean.
FSAk 2014. urteaz geroztik egiten du azterlan hau, eta 2018ra arte egiten jarraituko du, urtez urteko joerak alderatu ahal izateko. Azterlanaren emaitzak EFSAra bidali ohi dira, arriskuak ebaluatzeko, Europako beste herrialde batzuetako bilduma eta analisi konparatiboarekin batera.