Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) artsenikoaren presentzia aztertu du, gutxi gorabehera, 1.300 arroz-laginetan eta arroz-produktuetan. Laginak 2012an zehar bildu ziren Ameriketako Estatu Batuetako merkatuetan.

Laginetan zenbait arroz-mota (adibidez, zuria, jasmin-arroza eta basmati arroza) eta arroz-produktu jaso dira, honako hauek barne: jaioberri eta haurrentzako laboreak, arroz-pasta, laborez eginiko barrak, arroz-olatak, galletak eta pastelak, postreak eta arroz-esnea; eta zenbait edari (garagardoa, arroz-ardoa eta arroz-ura).

Mailak nabarmen aldatu ziren aztertutako produktuen arabera, baina, oro har, artseniko kopuru atzemangarriak ez dira izan epe laburrean giza osasunean ondorio kaltegarriak eragiteko behar bestekoak. Bestalde, FDAk 20 urte daramatza kutsatzaile kimiko hori kontrolatzen, eta urte horietan guztietan ez da atzeman artseniko-maila osoaren aldaketaren ebidentziarik.

Zehazki, bat-bateko arrozak zituen maila txikienak. Kontzentrazio altuenak, berriz, arroz integralean aurkitu dira.Arrozarekin eginiko produktuei dagokienez, jaioberrientzako formulak zituen maila txikienak, eta arroz-pastak handienak.

Gaur egun eskura dauden datuak eta hainbat azterlan zientifiko oinarri gisa hartuta, FDAk honako aholku hauek eman dizkie Ameriketako Estatu Batuetako kontsumitzaileei:

  • Dieta orekatua jarraitzea. Kontsumitzaile guztiek, baita haurdun dauden emakumeek, jaioberriek eta umeek ere, askotariko elikagaiak hartu behar dituzte, edozein elikagai gehiegi kontsumitzeak dakartzan ondorio kaltegarriak murrizteko.
  • Laboreak aldatu:Arroza, arroz-irina edo arroz-irin integrala galletak, glutenik gabeko pastak eta garagardoa bezalako elikagaietan daude. Komenigarria da bestelako labore nutritiboak kontsumitzea; hala nola, garia, garagarra eta oloa.
  • Jaioberriaren elikagaiak dibertsifikatu, asteko arroz-laboreen anoak mugatuta eta beste ale batzuetako laboreak erabilita.

Gaur egun, agentzia arrozaren eta arroz-produktuen bidez kontsumitutako Artsenikoaren Arrisku Ebaluazioa egiten ari da. Helburua da atzematea zenbait herritar talderen (haurdun dauden emakumeak, jaioberriak eta haurrak, esate baterako) osasunean eragiten dituen ondoreak aldatzen diren.

Txostena: arrozeko artsenikoaren azterlanaren emaitzak

Informazio osagarria