EFSAren BIOHAZ taldeak, Europako Batzordeak eskaturik, zientzia iritzi hau eman du honako helburu hauei begira:

  1. Bacillus generoaren patogenotasunari eta genero horren birulentzian eragiten duten faktoreei buruzko informazioa eguneratzea, osasunari zenbaterainoko arriskua dakarkion aztertu ahal izateko (bereziki, elikagaietako B. thuringiensis bakterioari erreparatuta).
  2. B. cereus taldeko kideak bereizteko eskura dauden metodo mikrobiologikoak berrikustea, B. thuringiensis bakterioaren anduiak identifikatzeko; eta mikroorganismo horiek sortutako toxinen presentzia identifikatzeko metodoak aztertzea.
  3. Berriz aztertzea B. thuringiensis bakterioaren ingurumen-mailei buruzko egungo datuak eta elikagaietarako transferentziaren tasak.
  4. Zehaztea elikagaietan zenbatekoa beharko lukeen Bacillus eta bereziki B. thuringiensis bakterioen maila gorenak, giza kontsumorako segurutzat jotzeko.
  5. B. cereus, B. thuringiensis eta beste Bacillus spp. bakterioek eta haien toxinek eragindako arriskua kudeatzeko kontrol-aukerei buruzko informazioa eguneratzea.

ONDORIOAK

B. cereus taldearen bidez elikagaiek transmitituriko gaixotasun-agerraldi gehienetan, ikusi da 105 UFC/gramo baino bakterio-kontzentrazio handiagoak daudela. Alabaina, azpimarratu behar da B. cereus-en 103 eta 105  UFC/gramo arteko gaixotasun diarreiko eta emetikoen kasuak jakinarazi direla.

B. cereus bakterioak detektatu ostean, bakterioa kontrolatzeko bide nagusia da elikagaiak eta soberakinak ≤ 7 °C-an hoztuta edukitzea (eta, ahal dela, ≤ 4 °C-an).

Hauek dira beste kontrol-neurrietako batzuk:

  • Tratamendu termikoa
  • Presio hidrostatiko handia
  • Argi pultsatua
  • Irradiazioa
  • Desinfektatzaile kimikoak

Tratamendu horietako gehienak nahikoa eraginkorrak dira zelula begetatiboei aurre egiteko, baina bakar batzuk baino ez dira esporak inaktibatzeko gai. Elikaduraren industriak orain artean erabili dituen bitarteko batek ere ezin du inaktibatu zereulida toxina. Presio eta tenperatura handiko konbinazioak behar dira bakterio-espora erresistenteenak inaktibatzeko.

GOMENDIOAK

BIOHAZ taldeak gomendatu zuen B. cereus taldearen –bereziki, B. thuringiensis-en– agerraldien dosiaren eta erantzunaren arteko loturari eta jokatzeko moduari buruzko ikerketak egitea. Izan ere, ikerketa horiei esker, arriskua karakterizatu ahal izango da, eta bakterio horiek ingurumenetik elikagaietara transferitzen dituzten faktoreak kontrolatu eta ezaugarritu; horrez gain, elikadura-industrian ibilbideak eta Kontrolgune Kritikoak identifikatu ahal izango dira.

Risks for public health related to the presence of Bacillus cereus and other Bacillus spp. including Bacillus thuringiensis in foodstuffs – EFSA 2016