EFSAko Elikakateko Kutsatzaileen Panelak (CONTAM) Zientzia Irizpena eman du, metodologiari begira, animalia-jatorriko elikagaietan baimenduta ez dauden eta farmakologia aldetik aktiboak diren substantzien erreferentzia-baloreak ezartzeko. Horrelakoak dira kloranfenikola, nutrofuranoen metabolitoak, medroxiprogesterona edo malakita-berdea; izan ere, substantzia horiek debekatuta daude eta ez dute Hondakinen Gehienezko Mugarik (HGM).

Argitalpenaren helburua da substantzia horietarako kontzentrazio analitiko bat definitzea. Horrela, ahalbidetu egingo da kontrol-laborategi ofizialek substantzia horiek zehaztea eta behar bezain kopuru txikiak egotea, kontsumitzaileak era egokian babesteko.

Irizpenean hainbat faktore hartu dira kontuan: ahalmen analitikoa, egon daitekeen jarduera farmakologikoa eta substantziaren toxikotasuna. Bestalde, lor daitekeen kuantifikazio-muga txikiena (RALLOQ) identifikatu da, atzemate toxikologikoko balorea (TSV) ezarri da eta substantziaren toxikologian oinarritutako kuantifikazio-muga (TBLOQ) lortu da.

EFSAko CONTAM Panelak TBLOQa eta RALLOQa konparatzen ditu substantzia bakoitzerako, eta ondorioztatu du TBLOQa RALLOQaren parekoa edo handiagoa bada, azken hori erreferentzia-muga gisa onar daitekeela. Alabaina, TBLOQa RALLOQa baino txikiagoa bada, substantzia hori atzemateko metodo analitikoaren sentsibilitatea hobetu behar da. Hobetze hori ezinezkoa bada, beharrezkoa izango da substantzia horren inguruko arrisku-ebaluazio zehatza egitea.

Beste alde batetik, ahalmen genotoxikoa duten substantzia batzuei buruzko informazio toxikologikorik ez dagoela ikusita, Panelak hau proposatu du: atzemate toxikologikoko balore (TSV) gisa kezka toxikologikoko muga (TTC) erabiltzea. EFSAko Zientzia Batzordeak 0,0025 mg/gorputz-pisuko kg/egun ezarri du balore gisa.

EFSAren metodologia