“Baserritik mahaira” estrategiari buruzko gogoetak
Europar Batasunaren Kontseiluak “Baserritik mahaira” estrategiari buruzko ondorioak argitaratu ditu. Elikadura-sistema iraunkorrak garatzeko helburua azpimarratu du, elikaduraren balio-kate osoa kontuan izanda, lehen mailako ekoizpenetik eraldaketa-industriara, kontsumitzaileen egitekoa barne.
Ondorioen bitartez, Kontseiluak eskatzen du zientifikoki irmoak diren ebaluazioak izan daitezela EBren proposamen legegileen oinarria, “Baserritik mahaira” estrategiaren esparruan. Era berean, proposamen legegileak hobetzea proposatzen du, ikuspegi kooperatibo eta koherentea aintzat hartuta, eta, aldi berean, inpaktu-ebaluazioak egitea neurri legegile horiek hartu aurretik.
Ondorioetan, estatu kideek aitortzen dute Europako elikadurak kalitate, nutrizio-balio eta elikadura-segurtasuneko estandar altua duela, elikadura-politikak urteetan aplikatzearen eta elikagaien sektore ekoizlearen ahaleginaren ondorioz. Horrenbestez, orain bereziki garrantzitsua da elikadura-sistemen iraunkortasuna sustatzea, ekonomia zirkularreko ereduekin lerrokatuta. Halaber, garrantzitsua da, batetik, banaketa-kate laburrak sendotzea, eta, bestetik, plagizidak, antimikrobiarrak eta ongarriak zentzuz eta arduraz erabiltzea, elikagaiak era iraunkorrean ekoitzi ahal izateko eta, aldi berean, ingurumena babesteko.
"Baserritik mahaira" estrategiari buruzko biltzarra
Bestetik, EFSAk biltzar bat antolatu du berriki (2020ko urriaren 15ean eta 16an), eta bertan, Europaren elikadura-sistema iraunkorretarako trantsizioarekin lotutako erronkei eta aukerei buruz eztabaidatu da, Batzordeari jarraibideak emateko “Baserritik mahaira” estrategia errealitate bihurtzen laguntze aldera.
Bi egunez, alde interesdun guztietako 1.000 parte-hartzailetik gora elkartu ziren elikadura-sistema iraunkorretarantz aurrera egiteari buruzko eztabaida birtualetan. Besteak beste, hauek parte hartu zuten: agintari publikoak, mundu akademikoko agintariak, elikaduraren balio-kateko kideak (nekazariak, txikizkako elikagai-ekoizleak, ostalariak eta elikadura-zerbitzuetako kideak) eta kontsumitzaileak. Era berean, milaka pertsonak jarraitu zuten ekitaldiaren emanaldia zuzenean.
Konferentziak agerian jarri zuen, hein handian, elikadura-kateko alde guztiek egin behar dutela ekarpena; izan ere, maila batek ezin du besteak gabe bizirik iraun, eta guztiak dira erantzukideak elikadura-sistemak iraunkorrak izatea lortzeko. Hain zuzen, horixe da estrategia horren erronka handia, inor atzean ez uztea. Halaber, berretsi zen osasuna estrategia horren zati garrantzitsua dela, eta “Osasun bakarra (One Health)” ikuspegia beharrezkoa dela elikadura-politika eta -estrategia guztietan. Testuinguru horretan, herritarrak hezi eta informatu egin behar dira, kontsumitzen dituen elikagaiak balioesten jakin dezaten eta elikaduraren bitartez osasuna hobetu dezaten.
Ekoizpenari dagokionez, eta gizarteak aukera osasuntsu eta iraunkorrak eskatzen dituela ikusita, nekazaritzako elikagaien sektoreak lan egin behar du eskaera hori asetzeko, eta, horretarako, ezagutza zientifikoak eta teknikoak baliatu behar ditu, berritzaileagoak, lehiakorragoak eta iraunkorragoak izateko.
Azkenik, gaikako lau saiok eman zioten amaiera biltzarrari. Hain zuzen, gai hauek landu zituzten:
- Elikagai-sistema iraunkorretarako EBko esparru legegilea osatzea.
- Lehen sektorerako aukera ekonomikoak.
- Kontsumitzaileei dieta osasungarriak aukeratzen laguntzea.
- Nekazaritza iraunkorrerako irtenbide berritzaileak.
Saioen grabazioak eta batzarrean erabilitako material guztiak “Baserritik mahaira” estrategiaren Batzordearen webgunean daude eskuragarri.