Behi-esnea kontsumitzearen ondorioz iodoaren aurreko esposizioan egoteko arriskuaren ebaluazioa – ASPCAT 2015
Kataluniako Osasun Publikoko Agentziaren Elikagaien Segurtasunerako Aholku Batzorde Zientifikoak (ASPCAT) txosten bat argitaratu du; bertan, esnean dagoen iodoari buruzko azken datuak eta eduki horietan eragiten duten faktoreak jaso ditu. Era berean, behi-esnea kontsumitzearen ondorioz iodoa hartzeko arriskua ere ebaluatzen du eta dietaren bidez esneak iodoaren ingesta osoan duen eraginaren gutxi gorabeherako kalkulua egiten du. Ondorioztatzen da ez dagoela iodo gehiegi hartzeko arriskurik.
Iodoaren edukian eragiten duten faktoreak
Animalien elikaduran iodo-gehigarriak erabiltzeak nagusiki eragina izaten du behi-esneko iodoaren edukian. Iodo-gehigarrien erabilera araututa dago Europan, eta EFSAk ebaluatzen du, pertsonen osasunaren segurtasuna bermatze aldera.
Behi-esneko iodoaren edukian eragin dezaketen askotariko faktoreen arteko konbinazioak oso zaila egiten du kontzentrazioa estandarizatzea eta kontsumitzaileei elikagaien etiketen bidez jakinaraztea.
Iodo-ingestaren ebaluazioa
Behi-esnea kontsumitzearen ondoriozko heldu eta haurren iodo-ingestaren ebaluazioak ez du inola ere gainditzen iodoaren gehieneko ingesta toleragarriaren (UL) mailaren balioa. Beste alde batetik, elikaduraren bidezko helduen iodo-ingesta osoaren kalkuluak adierazten du probabilitate gutxi dagoela UL gainditzeko. Haurrei dagokienez, ez dago elikagaien kontsumoari buruzko datu nahikorik iodoaren ingesta dietetikoa kalkulatu ahal izateko.
Ondorioak
Eskuragarri dauden datuak ikusita, Batzordeak ondorioztatu du dieta askotariko eta orekatu batean, esnea eta esnekiak zentzuz kontsumitzen badira, ez dagoela inolako arriskurik iodoaren gehiegizko ingesta edo neurriz kanpoko esposizioa izateko.