EFSAren Elikakateko Kutsatzaileen Aditu Taldeak (CONTAM) ebaluazio bat egin du bieirek itsas algen ondorioz dituzten biotoxinak aztertzeko,  eta ondorioztatu du maskorra kenduz gero asko murrizten direla bieiren zati jangarrian dauden toxinen mailak.

Ebaluazio hori egiteko,EFSAk elementu hauen mailei buruzko datuak erabili ditu: azido okadaikoa (OA), yesotoxinak (YTX) eta azaspirazidoen (AZA) taldeko toxinak. Zehazki, bi bieira-espezie aztertu ditu datu horiek eskuratzeko: Aequipecten opercularis eta Pecten maximus.

 

Pecten maximus espezieko bieiren kasuan, analisi estatistikoak agerian utzi zuen bieira osoetako toxinen mailak ez duela 256 μg OA baliok./kg edo 217 μg AZA1 baliok./kg gainditu behar gonadetan dauden toxinen mailak legezko mugen azpitik egoteko. Alabaina, ezin izan zen halako analisirik egin yesotoxinen kasuan, ezta Aequipecten opercularis espezieko bieiren kasuan ere.

 

Eremu jakin bateko edo lote bateko bieirek izan ditzaketen toxina lipofilikoen mailak legezko mugen azpitik ote dauden ziur jakiteko behar den lagin kopuruari dagokionez, EFSAk ondorioztatu zuen hori lagineko toxinen mailen araberakoa dela.  Hori horrela, egoera hauek ezarri zituen % 95ean zuzena den aurreikuspen bat egin ahal izateko:

  • OAren mailak legezko mugaren gainetik edo azpitik badaude % 25eko tarte batean, 10 bieirako lagina nahikoa da.
  • OAren mailak 140-180 μg baliok./kg artean badaude, 30 bieira baino gehiagoko lagin konbinatu batekin probatu beharko litzateke.