EFSAren Arrisku Emergenteen Unitateak lan-talde bat abiarazi du, erleen inguruan argitaratu dituzten balioespen guztiak bildu eta aztertzeko. Lan horren xedea da arlo honetako informazio-hutsuneak eta ikerketa-beharrak identifikatzea.

Lan horren lehenengo zatian, erlezaintzaren sektoreko arrisku-balioespenei buruz EFSAren zientzia-panelek egindako argitalpen guztiak bildu dituzte. Honako hauek dira panel horiek: Animalien Osasuna eta Ongizatea (AHAW), Landare Osasuna (PLH), Genetikoki Eraldatutako Organismoak (OGM) eta Plagizidak (PRAS), bai eta Zientzia Balioespenaren Euskarri Unitatea (SAS) eta Komunikazio Zuzendaritza (COMMS) ere. Guztira argitaratutako 334 zientzia-agiri eta argitaratu gabeko 11 bildu eta kategorien arabera sailkatu dituzte.

Taula batean, berriz, bakoitzaren emaitzak, ondorioak eta gomendioak laburbildu dituzte. Identifikatutako argitalpen gehienak (% 89,6) plagiziden substantzia aktiboak eta OMGak baimentzearen berrikuspenari buruzkoak izan dira. Azken urteotan egiaztatu da argitalpenen helburuak honako hauek izan direla: erleen gaixotasun-arriskuak eta pestizidekiko interakzioa balioestea, polinizazioa zaintzea eta arriskua arintzeko alternatibak aztertzea. Halaber, atzeman da zientzia-komunitateak, arriskuen kudeatzaileek eta, oro har, herritarrek arreta handiagoa eskaintzen diotela gai honi.

Azkenik, bildutako agirien artean, artikulu eta prentsa-ohar mota asko eta informazio-bideoak daude, eta horiek adierazten dute ahalegin handia egiten ari direla erleei buruzko zientzia-ikerketen emaitzak ezagutarazteko.

Lan-taldeak egindako gomendioen artetik, honako hauek dira aipagarrienak:

  • Zabaldu egin behar da balioespenaren ikuspegia, eta beste alderdi batzuk aintzat hartu behar dira, besteak beste: izurriak erregulatzea, lurzorua deskonposatzea eta nutrienteen zikloa edo ura araztea.
  • Elkarlanean aritu behar da erlezaintzaren sektoreko arriskuen balioespen-arloan lanean diharduten Europako beste erakunde batzuekin.

Lan honen bigarren zatian, bildutako informazioaren zientzia-balioespena egingo da, arriskua murrizteko gomendio gehigarriak emate aldera.

Txosten osoa