Bioteknologia aplikatzea Arriskuen Ebaluazioan – EFSA 2013
EFSAk txosten bat argitaratu du, zenbait teknologia “omiko” mota (genomikoa, proteomikoa, metabolomikoa eta transkriptomikoa) jasotzen dituena Txosten horren helburua da Arriskuen Ebaluazioan gerora ezar daitezkeen aplikazioak aztertzea. Txostenean ondorioztatzen da teknologia horiek metodologiako erronka konplexuak izan ditzaketela arriskuak ebaluatzeko orduan, eta era berean arrisku emergenteak identifikatzeko aukerak ere ematen dituela.
Teknika “omiko"-ek oinarrian bolumen handiko datuen analisia dute, eta bioinformatika edota errendimendu handiko teknika azkar eta automatizatuak erabiltzen dituzte informazioa modu koherentean sartzeko. Aipatu teknikak oso sendotuta daude ikerketa-tresna gisa; izan ere, horien bidez zelula zein molekulen prozesuak sakon aztertu ahal izan dira eta sistema biologikoen (molekulen arlokoak) gaineko ezagutza ere gero eta handiagoa da.
Txosten argitaratu berriak bi zati ditu. Lehenengoak zenbait teknika “omiko” deskribatzen ditu, eta bigarrenak Arriskuen Ebaluazioan (arrisku kimikoak zein mikrobiologikoak) izan dezaketen aplikazioa aztertzen du. Horretarako, 300 zientzia-artikulu baino gehiago aztertu dira, eta Elikagaien Segurtasunerako teknika horien aplikazio hauek ezagutzera ematen dituzte:
- Arrisku kimikoak: substantzia kimiko toxikologikoak antzematea, esposizioaren bio-markatzaileak bilatzea eta horien jarduteko modua aztertzea.
- Arrisku mikrobiologikoak: birulentzia eragileak, erresistentzia geneak eta mikroorganismoaren dibertsitate genetikoa antzematea. Nolanahi ere, erronka da oraindik ere andui baten portaera iragar dezakeen informazio genomikoari buruzko datu-basea eskuragarri izatea.
Ondorio gisa esan daiteke Arriskuen Ebaluazioan ezartzeko teknika esanguratsuena eta etorkizun handia duena genoma osorik sekuentziatzearena dela, horren bidez agerraldien kasuan iturriak zein diren jakin daiteke eta. Era berean, arlo genomikoa eta epidemiologikoa konbinatzea benetako erronka bilakatu da arrisku emergenteak goiz antzemateko.