Osasun Ministerioak argitaratu duen informazio-ohar baten bidez, jakinarazten da Osasun Publikoaren Batzordeak erabaki duela 2021eko uztailaren 15era arte luzatzea oraingo bioziden aplikatzaile-txartelen indarraldia.

Ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretuak, Tratamendu biozidak egiteko gaitzeari buruzko araudi erregulatzailea ezartzen duenak, aldi baterako neurri batzuk ezarri zituen, dekretu horren aplikaziorako; hala, oinarrizko txartelei eta txartel kualifikatuei 6 urteko indarraldia ezarri zitzaien. Horrez gain, erkidegoei aukera ematen zien indarraldi hori luzatzeko, txartelak 2016ko uztailaren 14an iraungi ondoren.

2016ko ekainaren 21eko EBAZPENAK, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarenak, zeinaren bidez lau urtez luzatzen baita ingurumenerako eta elikagaien industriarako tratamendu bioziden aplikatzaile txartelen indarraldia, hala oinarrizko mailan, nola maila kualifikatuan (EHAAn argitaratu zen), txartel horien indarraldia 2020ko uztailaren 14ra arte luzatu zuen.

Kontuan hartuta zailtasunak daudela 830/2010 EDak eskatzen dituen profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko eta COVID-19aren eraginez ezohiko egoera batean gaudela, baita egoera horrek aplikatzaileen eskaria areagotu duela ere, Osasun Publikoko Batzordeak, maiatzaren 14an egindako bileran, erabaki zuen egungo aplikatzaile-txartelen indarraldia 2021eko uztailaren 15era arte luzatzea.