Bularreko haurrentzako prestakin hautsen kutsadura-FSA 2014
Esne hauts kutsatua kontsumitzearen ondorioz Cronobacterek eragiten duen infekzioa nahiko arraroa da jaioberrien artean, baina oso larria. Organismo horrek eta beste batzuek eragiten duten infekzioa prebenitzeko, arreta berezia jarri behar da produktuaren formula ekoitzi/fabrikatzean, bai eta berriz osatzean eta kontsumitu aurretik manipulatzean ere.
Badira prozedurak gurasoen esku, esne hautsa etxean segurtasunez prestatzeko eta erabiltzeko. Baina, gurasoen jarrerak eta arrisku horren aurrean duten pertzepzioak eragina izan dezake prestakina behar den bezala prestatzean.
FSAk azterlan bat egin du, Erresuma Batuan prestakin horiek prestatu eta gordetzeaz arduratzen diren pertsonen jardunbideak eta arriskuaren aurreko pertzepzioa zehazteko.
Honako hauek izan dira azterlanaren ondorio nagusiak:
Prestatzeko, manipulatzeko eta gordetzeko jardunbideak, etxean eta etxetik kanpo:
- Metodo asko daude, prestakin hautsak etxean bertan edo etxetik kanpo prestatzeko, manipulatzeko eta gordetzeko. Metodo guztietan erabili zen ur irakina; baina, atzeman zen zenbait metodo/jardunbide ez zetorrela bat Osasun Sailaren eta FSAren gaur egungo orientabidearekin.
- Maiz prestatzen da esne hautsa kontsumitu baino lehen. Gurasoen % 35-40k garaiz prestatzen zuten esnea eta gero gorde egiten zuten, kontsumitu baino lehentxeago prestatu beharrean. Kontuan izan behar da esnea zenbat eta denbora luzeagoan gorde, mikrobio-hazkuntza orduan eta handiagoa dela; batik bat, tenperatura egokian gordetzen ez bada.
- Guraso askok adierazi zuten ezagutzen zituztela gaur egungo gomendioak, alegia, aldi bakoitzean hartualdi bakarra prestatzea kontsumitu baino lehentxeago. Ia guraso eta zaintzaile guztiek pentsatzen dute zaila dela aholku horri jarraitzea. Gainera, ez zuten ulertzen zergatik gomendatzen den elikagaiak kontsumitu baino lehentxeago prestatzea; izan ere, garai batean egokitzat jotzen zen aldez aurretik prestatzea.
- Honako hauen izan ziren atzemandako garbiketa-jardunbide desegokiak: biberoiak uretatik ez pasatzea, ur beroarekin eta xaboiarekin garbitu ostean. Halaber, ia guraso guztiek (% 90) ez zituzten egoki garbitu hari-tapoiaren barnealdea eta kanpoaldea, tetinaren kanpoaldea eta biberoiaren lepoaldea. Hari-tapoian eta biberoiaren lepoaldean pilatu egiten dira elikagaien hondakinak eta mikroorganismoak, baldin eta behar bezala garbitzen ez badira.
- Guraso eta zaintzaile gehienek uste dute zaila dela prestakina 70ºC-tik gora irakin duen urarekin prestatzea. Jardunbide arruntena zen ura 30 minutuz hozten uztea.
Hurrentzako formula hautsak prestatzeko, manipulatzeko eta gordetzeko jardunbideak, ospitaleetan:
- Ama berrien sailetan, jaioberrien unitateetan, zaintza bereziko unitateetan eta pediatria sailetan, batik bat, berriz osatzeko prest dauden eta kontsumitzeko prest dauden prestakinak (beirazko botiletan) erabiltzen dituzte.
- Erizainek uste zuten prestakina segurua zela, behin irekita, denbora-tarte luzeetan (> 4 ordu).
Arrisku mikrobiologikoen pertzepzioa, bularreko haurrentzako prestakin hautsekin lotuta:
- Arrisku mikrobiologikoen ezagutza eza eta ezaxola nabarmena izan zen gurasoen, haurtzaindegietako langileen, eta, neurri txikiagoan, medikuen artean. Gurasoen ia % 75ek eta zaintzaileen % 45-77k uste dute bularreko haurrentzako formula hautsa produktu esterila dela zabaldu aurretik (ez da egia).
- Gurasoen artean, nahasketa dago zenbait alderdiri dagokionez, besteak beste: prestakinen eta berriz osatutako formulen ontziak zabaldu ostean, zenbat denboraz gorde daitezkeen.
Enterobacter sakazakii – FSA
Fitxa-Cronobacter-ELIKA