Campylobacter

Campylobater

Laburpena

Campylobacter spp. da gizakien gastroenteritis kasuetan gehien identifikatzen den agente kausala. Kasu gehienetan, tartean den espeziea Campylobacter jejuni izaten da.

Campylobacter bakterioa animalia osasuntsuen hesteetan egoten da. Campylobakteriosia eragin dezake haragi gordina edo gutxi egindakoa jateak, nagusiki hegaztiena bada. Dena den, tratamendu termikoak (65 ºC-tik gora) inaktibatu egiten ditu bakterio horiek.

Kaltetuenak 1 eta 4 urte arteko haurrak izaten dira, baina azken urteetan helduen artean duen intzidentzia ere areagotu egin da, eta konplikazio larriak eragiten dizkie gainera. Campylobakteriosiaren intzidentzia handia, iraupena eta izan ditzakeen konplikazioak direla eta, garrantzi handia du alderdi sozioekonomikotik begiratuta.

Campylobakteriosi gehienak etxean sortzen dira, Campylobacter bakterioarekin kutsatutako haragi gordina edo gutxi egindakoa jateagatik. Elikagaiak prestatzean higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiei jarraitzea gomendatzen da, eta elikagai gordinak garraiatu eta kontserbatzean hotz-katea ez haustea.

1. Zer da?

Campylobacter animalia osasuntsuen hesteetan dauden bakterioen multzo bateko bakterio mota bat da. Gizakiei transmititzen zaie, nagusiki haragi gordina edo gutxi egindakoa jaten dutenean, eta campylobakteriosi izeneko elikagai bidezko toxiinfekzioa eragiten die.

Campylobacter bakterioa ugaria da naturan, baina nagusiki etxeko hegaztien, behien, ardien, txerrien eta lagun egiteko animalien (txakurrak eta katuak, esaterako) digestio-bidean egoten da. Ur kutsatuaren bidez ere transmititzen da Campylobacter bakterioa, baita lursailen kutsadura fekalaren bidez ere; hala, kutsatutako lursailetan hazten diren edo ur kutsatuarekin ureztatzen/garbitzen diren fruta eta barazkiak ere infekta daitezke.

Bakterioa daraman animalia osasuntsu egon daiteke edo itxura hori izan, baina bakterioa erraz transmititzen zaie gizakiei, toxiinfekzioa sortzeko behar den kontzentrazioa oso txikia baita.

Campylobacter bakterioa animalia ostalarietatik ateratako elikagaietara, hala nola haragira edo esnera, igarotzen denean, azkar ugaltzen da, 37 ºC-ko tenpera optimoan eta oxigeno gutxiko giroetan (hutsean ontziratutako elikagaiak edo atmosfera aldatua).

Elikagaiak hozteak eta gazitze- nahiz ontze-tratamenduek (<% 1,5 NaCl) eten egiten dute Campylobacter bakterioaren ugalketa, baina ez dute desagerrarazten. Izozteak bakterio-populazioaren zati txiki bat suntsi dezake. 65 ºC-tik gorako tratamendu termikoa da Campylobacter erabat desagerrarazteko tratamendu eraginkor bakarra.

Campylobacter generoan 17 espezie eta 6 azpiespezie daude; horien artean, C. jejuni (jejuni azpiespeziea) eta C. coli dira gehienetan gizakien gaixotasunak eragiten dituztenak. C. jejuni etxeko hegaztietan egoten da gehienbat eta C. coli, berriz, txerrietan.

1 taula. Campylobacter hazteko baldintzak.

2. Transmisioa

Campylobacter bakterioa pertsonei transmititzeko hainbat bide daude:

alimento-persona

Elikagaia – pertsona

bakterioarekin kutsatutako elikagaiak kontsumitzeagatik*.

animal persona

Animalia/pertsona – pertsona

animalia gaixoekin edo Campylobacter bakterioarekin kutsatutako kanalekin kontaktu zuzena izateagatik.

Elikagaia/Ura-elikagaia

kontaminazio gurutzatuagatik (ustiategietan, hiltegian, elikagaiak eraldatzean edo etxean elikagaiak prestatzean).

* Elikagaiak dira transmisio-bide nagusia, zehazki gutxi egindako haragia eta haragikiak, eta gordin edo pasteurizatu gabe kontsumitutako esne kutsatua. Ureztatzeko ura eta izotza ere infekzio-iturri izaten dira.

Ciclo Campylobacter

Imagen 1. Campylobacter transmisio zikloa

Hildako animaliak edo horretarako erabilitako kanalak gorozkiekin kutsatuta geratzen dira animaliak hiltzean. Hori dela eta, gutxi egindako oilasko-haragia da Europako campylobakteriosien % 20-30en erantzulea.

 

3. Giza osasunean dituen ondorioak

Campylobakteriosia da Europar Batasunean elikagaien bidez gehien transmititzen den gaixotasuna; urtean 250.000 kasu inguru egoten dira. Dena den, kasu asko ez dira jakinarazten eta EFSAk uste du benetako kopurua urtean 9 milioi ingurukoa dela. Campylobakteriosiak osasun-sistema publikoei eragindako gastuak eta EBko produktibitatean sortzen dituen beherakadak aintzat hartuta, 2,4 mila milioiko galerak sorrarazten ditu.

Gaixotasunaren lehen sintomak kutsatutako elikagaia jan eta 2-5 egun artean agertzen dira. Hala ere, aldi hori 1-10 egun artekoa ere izan daiteke.

Oro har, campylobakteriosia ez da larria izaten. Gastroenteritis akutu baten antzeko sintomak ditu: beherakoa (askotan odolarekin), sabeleko mina, sukarra, buruko mina, goragalea eta gonbitoak. Normalean, 3 eta 6 egun artean irauten dute.

Kasuen kopuruak gora egiten du udan eta udazken hasieran, giroko tenperaturak gora egiten duenean hain zuzen.

Immunitate-sistema ahula duten pertsonek (5 urtetik beherako haurrak, 60 urtetik gorako pertsonak eta immunodeprimituak) campylobakteriosia jasateko aukera handiagoa dute, eta konplikazio larriak izan ditzakete, hala nola bakteriemia (bakterioak odolean), hepatitisa, pankreatitisa (gibela eta pankrea handitzea, hurrenez hurren) eta abortuak.

Infekzioaren ondoren zenbait konplikazio ager daitezke: artritis erreaktiboa (artikulazioen hantura mingarria, zenbait hilabetez luza daitekeena), asaldura neurologikoak (esaterako Guillain-Barré sindromea, arnas- eta neurologia-disfuntzioa eragin dezakeen paralisia, poliomielitisaren antzekoa) eta, oso gutxitan, baita heriotza ere.

CAMPYLOBACTERIOSIAREN INZIDENTZIA

EUROPAKO DATUAK (EFSA 2017)

Prebalentzia altua (2016): 65,5 kasu 100.000 biztanleko.

% 6,1eko gorakada 2015eko datuen aldean.

Kaltetuenak: 1 eta 4 urte arteko haurrak.

Heriotza-tasa baxua (% 0,03).

MUNDUKO DATUAK (OMS 2018)

Prebalentzia baxua (0,1-10 kasu/1M pertsona)

4. Elikagaiekiko esposizioa

Hauek dira Campylobacter bakterioaren bidez kutsatzeko arrisku handiena duten elikagaiak:

Oilasko-haragia eta eratorriak (nagusiki)

Beste okelak

Hegazti, behi, ardi eta txerriaren beste haragi batzuk eta horien eratorriak

Pasteurizatu gabeko esne gordina

Esne gordinez egindako esnekiak

ensalada

Fruta eta barazki gordinak

Entsalada prestatuak

 Moluskoak

sanwichKontsumitzeko prest dauden produktuak

Ura edo izotza

5. Arriskuak aurreikusi eta kontrolatu

5.1. Elikadura-katea

Elikakatearen fase guztietan, ustiategietatik hasita, hilketan eta elikagaien eraldaketa-prozesuan zehar, bai eta ekoizpen-, banaketa- eta biltegiratze-katean ere, higiene eta fabrikazioari lotutako jardunbide egokiak aplikatu behar dira, bai eta autokontroleko sistema bat ere, Arrisku eta Kontrol Kritikoko Puntuen Analisiaren (AKKPA) printzipioetan oinarritutakoa.

KONTROL OFIZIALAK

presentzia duten laginen %

EUROPAKO DATUAK (EFSA-ECDC 2010)

Hiltegian: oilasko-taldeak % 71, oilasko-kanalak % 76

Salmenta-puntuan: oilaskoa % 36,7, indioilarra % 11, txerria % 3, esnea eta esnekiak % 1, kontsumitzeko prest dauden prod. % 2

EUSKADIKO DATUAK (EJKO Osasun Publikoa 2016-2017)

Hiltegian: oilasko-kanalak % 98 (> 1.000 uke: % 15-54)

Salmenta-puntuan: oilaskoa % 80 (> 1.000 uke: % 11), hegaztien beste haragi batzuk % 55 (> 1.000 uke: % 2)

BAKTERIOAREN INAKTIBAZIO-TRATAMENDUAK

TRATAMENDU TERMIKOA

Bakterioa 65 ºC-tik gorako tratamendu termikoarekin ezabatzen da.

ERRADIAZIO IOZINATZAILEA

5kGy-ko dosia nahikoa da Campylobacter bakterioa etxeko hegaztietan ezabatzeko (aplikagarria Frantzian, Belgikan eta Txekiar Errepublikan)

Hauek dira Europan etxeko hegaztietan Campylobacter bakterioaren nagusitasuna murrizteko ezarritako neurrietako batzuk:

Ustiategian

  • Biosegurtasuneko neurriak, bakterioa ingurumenetik ustiategiko hegaztietara transmititu dadila ekiditeko. Kontrol mota hori soilik da bideragarria animaliak esparru itxian daudenean.
  • Garbitasun eta desinfekzio eraginkorrak.
  • Pertsonen eta taldeen mugimenduaren kontrola.
  • Despopulatze partzialak.

Hiltegian

  • Higiene-baldintza onetan dauden animaliak hiltzeak gorozkien bidezko kutsadura murriztu egiten du, baina ez du bermatzen haragian eta haragi-produktuetan Campylobacter bakterioa ez egotea.
  • Indarreko legeriak ezarritako higiene-irizpideak betetzea.

Eraldatze-industrian

elikagai gordinek Campylobacterengandik hartu dezaketen kutsadura (ikusi 4. atala):

  • Elikagaiak modu higienikoan manipulatzea, Campylobacter bakterioaren kutsadura gutxieneko mailan mantentzeko elikagai prestatuetan.

  • Hotz-kateari eustea (6 ºC-tik behera) elikagaiak garraiatu, biltegiratu eta banatzean, bakterioa haz dadila saihesteko.

5.2. Etxean

Hauek dira etxean campylobakteriosia prebenitzeko neurriak:

OMEren 5 gakoak, elikagaiak prestatzerakoan eta kozinatzerakoan higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiak betetzeko:

Erabili ur eta lehengai seguruak.

Garbitu ongi fruta eta barazkiak kanilako ura erabiliz, gordinik kontsumitu behar badira.

Gorde elikagaiak tenperatura seguruetan.

Hoztu elikagaiak 5º C-tik beherako tenperaturetan, Campylobacter hazteko aukerak mugatzeko bakterio horrek kutsa ditzakeen elikagaietan.

Garbitasuna zaindu: desinfektatu gainazala, tresnak eta mozteko oholak.

 

Contaminación cruzada

Bereizi elikagai gordinak eta kozinatuak, kutsadura gurutzatua saihesteko.

 

cocinar competamente

Kozinatu elikagaiak erabat (65º C) eta mantendu bero kontsumitzen diren arte.

Elikagaiak kontsumitu ondoren, hoztu soberakinak albait arinen (<5º C) eta kontsumitu 24 orduren barruan, aldez aurretik berotuta.

 

Elikagaien segurtasuneko erreferentziazko agintaritzek aintzat hartzeko beste jarraibide batzuk ere gomendatzen dituzte:

Hotz-katea mantentzea garraioan zehar, batez ere Campylobacter bakterioarekin erraz kutsa daitezkeen elikagaiei dagokienez.

Kontserbatzeko epeak eta tenperaturak betetzea, bai eta elikagaien etiketetan zehaztutako iraungitze-data ere.

Elikagaiak ez desizoztea giro-tenperaturan, baizik eta hozkailuaren beheko zatian.

6. Legezko mugak

2011n, EFSAk adierazi zuen gizentzeko oilasko-haragiaren kontsumotik eratorritako osasun publikoarentzako arriskuen % 50 baino gehiago murrizteko aukera egongo litzatekeela kanalek 1.000 uke/g-ko muga beteko balute. Era berean, azpimarratu zuen kutsadura-maila ezberdinak daudela (nahiko nabarmenak, gainera) lepo eta bularkiko azal-laginen artean.

2012an, EFSAk gomendatu zuen etxeko hegaztien kanalak ikuskatzeko egungo metodoak egokitzeko, Campylobacter bakterioari dagokionez. Ildo horretan, gomendatu zuen higiene-irizpide bat gehitzea gizentzeko oilaskoen kanalen prozesuan.

Ondorioz, 2017/1495 Erregelamenduak (EB), 2073/2005 zenbakiko Erregelamendua (EE) aldatzen duenak, gizentzeko oilasko-kanaletan Campylobacter bakterioaren zaintzari dagokionez, irizpide bat ezartzen du gizentzeko oilasko-kanaletan prozesuko higienea onartzeko; taula honetan jasotzen da:

ELIKAGAIA Laginketa-plana Gehieneko baimendutako muga Irizpidea aplikatzen den fasea
n c
Gizentzeko oilaskoen kanalak

50

k=20

2020.01.01etik arrera k=15 / 2025.01.01etik aurrera k=10

1000 ufc/g Hozketaren osteko kanalak

2 taula. Elikagaietan Campylobacter onartutako gehinezko muga mikrobiologikoak.